Hitz egin ezazu idazleekin
Literaturgileengana hurreratzea proposatzen duen 'Eztabaidak Literaturarekin' ekimenak bigarren denboraldia hasi du Toti Martínez de Lezea eta José Luis de Corral idazleek eleberri historikoaz eskaini duten mintzaldiaren bidez. Otsailean, programak Kirmen Uribe eta Vicente Molina Foix elkartuko ditu fikzioaren mugak azter ditzaten, eta martxoan, Bernardo Atxagak eta Joxemari Iturraldek irakurtzeko eta idazteko ekintzaz hitz egingo dute.
Topaketa guztiak asteartez, 19:30etik aurrera, egingo dira Bilboko Bidebarrieta Liburutegiko ekitaldi aretoan, hileroko maiztasunaz eta kazetari espezializatu baten aurkezpen eta gidaritzapean.
'Eztabaidak Literaturarekin' iazko otsailean abiatu zen Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoan, eta harez geroztik, honako idazle-bikoteak izan ditu hizlari: Ramiro Pinilla eta Harkaitz Cano, Ana Maria Moix eta Luisa Etxenike, Alfonso Sastre eta Carlos Gil, Belen Gopegui eta Iban Zaldua, Luis Eduardo Aute eta Ruper Ordorika, Juan Manuel de Prada eta Aitzpea Goenaga, Juan Bas eta Juan Madrid, Fernando Aramburu eta Pedro Ugarte, eta Luis Sepulveda eta Unai Elorriaga.
Ekimen hau idazleengana hurbiltzeko era berri eta berritzailea da, aldez aurretik aukeratutako aztergai bati buruz hitz egiteko gonbita luzatzen diena. Idazle bakoitzaren azken lana aurkeztu beharrean, horixe izaten baita jendeak idazleekin lotura izateko duen aukera bakarrenetarikoa, irakurleen interesekoak izan daitezkeen gaiak eztabaidatzea proposatzen die. Programaren helburua punta-puntako idazleekiko elkargunea sortzea izan da, idazteko ofizioarekin zerikusia duten gaiak elkarrizketaren bidez aztertuz.
Topaketa hauen lehen edizioak harrera bikaina lortu zuen 2008an jendeari dagokionez, guztira 1.300 lagun inguru erakarri zituelarik. Ea aurtengoan marka hori hobetzen den. Anima zaitezte!