Artea udalekuetan
Arteak ez du bizitzeko ematen. Arteak ezkurrak ematen ditu. idatzi zuen behin Joseba Sarrionandia idazleak. Baina arteak, udan itzala egiten badu ere, balio dezake udako oporrak igarotzeko ere. Arte udalekuak hedatzen hasi dira. Dela antzerkia, dela ikusentzunezkoak, edo arte ederrak. Ez gara zuhaitzpean geratuko, udan lanari ekingo dio gazte batek baino gehiagok. Lekeition, Bernedon edo Donostiako Artelekun. Bizkaiko ikastolen elkarteak Arte udalekuak antolatu ditu Lekeition uztaileko lehen astean. Nazioarteko antzerki
Kalealdia
izaten da garai berean Bizkaiko kostaldeko herri honetan. Ikastolan batuko diren gazteek, antzerki lana prestatu, eta arte honen inguruan murgilduko dira beraien udalekuan zehar. Interpretazioa. Sormena. Musika. Dantza. Eskulanak. Artea azken finean. Giro onean, udako oporretan bezala, eta gainera Lekeition.
Kal[e]art[e]
udalekuen lehen edizioa izango da uda honetakoa, eta emaitza kale antzerki jaialdian bertan plazaratuko da.
Gazte-egonaldiak 07
izena hartu du Arabako ikastolek antolatutakoak, aurten bi txandatan Bernedon batuko dira ikastoletako nagusienak. Gazteenak lehenengo eta batxilerrekoak gero. Ikusentzunezko teknikak baliatu eta film labur bat grabatu eta ekoiztuko dute, Gasteizko Hala Bedi irratian berriz, emankizunak grabatu eta gero aterpean entzuteko. Blogak egiten ikasi, Interneten ibili, mendira joan, eta bizikletekin txangoak. Gazte giroan, eta Euskal Herri osoko gazteen egonaldi moduan.
Egonaldion berri emateko gainera, bideoa ere egin dute arabarrek. Bideoa, zelan ez, Youtuben zabaldu da, eta ikustetsua izan da. Ikastolaz ikastola aurkeztu dute Nafarroako ikastolak eta Seaskako ikasleen artean. Batez ere; Iparraldetik, Nafarroatik eta Arabatik eman dute izena bertara joateko. Adi! Bideoa:
Artelekuko udalekuak
Iaz izan lehenengoz egin zuten. Lehenengoz jarri zen martxan Ia18 ekimena. Gazteei zuzendutako dinamika artistikoa, aisialdikoa… aldizkaria, mugikorrekin grabatutako filme laburrak. Denetarik. Batxiler artistikoa ikasten zuten ikasleen artean zabaldu zuten albistea. Eta hainbat gazte batu ziren Artelekun (Donostia), eta batetik bestere ibili ziren artearen munduan murgiltzen. Ondo pasatu zuten bertara bildutakoek. Interneten jarraitzen du Artelekun hasitakoak.
Aurten nazioartekoa izango da esperientzia. Eta Europa osoko gazteak bilduko dira Artelekun. Ikusteko dago emaitza. Udan adi adi jarraitu beharko ditugu sortzen diren blog, webgune, filme eta besteak. Mugikorrekin grabatutako filme laburrak dagoeneko zintzilik daude eta: Ingurune mobila.