Goizean jausi egin naiz. Min hartu dot.

Udane Goikoetxea Bilbao

Erori eta ingurura begiratu dot.

Beste perspektiba bat hartzen da.
Behetik gora begiratu; ez da bardin behetik gora edo goitik behera.
Ez da gauza bera.
Lurrean. Jausi, zelan jausi naizen pentsatu gura izan dot baina ezin gogoratu, ezin akordatu.

Eskuetan liburu bi euki ditudala badakit.

Bata, lepidopteroen ingurukoa. Euren hegoak baneukaz...
Bestea, Eroriaren logika.
Juanra Madariaga. Susa.


 

Era honetara zabaltzen da liburua:

IRRIBARREA ETA ZU

Norbaitek bizitzaren zuloa askatu eta
hustasunean puntu kromatikoa eraiki du.
Dena arrazoituz apurtu nahi ditut
patuaren alanbreak, borrokatu,
gero eta hutsalagoa izan arren.
Ez dut ezer ere egin baina
itxituraren barruko zerbaitek
krak egin duela barrundatu dut;
nire ordena okerra okerragotu da.
Honelako zerbaitek hustu ditu begietako errekak
eta kalamitatearen tiroak
erabat hondatu dizkit saihetsak.

Mahai gaineko argazkia begiratu dut:
biok agertzen gara.
Orain argazki horretan
bi gauza daude soberan.

 

'Nahasmen infinitua da bizitza. Istripu txikiak'. Horixe dino autoreak zortzigarren poemarioa aurkeztean.

Liburuak hiru atal daukaz.
Lehenengoa, orekaren estrategia. Bost urteko prozesuan batutako poemarik zaharrenak dira. Amildegitik hur dagozanak.
Bigarrena, denboraren kosmetika. Gomutak, ahanzturak eta orekari eusteko kemena ditu gai.
Hirugarrenean, Limoien aroan oraintsuko esperientziak islatzen ditu. Bizitzaren gaziak, gozoak.

 

Liburuaren kontrazalean hauxe:

LAUSOAREN TRANSPARENTZIA

Zure ilearen gortinaia zabaldu dut
musukatu zure begietako durduza
ferekatu elipsien probabilitateak
arnastu zure arnas etena
margotu mailukien sistemak
estutu zure gorputzaren egitura
altxatu plazeraren matematika
besarkatu erabatekoaren beharra
busti ezpainetako urgentzia
definitu musuen polemika
salbatu misterioaren eroria
azaldu eskuen maitemina
aurkitu berriz altxatzeko zioa

 

Goizean jausi naiz, altxatu naiz, idazten hasi naiz.

 

Susa.com webgunean sartu eta ezagutu gehiago

 

Udane Goikoetxea Bilbao

2009, Ekaina 12
Arloa: Arteder