Duela lau urte baino gehiago dot entzuleriari emateko
- Jon Martin
- 26 urteko Oiartzuarra, bertsolaria eta idazlea
- Gipuzkoako txapelketako azpi txapelduna da egun
- Indian egon da denboraldi batez eta hango kontuez gain txapelketari buruz be egin dozku berba
Nondik jatortsu bertsotarako zaletasuna?
Ez jatorta familiatik. Ez dago inor familian bertsolaritzara bultzatu nauena. Ikastolan izan neban lehen kontaktua bertsolaritzeagaz eta handik bertso-eskolara bideratu gintuen nahiko ondo moldatzen ginenak. Han ikasi neban bertsotan Karlos Aizpuruagaz. Berehala ikasi genduan bertsoak osatzen. Halan da bere, garai hartan ez jatan saioak entzutea gustatzen. Kantatzea gustatzen jatan; entzuten aspertu egiten nintzen. Hortik urte pare bateraedo hasi nintzen entzule bezala be gozatzen.
Gipuzkoako txapelketa ate joka dozue. Zein helburugaz aurkezten zara txapelketara?
Final-laurdenetako saioa jokatu ostean, badirudi hurrengo fasean sartuko nazela. Horixe zan nire helburua: Saio on bat egin, Euskal Herriko Txapelketarako sailkapena lortu, eta nire buruari finalerdietako saio polit bat erregalatzea. Hortik aurrera, finalera barriz iristea ederra liteke. Duela lau urte ikaragarri gozatu neban. Gauzak ondo badoaz, konfiantzaz banabil, gauza berri batzuk probatzera arriskatuko naiz akaso...
Jende askoren ahotan dabil zure izena faborito lez. Zer diozu zuk?
"Duela lau urte txapeldunorde izan zan, aurten txapelduna ez da aurkeztu, beraz, berak izan behar dau txapeldun". Ez jata serioa iruditzen. Bertsoa hori baino konplexuagoa da. Duela lau urte baino gehiago dot entzuleriari emateko, baina denbora danentzat pasatzen da eta danok hobetu dogu. Faboritoak Mendiluze eta Maia dira, lau urtetan demostratu dabe plazaz plaza. Besterik da faboritoak irabaziko duen...
Indiatik etorri barri zara. Zelan ikusten da gure herria kanpotik begiratuta.
Indiak kanpora begiratzen baino gehiago laguntzen dau barrura begiratzen. Indiako filosofia nagusien arabera ezin da ulertu Euskal Herriko egoera. Indiarrak, orohar, sumisoak dira oso. Eta beraien herriaren independentzia atzo goizeko zerbait izan arren, asko kostatzen jake egoera hau ulertzea. Nik internet bidez jarraitu dut prozesua. Urtarrilan, joan nintzenean, gauzak blokeatuta zeuden, baina itzuli naizenerako egoera lehertuta aurkitu dot. Bertatik gatxa izaten da egoeraren benetako egoera zein den asmatzea politikoen berbetatik harago. Susmoa dot momentu honetan kolpeak kolpe, uste duguna baino hobeto dagoela egoera sakon-sakonean.
Zer hartu emon izan dozu bertsoagaz kanpoko egonaldian?
Bertsoa.com, gutagutarrak.eu,... gehien bisitatu dituena ni izango nintzan seguraski, baina horretara mugatu da nire bertsoarekiko harremana. Saiatu nintzan txapelketa prestatzen bakarka, baina kantukideak, eta txapelketako prestakuntzaren inguruan sortzen dan giroa falta jatazan; azkenean, prestatu barik etorri naz.
Liburu bat be idaztekotan zagoz. Zein da liburuaren haria?
Erotasuna. Izenburua ERO izango dau. Hogei bat ipuin labur izango dira. Gero eta indibidualistagoa den gizarte honek sortu dituen paranoia, erokeri, erotasun eta intseguritateak biltzen ditu. Pertsonaiakaz identifikatuta sentituko da irakurlea askotan, ez baitira ero-etxeetako eroak, zu eta ni bezalako eroak baizik.
Prosan edo poesian, non moldatzen zara hobeto?
Bertsotan ondoen, gero prosan eta gero poesian. Nire erosotasunaz ari naiz, noski. Nik sortutakoa hartzen duen pertsonaren eskutan uzten dut beste erantzuna.
PUNTUKA
Gu ta Gutarrak Bertso barriak eta lagun zaharrak batu dira Guta gutarrak taldearen disko barrian. Hamaika kantutan bizimoduaren alde desbardinak lantzen dabez Josu Zabala, Igor Elortza, Unai Iturriaga, Aitor Rubio eta Xanpe musikariek. Herriz herri ibiliko dira aurrerantzean bere beraien ikuskizuna zabaltzen.
Egilea:
Iñaki Iturriotz