Iruñe eta Jokin - "Nola ikusiko dituzu euskarazko edukiak sortzailerik ez badago?"
Jokin Pedreño @Jokin_PA (1996) oreretarra da eta egun Oreretako Xenpelar euskaltegian ari da lanean irakasle bezala. Iruñe Astitz Larunbe @Arkkuso (1991), kazetari eta hezitzailea, Barañainen sortu zen. Elkarrizketa honetan biak elkartu ditugu sare sozialen eta eduki sortzaileen inguruan hitz egiteko. Zein da euskal sortzaileen egoera?
Sare sozialetan eta plataformetan edukiak garatzen dituzue, bakoitza bere formatuekin. Zer da egiten edo sortzen duzuena?
Iruñe: Nik beti esaten dut, egun arrunt batek izan behar dituela hiru gauza ona izateko: bata da jatea, bestea da hitz egitea eta azkena barre egitea. Pila bat gustatzen zait hitz egitea eta barre egitea, jatea ere, baina bueno, azkenean jatea izan ezik, eta batzuetan ere, hori da egiten dudana sarean. Normalean, buruan ditudan gauzez hausnartu eta gustatzen zaizkidan gauzak partekatzen ditut, umore puntu batekin eta saltseoarekin. Zeren klaro, hemen kotilleoa denoi gustatzen zaigu, jendeak ezetz dioen arren, eta hori dago konprobatua Twitch-en.
Hala ere, badago hiru gauza horiei transbertsala den zerbait, dela gauza berriak ezagutu eta ikastea. Nik uste dut, egunerokotasunean, plataforma hauek edo sare sozialek, aukera ematen didatela gauza berrien inguruan ikasteko baina baita nire buruari buruz ikasteko ere. Azkenean, edukiak sortzeak, hausnarketa propio asko sortu izan dizkit.
Jokin: Iruñek egindako irakurketa horrekin ados nago, eta nik egiten dudana antzekoa da. Nik partekatzen ditut gustatzen zaizkidan gauzak. Saiatzen naiz euskara eta euskal kultura sustatzen sareetan, baina berez denetarik. Streaming-ak egiten ditudanean (gutxitan izaten dela) bideo-jokoetan aritzen naiz edo, besterik gabe, hizketan. Azkenean, nire bizitzaren parte bat partekatzen dut sare sozialetan.
Iruñe: Nik uste dut guk egiten ditugula gauzak gure lekutik, hau da, ez ditugu gauzak egiten “honek horrela izan behar duelako”. Gure esperientzietan, gure interesetan, momentuko gauzetan oinarritzen gara.
Jokin: Bai, nik adibidez TikTok-en gauzak besterik gabe igotzen ditut, ez bakarrik gauza idilikoak. Esaten dut, “bueno, hau ere igoko dut”.
Zuek zuen buruak natural erakusten dituzuela esango zenukete orduan?
Iruñe: Bai txiki bat. Zeren azkenean denok sare sozialetan sortzen dugu gure alter ego-a. Hain zuzen ere, guk ez dugu gure izena erabiltzen sarean. Aukera edukiko bagenu jarriko genuke gure izena? Zalantza daukat. Gaur egun, iruditzen zait, nerabeek (eta gu ere batzuetan) egiten dutela erreproduzitu ikusten duten guztia: ze plano erabili, ze filtro hautatu... Zer da gaur egun natural izatea?
Jokin: Bai, ados nago. Nik ere hori esan behar nuen. Beti erakusten duzu nahi duzuna, momentukoa, baina beti daukazu Iruñek esan duen alter ego bat. Egia da, Iruñe, zuk beste izen bat erabiltzen duzula, Arkkuso. Nik beste bat sortu nuen eta joan naiz aldatzen pixkanaka nire izena jartzeko bueltan.
Ze gai edo arlo dira jorratzen dituzuenak? Edo libretik jotzen duzue?
Jokin: Ni asko aritzen naiz euskal munduan eta euskararen inguruan, baina nahiko libretik noa. Nire hobby bat da hizkuntzak ikastea edo ikertzea, horregatik, asko hitz egiten dut hizkuntzen bitxikeriei buruz. Azken aldian, umore bideo batzuk egin nituen euskalkiekin. Asko ibiltzen naiz horrekin.
Iruñe: Nik nire burua ezingo nuke inon sailkatu. Ni bideo-jokoetan oso txarra naiz, orduan hasi naiz serie bat egiten pro gamer izateko Valorant jokoan. Lortuko dut? Ba ez, baina bueno, hor nago. Gero ere, orain hezitzaile bezala lanean egon arren, kazetaria naiz, horregatik, tarteka, elkarrizketa batzuk egin izan ditut. Horrelako gauzak egiten ditut, hau da, ni naizena eta nahi dudana.
