Euskal literaturaren ataria
www.basqueliterature.com ekimena EIZIE Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkarteak bultzatuta sortu zen eta kanpoko jendeari begira pentsatuta dago, euskal literatura kanpoan ezagutzera emateko. Euskal literaturari buruzko argibide orokorrak ageri dira bertan: euskal literaturaren historia laburra, euskarara edo euskaratik itzulitako literaturari buruzko informazioa, euskal liburugintzaren merkatuaren ingurukoa...
Ataria lau hizkuntzatan irakur daiteke: euskara, gaztelania, frantsesa eta ingelesa. Bestalde, webgunea lau atalez osatuta dago: literatura, katalogoak, loturak eta albisteak.
Literatura
Atal honetan, euskal liburugintza, euskal literaturaren historia eta itzulpengintza arloei buruzko xehetasunak daude. Bestalde, gure literaturaren bilakaera baldintzatu duten gertakari sozio historikoei buruzko hausnarketak jasotzeko atala ere bada.
Katalogoak
Euskal egileei buruzko argibideak aurkituko ditugu atal honetan, batzuetan bideo eta audio grabaketekin osatuta. Genero desberdinetan esanguratsuak diren hainbat euskal egileren biografiak eta bibliografiak ere, berton aurkituko ditugu, baita euskeratik eta euskerara itzulitako obren datu basea ere. Datu base hori liburu berriak sortu ahala osatzen doa.
Albisteak
Atal honetan euskal literaturaren munduko berriak irakur ditzakegu. Atal horren zati bat webgunearen lehen orrialdean dago ikusgai, sortutako azken albisteekin.
Loturak
Gunean honi dagokionez, hainbat alorri buruzko estekak bildu dituzte: aldizkariak, argitaletxeak, elkarteak, erakundeak... Loturekin batera, bakoitzaren ezaugarri laburra ere jaso dezakegu.
Webgunea tresna egokia da euskal literaturaren ikuspegi orokorra modu bateratuan jaso ahal izateko. Diseinu erakargarri eta errazarekin, euskaraz egiten den -edota euskarara itzultzen den- literaturara hurbiltzeko eta gaiaren inguruan sakontzeko aukera paregabea eskaintzen digu.