Egoitz De la iglesia - "Teknologia eta filosofia eskutik joan beharko lirateke"
- Egoitz De La Iglesia Ganboa
- Gasteiz, 1983
- Filosofian Doktorea
- Mondragon Unibertsitatean (HUHEZI) irakasle eta ikerlari
- Irakurtzea, Filmak eta telesailak, kirola eta bideojokoak
Digitalizazio prozesuek eta Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiek (IKT) gure hezkuntza zentroak konkistatu dituztela dirudi. Zer suposatzen du horrek?
Lehendabizi, gustatu zaidan terminoa da “konkista” hitza. Zeren esango nuke horrela izan dela. Pixkanaka onartu behar izan dugun zerbait izan ordez, ezjakintasunetik hartu behar izan dugun zerbait izan dira. Ezinbestekoa izan den momentutan eta pandemia garaian hartu behar izan genituen IKT guztiak eta, uholde horrek, nolabait, konkistatu edo gainditu egin gaitu. Nire ustez, horrek, eragin handia izan du planteatzen duzun galderan, hau da, zer suposatzen duen horrek. Zeren esango nuke, berez, teknologiaren erabileraren gaineko oso ikuspegi negatiboa dugula askotan. Egia da kritikoak izan behar dugula teknologiaren erabilerarekin, baina, baita ere ikusi behar da teknologiaren erabilerak dakartzan gauza on guztiak. Orduan, zentzu horretan zer suposatzen duen teknologiaren inplementazioak? Alde batetik, nire ustez, suposatzen du irakasle askorentzat deserosoak diren testuinguruak edo egoerak egotea, teknologia behar bezala ez menperatzeagatik eta teknologia erabiltzeko beharragatik. Eta oraindik posizionatzen gara galdera horietan: teknologia bai edo teknologia ez. Nire ustez, egin behar dena da hausnarketatik planteatu zer erabilera mota egin nahi dugun eta irakasle, ikasle eta familientzat esanguratsuak eta interesgarriak diren inplementazioak bideratu. Orduan zer suposatu du? Nire ustez suposatu du aldaketa handi bat, hor zegoena, baina pandemia garaian modu bortitz batean egin izan dena. Orain, nire ustez, ematen dena da desfase handi bat, teknologiak ematen dituen aukeren artean eta egiten den erabileraren artean. Eta horrek sortzen ditu orain beste arazo eta zalantza batzuk: datuen erabilerarekin, informazioen kudeaketarekin... eta aspektu guzti horiekin.
Horregatik, nire ustez, suposatzen duena da oraintxe bertan erronka bat.
Askotan esan izan da ordenagailuak ikasgeletan eduki behar direla. Orain, ikasle bakoitzak bere ordenagailu eramangarria du. Zer nolako presentzia eta erabilera izan beharko luketela uste duzu baliabide teknologiko berri hauek eskola eta ikastetxeetan?
Galdera potoloa. Pixka bat, hortik helduta, egon ginen hausnartzen horren inguruan Edutech kongresu batean eta, orain, pil-pilean dagoen gaietako bat da mugikorren erabilera. Azken finean, eskola guztietan daude ordenagailuak, arbel digitalak, tabletak... baina egia da badaudela maila-ekonomiko desberdinetako eskolak eta ikasleak, eta agian denek ez dute ordenagailu baterako sarbidea etxean, baina jende gehienak badu mugikor bat. Orduan, mugikorrek, planteatzen dituzte zenbait egoera: batzuk gatazkatsuak eta beste batzuk positiboak edo lagungarriak. Zentzu horretan, galdera honi erantzunez, esango nuke aurrekoaren berdina. Beti planteatzen gara dilema berdinetan (bai edo ez), eta egin behar duguna da erantzun nola. Horretarako, nire ustez, egin behar dugun lehenengo gauza da, plan digital estrategiko bat diseinatu. Argi izan behar dugu zertarako erabiltzen dugun teknologia. Teknologia bilakatu behar dugu medio edo baliabide bat, eta ez helburu bat. Teknologiak lagunduko digu, momentu konkretu batzuetan, helburu pedagogiko batzuk lortzen. Nire ustez, batzuetan pentsatzen da teknologiaren erabilerak suposatzen duela berrikuntza eta nolabaiteko bikaintasun pedagogikoa. Eta horrek ez du zertan horrela izan behar.
