Erpeak motz

Onintza Enbeita

Gaur ez dugu eskulturaz, pinturaz, arkitekturaz... hitz egingo. Artea izanda, artetzat gutxitan hartzen dugun zerbait dakargu orriotara: zinema. Ez gatoz gainera berri onekin. Metro Goldwyn Mayer (MGM) zinema etxea oso gaizki dabil diruz, eta urteetan pilatutako zorrak ordaindu ezinik dabil. 2010eko uztailaren 15ean izan du azken aukera zorraren lehen zatia, eta dagoeneko sei aldiz eskatu du epea luzatzeko.

1924an zabaldu zituen ateak zinema etxeak, eta harrezkero film garrantzitsu eta famatuak egin izan ditu. Horien artean dira, esate baterako, The Wizard of Oz (1939), Gone with the Wind (1939) eta Ben Hur (1959). Inork gutxik esperoko zuen orduan 2912 milioi euroko zorretan sartuko zenik.

Itoiz taldeak aspaldi kantatu zuen "Metro Goldwyneko lehoia kariesak jota dago...". Etorkizuna ikusi ote zuten Juan Karlos Perez eta bere taldekideek? Akaso bai. Kontua da, zinemaren munduak bere sinbolorik garrantzitsuenetako bat galtzeko aukera daukala; izan ere, fusioa edo salmenta dira irtenbideetako bi, baina erosleek edo bazkide berriek agian ez dute lehoia atera nahi izango berriro.

Kariesarekin edo kariesik gabe, lehoia isiltzeko bidean doa. Urteak baditu egia esan, eta honezkero erpeak kamustuta izan ditzake, baina arazoa ez da adina. Arazoa jabeek dentistari ordaintzeko dirurik ez dutela da.

 

 

Onintza Enbeita

2010, Uztaila 15
Arloa: Arteder