Haizearen Letrak

Udane Goikoetxea

Haizea isilik, bare dago. Etorriko da? Eroango dau?

Ilun eta argi. Pentsakor. Isil eta barritsu minutu laburrez.
Etorri zan. Haize isil eta barea indartsu etorri zan. Haize harek eroan eutsan bizipoza. Eta, bai, irribarrea beragaz batera. Munduko letra guztiak eroan zituen.

Orain ez dago haizerik. Haizea hara eta hona dabil. Sasoien araberako olgetaldiak egiten ditu haizeak. Isil batzutan, zaratatsu besteetan.
Orain ez dago haizerik. Itzuliko da? Eroango dau?
Beharbada...ekarriko deutsaz lapurtutako letrazko amesetak. Letrak.

Hilabete hotzeko haizeak laztandu deutso azala, azal ahula. Goizik argiena izan daiteke. Txoriak kantari. Arbolak disdiratsu. Errekea joanean. Edo ilunena. Txoriak isilik. Arbolak biluzik. Errekea lusotuta. Eta han, han bera haizearen laztan artean pentsakor. Ia galdu dau begiradea. Ia eten da arnasea. Begiak itxita darabilz barruan pentsamendu mingorrak, letren dantza ahaztuak. Bedarrak ia hatzamar dira oin azpietan. Haizea baino ez da entzuten. Beronek eroan dau negarraren hezetasuna begi argietatik. Betiko itaunen ohiartzuna bihotzean. Betikoak lehenengoz buruan barik bihotzean. Zergatik? Zergatik orain? Zergatik holan? Zergatik?

Itzuliko da haizea?
Segunduak, minutuak, orduak, egutegiko orriak joanean doaz.
Hilabete hotza itzuli da.
Zein egunetan ekarriko deutsaz haizeak lapurtutako letren magia eta adorea?
Zenbat urtez itxaron behar da?


Letrak. Liburuak, aldizkariak, artikulu sinpleak...Letrak. Letra bako mundua.

Natura zuhurra da. Itsasoa gora eta behera, ilargia eta eguzkia txandaka olgetari zeru aldakorrean. Arbolak jantzi eta biluztu egiten dira. Txorien kantak bizi dira batzutan, urruneko nota besteetan. Natura zaharra eta zuhurra da.
Baina haizeak laztandu zein bota egiten ditu sustrairik sakonenak daukezan arbola sendoak. Haizeak daroana gero ekarri dakar?

Haizea indartsua da bere ahultasunean.
Ez, gogoetok ez dira indartsuak ahultasunean.
Barrua ezin hustu eguneko segundu, minutu, ordu gehienetan. Isiltasuna bakearen sinonimo da gehienetan, ez oraingoan. Gaurik amesgarrienean, errekeak itsasorako bidea lasai egiten dauanean...orduan bere isiltasuna barruan. Letrarik ez.

Haizea ibilian dabil. Orrialdeok bere eroango leuskidaz erreka barera.
Begiradea galdu eta arnasea hartu. Eskuak hotz hilabete beroan. Baina, bai, laztandu nei aurpegia. Letrok ezin kendu deustaz haizeak besteak kendu eta kenduko deustazan moduan. Baina, zer dira letrok zeuen begirik gabe?

Interneten ez dabil haizerik. Letrak hemen ziren. Dira. Izango dira.

Udane Goikoetxea

2009, Otsaila 02
Arloa: Arteder