Jokin: Batzuetan, inbidia ematen didana da ikustea sare sozialetan aritzen diren gertuko beste lagun batzuk gai direla serio hartzeko beraien lana: aztertzen dute noiz igo gauza bat, ze ordutan, nola... Nik ez dut hori egiten. Igotzen dut nahi dudana nahi dudanean. Goizeko bederatzietan, goizeko lautan...
Zein da zuen helburua sare sozial edo plataforma horietan?
Jokin: Egia esan ez daukat helbururik. Egia da gustatzen zaizula mimo askorekin egindako bideoek zabalkunde handia izatea, jendearengana iristea, ikustea jendeari gustatu zaiola. Baina bueno, helburua bere horretan ongi pasatzea da nire kasuan. Iruñek agian buru gehiago dauka horretarako.
Iruñe: Esango nuke nire helburua ere berbera dela. Egia da askotan pentsatu izan dudala gustatuko litzaidakeela edukiak sortzetik bizi ahal izatea, baina beti, baldintza bezala, ongi pasatuz. Ongi pasatzen ez dudan momentuan ikusi beharko dut eta galdetu beharko diot nire buruari zergatik den, distantzia hartu, ikusteko zer gertatzen den. Gero, euskararena gauza transbertsal bat da.
Zergatik euskaraz?
Jokin: Niri gustatuko litzaidake jendeak gauzak euskaraz egitea, orduan nire lana ere bada euskararen aktibazioa. Azkenean nire helburu bat aukerak sortzea da, jendeak euskaraz kontsumitzeko edukiak izatea.
Iruñe: Euskara ez da zergatia, euskara ez da helburua, baina bai dagoela hor atzean. Gure helburua baldin bada ongi pasatzea, asmoa ere bai da euskaraz ongi pasa daitekeela erakustea. Euskara beti dago lotuta etxeari (batzuen kasuan), eskolari eta instituzioei. Aisialdian zailagoa da.
Nire kasuan hautu politiko bat da ere. Nafarroan euskaraz bizitzeko aukera dago jaio edo bizi zaren lekuaren arabera, orduan, nik, “zortea” dut kakotx artean (berez ez litzateke zorte kontua izan behar, zeren euskara Nafarroa osoan izan beharko litzateke ofiziala) eremu mistoan bizi naizelako, Iruñean, eta Barañainen jaio nintzelako, eremu mistoko herri batean. Euskararen egoera ez da berdina euskal zonaldeko Elizondo batean edo zona ez euskalduneko Tutera batean. Azkenean, euskaraz egitearena hautu politiko bat izan da nire kasuan, gustatuko litzaidakeelako ni nerabe nintzenean, edo Youtube kontsumitzen hasi nintzenean adibidez, nire intereseko euskarazko edukiak ikustea. Gero nik erabakiko nuke zer ikusi, baina behintzat aukera egotea. Euskararik ez badago, ez dago aukerarik. Nola ikusiko dituzu euskarazko edukiak sortzailerik ez badago?
Jokin: Ni TikTok-en nahiko natural aritzen naiz euskaraz, baina hautua lehenago hartu nuelako. Twitter-en, hasieran, gazteleraz egiten nuen. Noski! Nola egingo dut euskaraz! Sare sozialak dira, mundu globalizatua... nola ulertuko naute! Txikitan ez zitzaidan okurritzen sare sozialetan euskaraz egin zenezakeenik. Batzuetan egiten nuen, baina esaten nuen, “ez, hau arrotzegia da euskaraz. Nork ulertuko dit?” eta hori gezurra da. Gero erabaki nuen dena euskaraz egitea eta orain nahiko natural ateratzen zait. Gero galdetzen didatenean nire helburua zein den, nire helburua ez da ahalik eta jende gehienera iristea (bueno ere, zabaltzen bada hobeto), nire helburu nagusia euskarazko alternatibak egotea eta edukiak sortzea da. Adibidez, nik TikTok-en eta Twitter-en badauzkat Lapurdiko eta Behe Nafarroako jarraitzaileak, eta horiek euskaraz egiten dudalako dauzkat, komunean daukagun hizkuntza. Askotan esaten didate gazteleraz egiteko, horrela denok ulertzen dugulako. Ba ez, gazteleraz ulertuko didate Bizkaian edo Gipuzkoan, baina ez Lapurdin, ez delako beraien hizkuntza eta euskara delako komunean daukagun hizkuntza bakarra.
