Zuberoako artistak, Hebentik

Patxi Gaztelumendi

art52_1.jpg


art52_2.jpg

Hebentik 2004 urtekoan sortu zen Xiberoan. Artea eraman usaiaz kanpoko lekuetara , herritik eta biztanletatik sortu , ibilaldi poetikoetan sartu Euskal Herriko errealitatean bermatuz. Eta Zuberoako hiriburutik, Mauletik euskarazko sorkuntzak eskaini eta Euskal Herriko beste herrialdeekin partekatu asmo dituzte. Artea zentzurik zabalenean ulertzen dute Topaketak sortu izan dituzte Zuberoako herritxo txikietan eta bertan harreman bereziak sortu publikoa, herriak eta elkartearen artean, baita artista eta biztanleen artean, ofiziozko artistak eta herrikoen artean, tradizioa eta arte garaikidearen artean, hemengo eta kanpoko jendeen artean.

art52_3.jpg

Hebentik elkartean mota guztietako artistak batzen dira. Musikariak, kantariak, antzerkigileak, su artifizialekin sekulakoak antolatzen dituztenak, margolariak… sortzaileak denak. Ez dago dudarik. Herrialde txikia izanagatik ere, artistikoki beti oso garrantzitsua izan da Zuberoa. Fernando Arrabal artista ezagunaren Gernika antzezlana moldatu dute berriki. Iazko urtarrilean hasi ziren antzezlana lantzen. Hasieran frantsesez eman zuten, eta duela lau hilabete euskarazko bertsioari ekin zioten. Horretarako, talde handia osatu dute, Euskal Herriko alde guzietatik bildutakoa. Ramon Albistur donostiarraren zuzendaritzapean bi lagun aritu dira nagusiki, Ane Zabala bilbotarra (Lira) eta Pierre Vissler montoriarra (Pantxo). Mauleko lizeo batentzat hasi ziren Gernika lantzen. Irakasle batek klasean gaia landu zuen, eta ikasleei antzezlana erakustea ongi iruditu zitzaion. Frantsesezko bertsioa plazaratu eta, euskarara moldatzea erabaki zuten, Euskal Herri osoan eskaini ahal izateko. Visslerrek dioenez, gaia interesgarria zen, baina are gehiago gustatu zitzaion Arrabalen aipatzeko modua. «Gertakari latza izanda ere, pertsonaia arruntak dira, eta egunerokoa dute aipagai nagusi».

art52_4.jpg

Uda honetan ere, jaialdiak antolatuko dituzte, Lekeitioko Kale Antzerki emanaldian izango dira. Etxebarren bezalako herri txikitxoren batean zerbait antolatuko dute. Ez dira geldi egotekoak. Fanfarrea dela, kantua dela, margoak direla… Mauleko Matalaz karrikatik Euskal Herri osora hedatuko dute beraien arte sorkuntza. Hebentik edonorat. Internet sarean ere gune bizia antolatu dute. hebentik.wifeo.com

Patxi Gaztelumendi

2008, Ekaina 01
Arloa: Arteder