Irati Astondoa, herri kirolak eta bertsolaritza

Kontaizu

bl44.jpg

  • 16 urteko bertsolari zeanuriztarra
  • Trontzan eta segan be ibiltzen da aite alboan laguntzaile daukala
  • Bertsolaritza eta herri kirolak uztartzen ditu eguneroko bizimoduan eta elkarrizketan be, bi afiziñoeri buruz egin dozku berba
  •  

 

 

Nondik datortsu bertsotarako eta herri kiroletarako afiziñoa?

Bertsotarako afiziñoa eskolan hasi zan. Boskarren mailan Juan Mari Arrizabalagagaz eta Igor Meñikagaz hasi nintzen eskola orduetan bertsolaritza klaseak hartzean eta gaur egun Zeanuriko Bertso Eskolan batzean gara astean pare bat bider lagun taldean. Herri Kirolena barriz aitegandik dator. Txikitatik herri kirolak ikusi eta urretik bizi ostean, azkenean animau egin nintzan eta baita gustatu be.

Irailean gagoz, baina atzerantza begiratu bat botata uda be hortxe joan jaku. Ze plan izan dozu aurtengo udan?

Udan aipatzeko modukoak, herri kiroletan egin doguzan saioak eta segalariok Austriara egin genduan bidaia. Euskal selekzio moduan joan ginen bost neska eta hamar mutil. Sailkapenetan nahiko txarto geratu gara baina juerga eta festa ederrak izan doguz. Bertsotan barriz, aurten ez dot astirik hartu baina udalekuetara joan ezaren peneagaz nago. Hurrengo urtean badaukat joateko asmoa izan be, lagun asko eta onak egiten direalako eta bertsotan be asko ikasten da.

Eta aurrera begira, ikasturte honeri begira, zein da zure asmoa?

Ikasturte honetan, lehenengo eta behin ikasketak aurrera atera gura dodaz, DBH 4en mailea gainditu eta trontzan be entrenatu Euskal Herriko eta Bizkaiko txapelketak prestatzeko. Bertsotan be egin gura neuke txapelketen aurretik, ia gazteon eskualdekako txapelketan finalera heltzean dan gure eskualdea eta eskolartekoetan be badekot esperantzea zeozer egiteko.

Bertsoak edo herri kirolek, zeinek dauka entrenamendu gogorragoa?

Biek esango nauke nik. Bertsotan egitea gogorra da plazan asko arriskatzen dalako, nerbioak be gehiago izaten dira eta herri kirolak be entrenamendu gogorrak eskatzen ditu, jende aurrean saio polit bat urtetako asko entrenatu behar dalako.

Zein bertsolari dozu gustoko?

Bertsolari gustoko ez dekot inor, baina baten bat aukeratu behar badot, Jon Maiagaz geratzen naz bere kantetako erea eta doinua gustatzen jatazalako.

Bertsolaritzeak zer emon dotsu?

Bertsoak gauza asko emon doztez. Lagun asko ezagutu dodaz, hizkuntzea aberastuteko balio izan dozte, leku desberdin askotan egon naz eta juerga asko be emon doztez.

Non izaten dozuz nerbio gehiago, bertsotan ala segan?

Nerbioak zalantza barik bietan izaten dodaz beti norberan onena emon gura izaten dozulako baina bertsotan gehiago. Bertso kantetan zagozanean, postura bat izan behar dozu, ez dakizu zure gustoko gaie tokatuko jatsun, edozein papelean kantatu behar dozu eta herri kirolean aldiz, beti bardina egin behar dozu, ondo nahi txarto.

Non lortuko dozu lehenengo txapela?

Lehenengo txapela herri kiroletan lortuko dodala pentsetan dot ze bertsotan nahiko gatx dago. Maila handia dago gazteen artean, ikusita hor dagozan Itxaso Paia, jone Uria, Arrate Illaro... trontzan fazilago ikusten dot.

PUNTUKA

G PUNTUA G puntua, izen horregaz hasi da Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa 2007. Hainbat bertsolarik, gazte zein heldu, hartuko dabe parte. Bide luzea aurretik, kanporaketetan kantari dagozanetatik aurrera egingo daben bertsolarien multzoa txikituz joango da. Final laurdenetan hogeita hamar bertsolarik kantatuko dabe, final erdietan hamazortzik eta finalean aurtengo bertsolaririk onenak ikusteko aukera izango da. Gauza bat segurua da, txapeldun barria izango dauala Gipuzkoak, izan be, Maialen Lujanbio egungo txapelduna ez da aurkeztu. Finaleko bertsolarien taldea zein izango dan edo txapeldun barria nor dan esateko erabili txapelketaren foroa. www.gpuntua.com

Kontaizu

2007, Urria 01
Arloa: Bertsoleku