Atasko absurdu bat gogoeta gai

Esti Ezkerra

art23_1.jpg


art23_2.jpg

Veneziako Biurtekotik etorri berritan hasi zen Maider Lopez (Donostia, 1975) Ataskoa proiektuaren nondik norakoak egituratzen. «Ikuspuntu estetiko batetik, autoaren erabileraz, ekologiaz, hiriaz eta landaz zer pentsatua emango zuen ekintza» egin nahi zuen, eta kontuari buelta pare bat eman ostean zera pentsatu zuen: Intzan, Aralar mendikatearen magalean den herrixka baketsuan, atasko bat sortzea. Komunikabideen bidez zabaldu zuen berria: irailaren 18an 150 auto behar zituen Intzan, ataskoa osatzeko. Eguna iritsi arte ez zegoen jakiterik deialdiak arrakasta izango zuen ala ez, eta Lopez urduri antzean zebilen gertakariaren bezperan. Zorionez, gauzak ezin hobeto atera ziren. Intzara heldu eta hainbat eta hainbat auto aurkitu zituzten, artistaren aginduak betetzeko prest. Tokikoek ere beren apurtxoa jarri zuten Lopezen asmoak behar bezala bete zitezen. Mendian, han-hemenka, artistak koordinaturiko hainbat argazkilari zeuden. Berak ikuspuntua eman eta eurek argazkiak atera zituzten puntu ezberdinetatik. Era berean, helikoptero zuzendu batetik ere argazkiak atera zituzten. Eta, azkenik, bideoan jaso zuten ekintza.

art23_3.jpg

«Intza mendira joatea honelako ekintza bat egitera ez da absurdua. Irudia da absurdua. Auto asko mendi batean, dena berdea den eta bake handia dagoen toki batean, eta auto guztiak ezinezkoa den era batean jarrita. Begi-bistakoa da ez dela modu natural batean sortu, artifizialean baizik. Orduan irudia da absurdua eta absurdu horrek eramaten gaitu eszena berrirakurtzera. Zertan ari dira auto horiek guztiak han? Ez du zentzurik», azaltzen du donostiarrak. Intzan jasotako argazkiak eta ikus-entzunezkoak urtarrilaren 8a arte ikusgai egongo da Gasteizko Artium museoan. Dena den, ez da Lopezi zuzenduriko erakusketak biltzen duen material bakarra. «Egiazki, hiru lan aurkeztu ditut bertan: ataskoa, parking batean ateratako argazkiak –lerrorik gabeko parkingak dira denak, araurik ez daukatenak, eraikitzen ari diren hiriak bailiran betetzen dira- eta instalazio bat», esaten du. «Hiru lanen artean bada lotura bat, autoen inguruko pentsaera bat. Berez elkartzen dituztenak autoa eta espazioa dira, autoek sortzen duten espazioa. Ekologia, autoa eguneroko bizitzan eta hori guztia ere lokarria da hiru lanen artean. Eta hori Artium barruan ikus daiteke».

art23_4.jpg

Bai ataskoa bai Artiumen diren gainerako lanek Lopezek esku artean duen "Proyecto coches" egitasmoaren parte dira. Beraz, esan daiteke aipaturikoak atariko bat direla, denborarekin Lopez lantzen joango denaren atarikoa alegia.

Esti Ezkerra

2005, Azaroa 01
Arloa: Arteder