Ilargikoop ikasle kooperatiba
Garazi eta Lio, Baionako Bernat Etxepareko LH Merkataritza saileko ikasleak dira. Irabazi asmorik gabeko ikasle kooperatiba bat sortu dute, Ilargi ikasle kooperatiba.
Bota nahi zituzten ordenagailuak berpiztea eta lehen mailako ikastoleko haurrei eskaintzea dute xedetzat. Eurekin bildu gara, Eder irakaslearekin batera, proiektua gertutik ezagutzeko.
Zein da zuen Kooperatibaren helburu nagusiena?
Kooperatibaren helburu nagusiena da Ekonomia Zirkular Eraldatzailea bultzatzea.
Nola lortu dituzue ordenagailu eta baliabide horiek?
Ordenagailuak Elkartenet-en bitartez lortzen ditugu. Elkartenet 2016an Bilboko Harrobia ikastolan sortu zen elkarte bat da. Bere lana da, besteak beste, ordenagailuak berreskuratzea eta birgaitzea. Horrekin batera, lan egiten dute Txikilinux sistema eragilearekin. Beraz, Elkarteneteko zuzendariarekin, Javi Alfarorekin, jarri ginen harremanetan urrian eta, izan genituen hartu-eman horietatik, akordio bat atera genuen. Akordio horretan adostu genuen 11 ordenagailu jasotzea 1.000€-ko kostuan, guk gero balio erantsia aplikatuz, salmenta bat antola genezan Seaskan.
Zergatik da garrantzitsua ordenagailuen berrerabilera?
Ezinbestekoa da arrazoi desberdinengatik. Lehena, ingurumen mailakoa, begi bistakoa dena. Ordenagailu bat fabrikatzen den bakoitzean lehengai asko erabiltzen dira ordenagailu horiek fabrikatzeko eta, beraz, ordenagailuak berrerabiltzen baldin baditugu, bizitza luzatzen badiegu, lehengai horien estrakzioa gutxitu eta planetari fabore handia egiten diogu. Bigarrena, soziala da, badakigulako ordenagailu batek kostu bat duela eta familia askok ezin diotela kostu erraldoi horri aurre egin. Gure helburua litzateke ere ordenagailu horien bizitza luzatuz, familiek egin behar duten gastua ahalik eta gehien gutxitzea. Hirugarrena, kulturala dela pentsatzen dugu. INSEE estatistika agentziak esan zuen gaur egun saltzen diren bi mugikorretatik bat oraindik funtzionamenduan dela, eta hori gutxi balitz, batez beste bi urtean behin aldatzen dugula mugikorrez. Iruditzen zaigu garrantzitsua dela mundu ero horretan beste kultura bat posible dela erakustea, erakutsiz 12 urte bete dituzten ordenagailu batzuk oraindik erabilgarriak direla. Horrela, gazteengan (baina ez bakarrik gazteengan, denengan) beste kultura bat erakusten dugu, esperantza batekin, dela pertsona horiek kultura horretan sartzea. Azkenik, garrantzitsuena eta laugarren helburua da, kultura numerikoa aldatzea, ezagutzea pribatiboak diren sistemak ez ezik badirela ere libreak direnak.
Zergatik Txikilinux? Zer du Software Libreak?
Batetik Txikilinux Euskal Herrian sortutako sistema eragile bat delako. Bestetik, baduelako ibilbide bat, 6 urteko ibilbide bat. Hainbat Ikastola eta eskola publikoetan erabili izan da hain zuzen ere. Hirugarrenik, ezagutzen ditugulako Txikilinuxen sortzaileak nortzuk diren, zer lan egiten duten eta bat egiten dugulako teknologiaz duten ikuspegiarekin eta, jakina, software librea delako. Eta, zer du software libreak pribatiboak ez duena? Askatasuna. Askatasun osoa dugula sortzen ditugun tresnekin nahi duguna egiteko. Software libreak ekartzen dituen 4 askatasunek (kodea irakurtzeko, kodea erabiltzeko, modifikazioak egiteko eta jatorrizko kopiak eta modifikatuak partekatzeko eta eratorriak sortzeko askatasuna) ematen digute behar dugun malgutasuna. Badakigu software pribatiboarekin hori ezinezkoa dela. Software pribatiboa da zaharkitze programatua sortzen duena gure ordenagailuetan eta, nahiz eta gure hardwareak oso ongi zaindu, badakigu momentu batean softwareak ekarriko duela hardwarearen zaharkitzea. Gure helburua denez ordenagailu horien biziaraztea, ezinbestean, jauzia eman behar genuen software librearen alde. Azkenik, eta ez garrantzi gutxiena duelako, euskararen auzia dago. Txikilinux osorik euskaraz sortua da, proposatzen dituen programa guztiak euskaraz daude. Jakin badakigu mundu analogikoan euskararen egoera kezkagarria dela batzuetan eta espazioak eman behar dizkiogula mundu analogikoan, ba gauza bera gertatzen da mundu digitalean. Txikilinuxek sekulako aukera ematen digu mundu horretan sartzeko.
Horrelako proiektu bat sortu eta aurrera eraman izanak zer eskaini dizue? Zerekin geratzen zarete?
