Kutsadura teknologikoa
Egunero erabiltzen ditugu mugikorrak edo ordenagailuak. Horren ondorioz, askotan kolpatu eta hautsi egiten zaizkigu. Hausten zaizkigunean zaborretara bota eta berria erostera bideratzen gaitu gaur egungo gizarteak, baina konpontzen saiatzen saiatzen diren elkarte zein norbanakoak ere badira. Nahiz eta konpontzen saiatu begi bistakoa hondakinak sortzen ari garela eta ondorioz, aztarna ekologikoa uzten ari garela.
Baina egunerokoan softwarearen erabilerarekin kutsatzen dugunaz ez gara ohartzen. Badakigu elektrizitatea behar dugula gure gailua martxan edukitzeko, baina erabiltzen ditugun zerbitzu edo webguneek ere kutsatzen dute.
Askotan, multinazionalek bultzatu duten abstrakzioaren ondorioz, ez gara konturatzen webgune edo zerbitzu oro zerbitzarietan jartzen direla martxan. Hau da, erabiltzen dugun webgune edo zerbitzuak makina fisiko batean exekutatzen dira.
Makina horiek martxan mantendu eta haustean ordezkatu egin behar dira eta noski horrek kutsatu egiten du eta gure aztarna ekologikoa areagotzen du. Askotan, gainera, beste herrialde batzuetan egoten dira zerbitzari fisiko horiek eta horrek ere, ez ikusiarena egiten laguntzen digu.
Nabigatzean kutsatzen dugunaz ohartarazteko oso esperimentu ona egin du Low Tech Magazine aldizkariak. Bere webgune nagusiaz gain, eguzki energia erabiliz dauka martxan du bertsio hau: solar.lowtechmagazine.com
Energia aurrezteko pentsatua dagoenez, webgune sinplea da. Izan ere, gune honek bateria batzuetatik hartzen du energia eta bateria hori, aldi berean, eguzki plaka bateko energiarekin betetzen da.
Batzuetan, bisita kopuru handia bada, energia gehiago gastatzen dute eta bateria agortu egiten zaio zerbitzariari, beraz ezin da zerbitzua erabili berriro ere eguzki plakak energia hartzen duen arte. Hau da, ingurugiroarekin erabateko sintonian dago webgunea, lainotua badago, energia gutxiago jasoko du.
Webgunean bertan bateriaren informazioa eta eguraldiaren egoera ematen du oinean eta horrela, uneko egoera zein den jakingo dugu eta webgunean nabigatzen jarraitzeko aukera izango dugun ala ez.
Hau guztia sare sozial komertzialen helburuen kontra doa, jakina baita sare sozialen helburua erabiltzaileak ahal den denbora gehien aplikazioan kateatuta edukitzea dela. Euren negozioa puzteko iragarki gehiago sartzeko aukera ematen die erabilera mugagabeak eta erabiltzailearen informazio gehiago biltzeko aukera dute.
Hala ere, zenbait plataformek mugak jarri behar izan die euren erabiltzaileen. Azken egunetan bolo-bolo ibili da Tik-tok sare sozialak hartu duen erabakia: 18 urtez azpiko erabiltzaileek egunean ordubetez erabili ahal izango dute gehienez mugikorrean. Baina, tranpatxorako aukera beti izaten da horrelakoetan; pasahitz bat jarriz gero erabiltzen jarraitu dezakegu.
Plataforma multinazional hauek horrelako erabakiak hartu behar izan badituzte, arazoa badagoela argi dago. Gauza jakina da pandemian izugarri hazi da mugikor aurrean igarotzen dugun denbora. Ba horrek osasun fisikoan zein psikikoan ondorio zuzena izateaz gain, kutsadura digitala areagotu du. Konturatu gabe ingurugiroan dugun inpaktua hazten ari da eta, erabilera arduratsua sustatzeko lanketarik egin ezean, hazten jarraituko du.
Egungo mugikor gehienek dute “ongizate digitala” izeneko aplikazioa. Oso tresna baliagarria da aplikazioen erabilera denbora aztertu eta mugatzeko. Horrekin gure kontsumoaren kontrola berreskuratu dezakegu. Horrela, guk edukiko dugu mugikorraren kontrola eta ez gaituzte multinazionalek mugikorraren bidez hainbeste kontrolatuko. Hortaz, mugikorretan denbora mugak jartzeak eta era arduratsuan erabiltzeak, gure osasun mentala hobetzeaz gain, ingurugiroa gutxiago kutsatzen laguntzen du.