Antzerkiak kaleak hartu zituenekoa

Kontaizu

art20_1.jpg


art20_2.jpg

Urtero legez, eguraldi ona aprobetxatuta antzerkiak aretoetatik kalera egingo du jauzi. Kale Antzerki jaialdien garaia da, aktoreek eta ikusleek bat egiteko unea. Dagoeneko motoreak berotzen hasi da Lekeitioko jaialdia, Euskal Herrian egiten diren kale antzerki ekitaldietatik beteranoena, eta haren lekukoa hartuko dute geure geografian zehar antolatzen diren gainerako topaketek zein jaialdiek. Lekeitio aipatu dugula, apuntatu datak: hilaren 8tik 10a bitartean. 16. edizioa beteko duen honetan, Lekeitioko jaialdiak bi ekoizpen propio plazaratuko ditu: batetik, Euskal Herriko Buruhandien Bigarren topaketa, eta bestetik, Zuberoako Tokia antzerki talde profesionalarekin batera egindako Kautera kale antzezlana. Lehenengoak erraldoiak eta buruhandiak protagonista izango ditu; bigarrenak, berriz, Zuberoako Maskarada. Horrez gain, Mungiako herrian osaturiko Lauaxeta, ez zaitez joan Gernikara opereta ere Lekeition izango da, Txekia, Frantzia zein Kataluniatik gonbidaturiko hainbat antzerki talderekin batera. Eta jakina, Euskal Herriko ordezkariak ere ez diote hitzorduari hutsik egingo. Guztira, 13 konpainiek parte hartuko dute jaialdian: Karromato (Txekia), Elixir (Frantzia), Lionil Pioline (Frantzia), Los Demendez (Katalunia), La Tal (Katalunia), Deabru Beltzak (Bizkaia), Tokia (Zuberoa), Trapu Zaharra (Gipuzkoa), MarkeliƱe (Bizkaia), Panta Rhei (Araba), Azulkillas (Gipuzkoa), Mungiako Herria (Bizkaia), eta Ondalan konpartsa (Bizkaia).

art20_3.jpg

Zalantzarik ez dugu saio guztiak kalitate handikoak izango direla, baina bat nabarmentzekotan zera aipatu digute jaialdiko antolatzaileek: Los Demendez taldearen Bala galdua. Ikuskizun honek gizon bala du protagonista. Fellini zinema zuzendariaren Clowns filmean izan genuen gizon balaren berri, kanoi batean sartu eta hegan ateratzen zen artista. Film hartan Zacchini familia arduratzen zen zirkuko saiorik ikusgarriena antolatzeaz. Bada oraingoan euskal herritar batek gorpuztuko du bala gizona: Kike Salgadok, hain zuzen. Portugaletekoa da bera, baina urteak daramatza Katalunian antzerkian lan egiten. Los Demendez konpainia lagun, Bala galdua ikuskizuna atondu du, zeinetan bera, bala gizona, den protagonista. Haren balentriak ikusi ahal izango dituzue hilaren 9an, Lekeitioko Kale Antzerki jaialdiaren barruan. Informazio gehiagorako, hementxe duzue jaialdiko web orria: www.lekeitiokale.net

Kontaizu

2005, Uztaila 01
Arloa: Arteder