Aiteri zor dautsat bertsolari izatea

Kontaizu

bl37.jpg

  • Ibon Ajuriagogeaskoa. 29 urteko Gernikar irakaslea.
  • Bidaiari sutsua da.
  • Aurtengo txapelketako finalistetako bat izan da.
  • Txapelketako berrikuntza izan da bertsozale askorentzat.

 

 

Zelan hasi zinean bertsotan?

Gure familian beti egon da bertsoetarako giroa. Aitite Pedrok eta Balendin Enbeitak Garriko bertso-eskola sortu eben. Ganera, haren kimuetako batzuk bertsolariak izan zirean: aita, Jon, Abel eta Moises Enbeita, esaterako. Enbeitatarren ordezkaritza zabalagaz (Oihane, Onintza, Xabier, Zihara eta Ardatz), Garriko bertso-eskolara joaten hasi nintzen, orduan 11 urte eukiko nebazan. Bertsoak gustuko nebazala gogoan dot, baina bertso munduan inertziz sartu nintzan.

Aita bertsolari izateak lagundu al dautsu?

Nire irakasle biak batez be Jon Enbeita eta Jon Lopategi izan zirean. Dana dala, aitak beti emon deustaz kontseju onak eta ondiño be emoten deustaz. Norberaren egoera ulertzen daben hurbileko pertsona ondoan eukitea beti da lagungarri. Aiteri zor dautsat bertsolari izatea.

Hainbat urte egin dozuz bertsoetatik kanpo. Zer egin dozu denpora horretan?

Karrerako azken urtean, Erasmus programaren barruan, Leipzigera (Alemania) joateko aukerea euki neban. Leipzigeko esperientzia bukatu zanean, Berlinera salto egin eta kontua lau urtera luzatu zan. Urte hareek bihotzean daroadaz eta nire bizitza ezingo neuke esperientzia horreek barik imajinatu. Alemaniako etapa ixtean, Gasteizen beste lizentziatura bat hasi eta urte t’erdi egin nebazan bertan. Euskal Herriko bertsolari asko egozan Gasteizen ikasketak burutzen eta bertso munduko hainbeste jente ezagutzeko aukerea aprobetxatu neban. Gasteizeko abentura amaitzean, Indiara lau hilabeteko bidaia planeatu neban eta horregatik 2004ko txapelketara ezin izan nintzan aurkeztu. Bidaiatik bueltan, Bilbon jarri neban kanpamentua eta Santutxuko bertso-eskolak beso zabalik hartu ninduen. Hasieran, bertsotan ondo pasatzea zan helburua, ezelako asmo handi barik. 2006ko txapelketea hurbildu ahala, zortzi urteren ostean barriz aurkeztea erabaki neban.

Bidaian ibili zinela be badakigu. Zer ekarri dautsu esperientzia horrek?

Bidaiatzea asko gustetan jat, sarri oxigenozko baloi moduan hartzen dot. Eguneroko eskemak apurtzea, kultura eta errealitate barriak ezagutzea, jende ezezagunagaz kontaktuan jartzea, mentalitatez zabalagoa izaten ikastea, norbere ingurua distantziatik ikustea, norbere burua probatzea eta etxera bueltan esperientzia aberasgarria bizi izan dodala sentitzea, niretzako bidaiatzeko prozesuan funtsezko faktoreak dira.

Bertsozale askorentzat aurtengo txapelketako berrikuntzetako bat izan zara. Zuretzako be bai?

Bertsozale askok lehendik ezagutzen ninduen arren, aspaldi ez eukien nire erreferentziarik. Urte luzeetan nire bertsorik entzun barik, oso gatxa zan zertarako gai nintzan jakitea. Nire ondokoak be, entrenetan ondo ibili arren, ez ekien txapelketan zelan erantzungo neban. Eta neuk be ez neukan oso argi zer pasauko zan tablau ganean egotean. Halan da be, finalera heltzea zan nire helburua. Askorentzat sorpresa izan arren, nigaz egon direnantzako ez naz horrenbesteko sorpresa izan.

Bizkaiko zazpigarren bertsolari onena izateak edo zazpigarren sailkatzeak finalean zer ekarri dau zure bizimoduan?

Ni ez naz Bizkaiko zazpigarren onena. Finalean epaileen iritziz zazpigarrena izan naz, baina postuari ez deutsat garrantzi handirik emoten. Egunaren arabera aurrerago edo atzerago egon ahal nintzan. Finalean izatea zan nire helburua eta bertsotan itxura ona emotea. Biak lortuta, poztasun handia hartu dot eta egindako lanak merezi izan dauela konturatu naz. Finalaren ostean, nire bizimodua ez da bape aldatu. Lehengo aldean, bertsozale gehiagok ezagutuko nabe agian eta saio gehiago eukitea posible da, baina bizitzak ez dau aldaketa handirik emongo.

Nola azalduko zaunke finalaren eguna, goizean zer sentidu zendun, kantatzeko momentuan eta behin estenatokitik bajatu ostean?

Goizean lasai egotea ez zan erraza eta kontzentraziñoa ez galtzen ahalegindu nintzan. Euskalduna hutsik erakutsi euskuenean, ez eustan halako inpresiñorik emon. Duda barik, saio aurreko itxaronaldia izan zan txarrena, besteekaz berba egiteko gogo gitxi neukan, kontzentraziñoa mantendu eta denbora osoan zentratuta egon gura nebalako. 1 zenbakidun papertxoa niri tokatu jatanez, eskenatokira urtetan neu izan nintzen lehenengoa. Saioan zehar, nekeagatik begiak apur bat ixten hasi jatazan, horren luze kontzentraturik egoteak azkenean kalte egin eustan. Dana dala, saio txukuna egin neban eta jendeari nire saioa gustau jakon. Nire helburua hain zuzen be hori zan: bertsozaleen artean inpresiño ona ixtea. Lasai geratzeaz aparte, txapelketa luzea amaitzeaz be nahiko poztu nintzan.

Nola deskribatuko zeunke zure burua?

Gurago dot galdera hori ezagutzen nabenek erantzutea.

PUNTUKA

 

BAPATEKO SARIKETAK

Txapelketa nagusiak amaitu arren bertsoaren gurpilak ez dauka etenik. Izan be, negu partean ugaritzen dira bertsolari gazteen sariketak. Lau sariketa jokatu dira orain arte: Nafarroan Mariano Izeta saria Oier Lakuntzak irabazi eban. Bagare sariketa be urtero jokatzen da araban eta aurten Jokin Labayenek irabazi dau, Errenteriako Xenpelar saria Uxue Alberdik irabazi eban eta Iparraldean egiten dan Hernandorena sarian Beñat Gaztelumendi hernaniarrak jantzi eban txapela. Oraindik baina, gipuzkoan be hainbat sariketa geratzen dira, Axari, Idiazabal eta Aztiria lehiaketak Osinalderako baliagarriak direnak eta bizkaian urteroko zita bertsolari gazteentzat, eskualdekako BBK sariketa.

Egilea:

Iñaki Iturriotz

Argazkiak:

Iñigo Azkona

Kontaizu

2007, Otsaila 01
Arloa: Bertsoleku