Arte arraroa
Gauza arraroak ikusi ditugu artearen historian, eta egia da lehen koadro abstraktuak inork ez zituela ulertu. Hala ere, Nuno Oliveira artista urrutiegi joan da Nova de Cerveirako bienalean. Izan ere, zazpi oilorekin batera sartu da kaiola batean, eta hantxe egongo da bienalak irauten duen denboran.
"Berdinak garela amets egiten dut" izenburua ipini dio bere performanceari, eta lasaigarriekin eutsiko dio erronkari. Oiloak dira kaiolan hanka biren gainean kabitzen diren bakarrak, eta Oliveira etzanda dago begiak babestuta. Oiloei artistaren emazteak ematen die jaten, eta hantxe egongo da artista artelanaren barruan; kaiolaren barruan.
Gizakiaren, animaliaren, kulturaren eta artearen artean egon daitezkeen berdintasunez gain, krisi garaian jendeak hartzen dituen depresioaren kontrako botika lasaigarriak ere salatu nahi ditu 37 urteko artistak.