Txapelketek gauza bat daukie ona, parte hartzea ez da derrigorra

Kontaizu

bl46.jpg

  • Unai Iturriaga, aurkezpenik behar ez dauan durangarra
  • Plazaz plaza etenik barik dabilen bertsolaria
  • Euskal Herriko Txapelketa Nagusian bigarren geratu zan 2005en urtean
  • Gu ta Gutarrak taldearen sortzailea eta kantaria

 

 

Zelan gogoratzen dozu jende aurreko zure lehen saioa?

Hamahiru urte nebazan eta oker ez banabil Izurtzako frontoian izan zan. Sei lagun genbilzan orduan Santi Belar Begi zanagaz bertso eskolan: Ainhoa Munitxa, Larraitz Zarrabeitia, Izaskun Ellakuriaga, Unai Esturo, Igor Elortza eta seiok. Bertsoak buruz ikasita eroan genduzan eta egin genduan aldrebeskeriaren bat edo beste, bertso baten erdia eta beste batena nahastu eta horrelakoak. Hori bai, oso gogoan dodana da milana pezeta eman euskuezala saritzat. Urte hartan Durangoko Liburu eta Diskoen azokak saiakera bat egin eban udabarrian beste azoka bat antolatuz euskarazko produktuakaz bakarrik. Santi Begik utzitako beste ehun pezetagaz Hertzainaken Salda badago diskoa erosi neban. Mila eta ehun pezeta balio ebazan dirutan baina bestelako balioa hartu eban!

Bertsozale askoren erreferentzi zara. Pisu handia al dauka horrek zuretzat?

Bai eta ez. Kontua ez da pisua edo karga izatea ze hori negatiboa izan ohi da normalean. Kontua da jendeak deitu egiten dautsula eta horrek beti sortzen dauala ardura bat eta kezka bat egiten dozunarekiko. Azken batean, zu aukeratu zaitue eta ez beste bat. Zaleari erantzun gura dautsazu baina bertsoa, bat-batekoa izaki, ez da beti ordain segurua. Hori izaten dogu danok kezkarik handiena baina, osterantzean, bertsolariak libre sentitu behar du egin gura duen hura egiteko jendearen estimua kolokan jartzen ete dauan pentsatu barik. Gainera, nik uste horixe dala zaleak eskertzen dauana.

Bertsotan gai batzuk tratatzea errazagoa ete da berbaz baino?

Ez dau zetan. Are gehiago, sarritan gaiak korapilatsu samarrak direanean, arriskua izaten dozu bertsoaren beharrek (errima, neurria...) esan gura dozuna baldintzatzeko eta beharbada, modurik zuzenenean ez adierazteko. Berbaz beti dago zuzentzeko modua baina bertsotan esana hor geratzen da. Dana dala, orohar, uste dot zaleak badakiela hori bereizten.

Bertsotan ari zarenean Unai ren ahotsetik kantatzen dozu ala beste papel bat hartzen dozu?

Gaiaren arabera. Fikzioan ari zarenean fikzioan ari zara eta agindu dautsuen roletik kantatzen dozu. Ukaezina da, bestalde, bertsoa zure burutik ateratzen dala, beraz, badau zeozer zuretik be baina ez dau esan gura esaten ari zaren hori sinesten duzunik. Neuretik kantatzeko eskatzen daustienean halan egiten saiatzen naz baina danok aldatzen gara zeozer oholtzatik etxera, edo lanetik etxera, edo ikastolatik etxera…

Zenbat saio egin dozuz aurten? Zer moduzkoa da plazaz plazako jarduna?

Zehatz-mehatz ez dakit baina bertso-plazak eta Gu ta Gutarrak batuta ehunen, laurogei laurogeita hamarren bueltan ibiliko nazela uste dot. Plazako jardunaren nolakotasunari buruz berriz, bada, oso gorabeheratsua izaten da. Batzutan oso ondo, beste batzutan ez hainbeste, hurrengoan beharbada txarto… Eskizofreniko samarra ere bada batzuetan herri bakoitza bat eta bakarra dalako, jendea be aldatzen dalako… Baina hortxe dago gure ibileraren xarma. Azkenerako engantxatu egiten dau bat.

Bertsolari ez ezik kantaria be bazara. Gutagutarrak taldeagaz disko bat atera dozue. Nondik sortu da proiektu hori?

Ez, ni ez naz kantaria kontsideratzen inondik inora. Gure bertso musikatuen emanaldian ahalik eta ondoen egiten saiatzen naz baina badakit non nagoen. Gu ta gutarrak-en proiektua barriz, Josu Zabala, Igor Elortza eta hiruron buruetan sortu zan. Aurretik 7 Eskale proiektuagaz bi emanaldi prestatu genduzan eta baita bi disko egin be. Zazpi-zortzi urteren ostean, berriro sartu jakun arra eta aurreko esperientzietan ikasitakoa baliatuz, barriz be erasora jotzea erabaki genduan. Eta hor ari gara, plazer handiz!

Ze asmo daukazue etorkizunera begira?

Guk, printzipioz epe muga bategaz planteatzen dogu proiektua. Hau da, gu ez gara musika talde bat eta ez gara ari aldiro kantu barriak sortzen. Emanaldi bat prestatu dogu eta hori ahalik eta herri gehienetan ematen saiatuko gara 2008ko uda bitartean. Gero zer etorriko dan? Auskalo!

Ez dut sobera maite proban jar nazaten, banaizen dezakedan edo enezaken... diño zure kantaren letrak. Ze eritzi dozu txapelketen ganean?

Txapelketak alde askotatik aztertu daitekez: bertsolariaren aldetik, zalearen aldetik, gizartera proiektatzen dozun irudiaren aldetik… Nik, azken batean, bizitza osoa daroat txapelketetan, hasi eskolartekoetatik, Bizkaikoetatik pasa eta Euskal Herrikoetaraino. Bakoitzak ikusi behar dau zelan hartu txapelketak, beti ez datozelako zuk gura dozunean eta gauzak ez direlako sarritan bakoitzak gura bezala ateratzen. Dana dala, txapelketek gauza bat daukie ona: parte hartzea ez da derrigorra.

PUNTUKA

Agur esateko festa Azaroaren 24an, Gernikako Harizpe tabernan esan eutsien agur euren ikuskizunari. Iratxe Ibarra, Onintza Enbeita eta Oihane Perea bertsolariek azkenengo aldiz jantzi ebezan lumak zein kabareteko trapuak eta bertso, kanta eta musikaz amaitu eben Euskal Herriko herri eta auzo desbardinetatik egindako ibilbidea. Umoretsu, giro onean hainbat bertsozale eta lagunegaz batera itxi ebezan kabaretaren ateak.

Egilea:

Iñaki Iturriotz

Kontaizu

2007, Abendua 01
Arloa: Bertsoleku