Modeloak gaisorik
Egungo munduan ematen dugun irudiak balio du garenak baino gehiago, eta diotenez, ezer ez da dirudiena. Baina hau betidanik izan da horrela, antza. Hori pentsatzera eramaten gaitu behintzat Vito Franco Palermoko unibertsitateko ikerlariak deskubritu berri duenak. Izan ere, giza patologietan aditua da bera, eta dioenez, Mona Lisak kolesterola zeukan.
Mona Lisaren irribarreari buruz hainbat eta hainbat teoria argitaratu izan dira: nola dagoen begiekin serio eta ahoarekin barreka edo alderantziz, edonondik begiratuta ere norberari begira dagoela, begiradan misterioren bat gordetzen duela... orain, bada, Francok argitu duenez, kolesterolak eragindako tumorea omen zeukan begi ondoan eta horrek egiten omen du haren begirada berezi.
Aurpegiko azalaren kolorea, esku potoloak... kolesterolaren arrasto asko aurkitu dizkio Palermoko unibertsitateko irakasle horrek Leonardo da Vinciren koadrorik garrantzitsuenari. Ez hari bakarrik ordea, Velazquezek pintautako Las Meninas koadroan ere patologiak aurkitu ditu.
Margarita infatak tiroidean gorabeherak izango zituela, eta goizetiko nerabezaroari lotutako gaisotasun genetikoa zeuzkala esan du Vitok. Jende askok eskuak burura eraman ditu, baina harrigarria da, koadro batean egindako xehetasunetatik ondorio horietaraino iritsi ahal izatea. Koadroak oso ondo eginda zeuden azken xehetasuneraino, dudarik gabe. Hara ze gauza txikietan ikusten den jenio handien handitasuna!