Proiektu hau zoragarria izan da, ikasi dugulako, ene ustez, ze puntutaraino ahaldundu gaitezkeen merkataritzan. Irakasle bezala kezkatuta gaude etortzen diren erreforma guztiek leku berberera eramaten gaituztelako. Sentsazioa daukagu sistemak ez daukala konfiantza handirik ikasleengan, eta geroz eta gehiago nahi dituztela beste norbaitentzat bizitza osoan lan egingo dituzten langile xume eta kultura orokorrik gabekoak. Guk esaten dugu hori ez dela posible, ikasle hauek jakiteko gogoa ere dutela eta eman behar zaiela aukera eta, hori gutxi balitz, gauza berriak sortzeko gaitasuna ere badutela. Kooperatiba bat sortzea izan da, seguraski, hori dena erakutsi ahal izan diena. Proiektu honetan parte hartu duten bi ikasleek diote gauza pilo bat ikasi dituztela konturatu gabe, hau da, kurtso teorikoetan gehiago kostatzen zaiena hobekiago eta arinago barneratu dutela: Webgune bat eraikiz, afixak sortuz ordenagailuak saltzeko, standa muntatuz Herri Urratsen, Telegram kanal bat sortuz komunikazioa garatzeko, sare sozial federatuetan ere komunikazioa eginez...
Zerekin geratzen gara? Denarekin. Pasa zaizkigun gauza politekin, baina baita bizi izan ditugun zailtasunekin. Besteak beste, Herri Urrats egunean izan genuen eguraldi petralarekin. Badakigu eguraldi petral horrek gure bezeroak izan zitezkeenak etxean utzi zituela eta, beraz, salmentak ez zirela guk espero genituen bezalakoak izan, baina horretan era ikaspen handia izan dugu. Euren asmoa zen sortutako irabaziak baliatzea ordenagailuak erosteko eta, ikusita zein egoeretan gauden, erabaki zuten irabazi horiei uko egitea eta lortzea espero dugun diru hori Herri Urratsi ematea. Beraz, eskuzabaltasun hori ere ikaspen bat da.
Zergatik du garrantzia horrelako proiektu batek? Horrelako ekimen gehiago egin beharko lirateke?
Horrelako proiektu batek sekulako garrantzia du, batetik, ikasleak ateratzen ditugulako euren markotik. Ikasleak ohituta daude aulki baten gainera esertzera eta irakasleak esaten duena jarraitzera, programa bat dugulako eta sistemak eskatzen dizkigun konpetentzia guztiak barneratzen dituztela justifikatu behar dugulako. Koadro hori apurtzen duzunean, eta mugimendua ekartzen diozunean, motibazio izpi bat izan daiteke dena ongi bideraturik baldin badago. Hau da, proiektu batean batzuetan gelan zaude, beste batzuetan bisita bat egiten diozu zure hornitzaileari, beste batzuetan ordenagailu baten aurrean zaude zure webgunea eraikitzen, beste egun batean ari zara email bat prestatzen zure bezero potentzialentzat, beste momentu batean zaude bideo promozional bat sortzen, beste batean zaude kalkulu komertzialak egiten zure proiektua bideragarria den jakiteko, beste momentu batean zaude Bilboko Harrobia ikastolako ikasleekin elkartruke bat egiten haiek ordenagailuekin egiten duten lana hobeto ezagutzeko... eta nire uztez, oso anitza denez, ikasleak motibatzen dira, ez delako batere monotonoa.
Horrelako ekimen gehiago egin beharko lirateke, batez ere Lanbide Heziketan. Uste dut badirela moduak ikasleen motibazioa eta jakin-mina pizteko eta, horiek, proiektu gisa egin behar direla, hau guztia ikasleen motibazioari begira. Hala ere, batez ere, saretzeko balio du guzti honek. Gure kasuan Etxepare Lizeoan gaude, Lanbide Heziketa euskaraz ematen duen lizeo bakarra ipar Euskal Herrian, baina hegoaldean askoz gehiago daude. Honek balio izan digu beste periferia batekin konektatzeko, izan ere, Harrobia ikastolako ikasleekin elkartrukea egin dugu, eta gure ikasleak lehen aldiz Bilbon egon diren bezala, Bilboko ikasleak lehen aldiz Baionan izan dira. Horrela erakusten dugu Lanbide Heziketaren bidez aberria ere sortu ahal dela, eta hori oso inportantea da, sentsazio hori izatea. Horrela, ikusten dute zuk egiten duzuna ez dela bakarrik geratzen Baionan, baizik eta Euskal Herri osora eramaten ahal duzula. Gainera nik zerbait egiten badut, beste batek beste zerbait egiten badu, eta hori jakiten baldin bada, sareak sortzen goaz. Akaso bihar, edo etzi, beste Lizeo batek antzeko proiektu bat aurrera eramango du eta haien kooperatiba sortuko dute, eta izango da Gasteiz Iruñearekin, edo Iruñea Donostiarekin. Eta asko garenean, agian, proiektu hauen federazioa sortzen ahal dugu, herriak sortu duen guztia horrelakoa izan delako: ale bat, bi ale, hiru ale... Hori da sahararrek esaten duten bezala: Badirudi basamortuan dagoen ale bakarti bat dela, baina basamortua ez litzateke existituko hondar ale guztiak hor egongo ez balira. Hemen gauza bera. Gu hondar ale bat baino ez gara, baina akaso bihar gehiago izango dira eta zerbait handiago sortuko dugu.