Jazzak liluraturik

Kontaizu

bm05_1.jpg


bm05_2.jpg

Asko dira jazzaren jatorriaren nondik norakoak zehazten ahalegindu diren musika adituak. Alabaina, ez dirudi kontu erraza denik. Dauden datu apurren arabera, 1895 eta 1917. urte bitartean hasi zen jazza estreinako urratsak ematen, Estatu Batuetako New Orleans hirian, komunitate beltzaren inguruan. Estreinako doinu haiek blues, ragtime, brass eta musika espiritualetik edan zuten batik bat. Zergatik agertu zen jazza New Orleansen eta ez beste tokiren batean? Len Weinstock musika historialariaren arabera, urte hartan hiri horretan eman ziren baldintzak ezin ziren beste inon aurkitu. Denbora luzez, New Orleans Frantziako eta Espainiako arautegien pean egon zen. Beltzen populazioa nahiko handia zen, baina haien artean bi multzo handi zeuden: batetik, kreolloak edo frantsesez eta espainieraz mintzo ziren beltz libreak zeuden (hiriaren ekialdean bizi ziren, zonalde frantsesean, nahiko eremu aberatsa zen), eta bestetik askeak izan bai baina erabateko pobrezian murgildurik zeuden beltzak zeuden (bestaldean bizi ziren). Kreolloek kultur jardueretan parte-hartze handia eduki zuten, eta musikari kreollo askok Parisko Musika Eskola garrantzitsuenetan ikastera joan ziren. Europako musika ezin hobeto ezagutzen zuten, eta hango estiloak jarraitzen ahalegindu ziren. Bien bitartean, eremu pobrean bizi ziren beltzek ez zuten heziketarik jaso. Oroimenean eta bat-batekotasunean oinarrituriko musika lantzen zuten (gaur egun blues eta gospel bezala ezagunak diren doinuak), eta beren estiloa gaizki ikusita zegoen goiko klasekoen artean. 1894an arrazakeria eremu osora zabaldu zen, eta orduko legeek debekatu egiten zuten beltzak eta zuriak elkarrekin bizitzea. Beraz, kreolloak beltz pobreen eremuetara bidali zituzten. Hasieran, kreolloei ez zitzaien ideia bat ere gustatu, baina berehala integratu ziren komunitatean. Bi kulturen nahasketatik (kreolloena eta beltzena) sortuko zen jazza.

bm05_3.jpg

Hastapenean, jazza beltzen musika kontsideratzen zuten, sarritan bigarren mailakotzat joz. Baina denborarekin, jazzak arraza bereizketa oro gaindituz joango zen, goi mailako musika eredu kontsideratua izateraino. Gaur egun, posible da agertoki gainean zuriak eta beltzak elkarrekin jotzen ikustea, jazzaren doinupean. Ez dago urrutira joan beharrik horretaz jabetzeko. Hain zuzen, Euskal Herrian bertan aurki ditzakegu esandakoaren adibideak, udari begira Getxon (www.getxo.net), Gasteizen (www.jazzvitoria.com), Donostian (www.jazzaldia.com) eta Baionan antolatzen dituzten jaialdietan. Lau jaialdi Euskal Herria bezalako lurralde txiki batean! Askotxo, ezta? Gurean dagoen jazz zaletasunaren froga besterik ez dugu. Entzun ez ezik jo ere dezente jotzen da jazza, eta jaialdirik ez dagoen hilabeteetan tabernetara abiatzen dira halako doinuekin gozatu nahi duten musikari eta entzuleak. Alabaina, oraindik taberna gutxi batzuk dira urtean zehar jaieldien lekukoa hartzera ausartzen direnak. Eta musikariak aipatu ditugula, ezin gara kexatu etxean dugun harrobiaz. Iñaki Salvador, Iñaki Tejada, Jon Urrutia... Egia da haietako askok kanpora jo behar izan dutela, Bartzelonara batik bat, trebakuntzari begira Euskal Herrian oraindik gauza asko egiteko daudelako. Hain zuzen, Euskal Herria jazz musikari sehaska ona zela-eta, Gaztelupeko Hotsak Errabal zigilua (www.hotsak.com/Errabal) eratu zuen orain dela bi urte, eta lehen pausua Miren Aranburu Ensembleren Gorri isila diskoa kaleratzea izan zen. Haren ondotik, Errabalek Bartzelona, Madril eta Boston artean trebaturiko Sant Pau 44 Quartet Gasteizko laukotearen lana jaso zuen, eta dagoeneko zigiluaren hirugarren proposamena kalean izango da hil honetan: Home made- Etxean egindakoa. Azken horrek, Jon Urrutia piano jolea du protagonista.

Kontaizu

2004, Martxoa 01