Leioara ikuskizunez beteta dator Umore Azoka
Kaleko artistak batzen ditu Leioako Umore Azokak. Duela hamar urte egin zen lehenengoz azoka, eta aurtengoa ospakizun urtea izango da. Data jarrita dago: datorren maiatzaren 21etik 24ra Leioako kaleetan hainbat ikuskizun izango dira.
Akrobazia, musika, zirkoa, antzerkia, pailazoak... berrogei konpainia baino gehiago elkartuko dira Leioan. Munduko hainbat tokitatik etorritako artistak izango dira: Japoniatik, Australiatik, Argentinatik, Indiatik etorritakoak... eta Euskal Herrikoak ere, noski, topatuko ditugu Umore Azokan.
Kaleko artistei euren egunerokotasunean laguntzea da azokaren helburu nagusia. Antolatzaileek esan dutenez, asteburu horretan Leioara doanak sorpresa eta dibertsioa aurkituko ditu. Aretoetatik kanpoko ikuskizunen egunak izango dira beraz, maiatzaren 21a, 22a, 23a eta 24a.