Askotan komentatzen dena da gazteleraz egitea, jende gehiagorengana iritsi ahal izateko. Agian nik nire edukia gazteleraz egingo banu jende gutxiago erakarriko nuke, zeren, batzuetan, euskarak laguntzen du ere. Beste pertsona guztiek egiten dutena egiten baduzu agian ez dizu inork jarraituko, baina euskaraz egiten baduzu, agian, bakarra zara. Batzuetan esaten da zerbait ez dela zabaltzen euskaraz dagoelako, baina agian edukia interesgarria ez delako da. Nik uste euskararena mito bat dela.
Posible ikusten duzue arlo honetan euskaraz lan egitetik bizitzea lan profesional moduan?
Jokin: Zergatik ez? Momentuan ez da erreala, gaur egun gauzak dauden bezala. Egia da azken urteetan ikusi dudala aldaketa bat, eta kontutan hartzen hasi dela euskal sorkuntza. Ni ez naiz honetatik bizi, baina dirua irabazi dut edukiak sortzetik eta hortik ere beste lan batzuk lortu ditut, hitzaldiak etab. Edukiak euskaraz sortzen baldin badira momenturen batean posible izango da. Azken finean, bertako markek inbertitu nahiko dute hemengo edukietan eta ez erdal edukietan, hemengo jendearengana iristeko.
Iruñe: Momentuan oso zaila ikusten dut. Uste dut apustu handi bat behar duela. Euskarak bai ikusten dut baduela sare sozialetan eta plataformetan, ikusgarritasun aldetik beste hizkuntzekin alderatuz, aukera gehiago gauzak zabaltzeko, baina ez dago iragarkien aldetik edo instituzio publikoetatik inolako apusturik horretarako, edukiak sortzeko. Azkenean, oso ikuspegi arrotza dute sare sozialekiko, euren seme-alaben gai bat delako eta beldurrez ikusten dituztelako. Proposamenak egin izan direnean, uste dut, beti egin izan direla “helduzentrismo” batetik abiatuta. Hori ikus dezakegu adibidez TikTok-en, inbertsio handiena egin den sare sozialean. Diru asko sartu izan da bertan “nerabeek edukiak sarean sortzea bideratzeko” ekimenak bultzatuz, oinarrian zozketak izaten dituztenak sari bezala. Azkenean honek ez du balio. Zuk edukiak sortzen dituzu nahi duzulako eta ez zerbait bueltan jasoko duzulako. Uste dut euskararekin berdin gertatzen dela, euskara ez erabiltzea penalizatuz eta erabiltzea sarituz. Sarean berdina da.
Gazteen erreferente zaretela esango zenukete? Ardurarik sortzen dizue horrek?
Jokin: Nik presente daukat, baina batzuetan ez da errespetua, baizik eta beldurra. Batzuetan esaten didatenean, “aizu, ikusi zaitut!” ba beldurra ematen du.
Iruñe: Batzuetan gertatzen da txio bat idazten duzula, jakinda 1.000 jarraitzaile dituzula, baina uste duzu ez dizula inork irakurriko. Gero konturatzen zara pentsatzen duzunak baino jende gehiagok jarraitzen zaituela edo zuretzat garrantzitsua edo erreferentea den norbaitek jarraitzen zaituela... eta esaten duzu, ostras! Ez gara kontziente azkenean sare sozialak direla gure herriko plazak bezala. Ni baldin banago Gaztelu plazan zerbait hartzen eta hasten banaiz esaten Twitter-en jartzen dudan guztia, denok entzungo naute, ba berdin sare sozialetan norbaitek jarraitzen badit. Azkenean hasieran esan dudana, nire sare sozialek asko dute nitaz, eta nire buruaren erakusleiho dira. Ez dut dena “tal cual” jartzen, alter ego bat sortzen delako beti. Saiatzen naiz gu garena izaten eta, bertan, bai daudela balioak eta oinarri politiko eta sozial asko, edo kontzientzia kritiko hori.
Jokin: Askotan beldurra ematen du. Batzuetan Aiorak (@probatxoa) esaten dit TikTok-en bideoak asko zabaltzen direla eta bideo batek dituela 60.000 ikustaldi. Nik imajinatzen dut nire burua bideoan bertan esaten dudana 100 pertsonen aurrean esaten eta izutzen naiz. Orduan, errespetua bai.
Iruñe: Ni hor kontziente naiz Twitter-en neurtzen dudala gehiago, zeren ni berez kazetaria naiz eta Community Manager moduan lan egin izan dut, eta hortik ere begiratu behar dut nire lan etorkizuna, ez eduki sortzaile bezala bakarrik. Orduan, gai batzuetan bai mozten naizela gehiago eta beste batzuetan naturalagoa naizela. Orain, Twitter-en 2.200 jarraitzaile ditut eta ez nuke hainbeste pertsonez betetako areto batean Twitch-en esaten ditudan gauzak esango, niretzat espazio seguruago bat delako.