Orduan, nire ustez, noiz eta nola horretan ez dago formula magikorik. Egin behar dena da, ikastetxearen helburu pedagogikoak ongi aztertu. Ikastetxearen gaitasun, aukera eta interes digitalak zeintzuk diren definitu eta bien arteko elkarrizketa osasuntsu bat sortu. Zentzu horretan, teknologia izan dadila beti zuk identifikatu dituzun testuinguru konkretu batzuetan erabiliko duzun baliabide bat gehiago, ez bakarra, ez onena. Nire ustez hor dago klabea.
Giza harremanei dagokionez, zer nolako eragina dutela uste duzu IKTeek?
Argi dago, harremanetan izugarrizko eragina izan dutela. Lehen aipatu bezala, zentzu handi batean, teknologia berriei esker, eta digitalizazio prozesuei esker, harremanak askoz zabalagoak dira. Mundu mailan edozein pertsonarekin edo zonalderekin konektatu zaitezke. Konektatzeko aukera gehiago dago modu ezberdinetan: bai irudi bitartez, bai bideo bitartez, bai audio bitartez... lehen ez zeudenak. Hor, argi eta garbi, harreman motak areagotu edo zabaldu egin dira.
Esango nuke, autokritika modu batean, eta hezkuntzaren sektore handi bati erreparatuz ere, teknologiaren garapen maila honen aurretik jaio ginenontzat, oraindik oso zaila dela ulertzen mundu berri honek zer suposatzen duen gazteentzat. Horrelako testuinguru batean sortu diren, eta hiperkonektaturik dauden, gazte hauen giza-harremanak ulertzeko modua, oraindik, kosta egiten zaigu. Orduan, rol hori aztertzerakoan, edo ikasle, edo nerabe, edo haur horien, erlazionatzeko moduak ikusterakoan, oraindik, nire ustez, askotan epaiketa kritiko batetik egiten dugu, gure, erlazionatzeko modua eredugarri hartuz. Esango nuke, oraindik, denbora bat pasa beharko dela benetan aldaketa hauek suposatzen duten neurria ikusi ahal izateko modu objektibo batean, espezialista izan gabe eta egunerokotasunetik.
Nerabeengan eta ikasleengan askotan ikusten da emailera erantzuna izan behar duela berehalakoa. Momentuan zalantza bat aktibatzen denean, teknologiak ahalbideratzen duenez zalantzari erantzun bat emateko baliabideak, bilaketa sakon bat egin ordez, zuzenean email bat bidaltzen diogu irakasleari, edo dena delakoari, erantzun baten bila. Zentzu horretan autonomiaren galera ematen da. Modu berean, klasean galdetzea ausartzen ez den ikaslearentzat, lotsa horri edo zailtasun horri aurre egin ordez, gero mezu bat bidali dezakenez, horretan ezkutatzen dituzte, zailtasunak eta ziurgabetasunak eta, orduan, nolabait ere, maskarak, harresiak edota gotorlekuak sortzen dira komunikazio bide hauen atzetik. Horrela, kostatzen da, agian, zuzeneko elkarrizketa hauek aktibatzea, eta kostatzen zaizu hori nolabait ere lantzea: jende aurrean hitz egitea, publikoan galdera bat egitea... Esango nuke ikusiko dela transformazio honen ondorioak zeintzuk diren.
Bizitza digital honek hausnartzen jakiteko aukera ematen die ikasleei? Nola landu ikuspegi kritikoa?
Galdera guztiz pertinentea. Pixka bat lehengoari helduz, argi eta garbi, teknologia digital eta prozesu digital guzti hauek ematen dute aukera hausnarketa bideratzeko. Orain, kontua da zein erabilera egiten dugun eta nola bideratzen ditugun elementu hauek helburu hori lortze aldera. Alde batetik, hausnarketak, termino klasikoetan ulertuta, beti eskatzen du denbora bat, lasaitasun bat, gauzak pazientziaz egitea, eta helburura edo hausnarketaren ondoriora etengabe begira ez egotea. Hausnarketan, nolabait, inporta duena gehiago da bidea ondorioa baino, hausnartzea azken finean. Eta, beste alde batetik, gaur egun daukagun bizimoduan eta hezkuntza ulertzeko moduan, non oraindik bideratuta gauden emaitza batera, ebaluazio batera, lan konkretuetara... nire ustez konplikatua da hausnarketa prozesu horiek bideratzea, orokorrean.
Modu berean esango nuke gure intereseko gaien inguruan, edo gure bizipenen inguruan, edo arduratzen gaituen zerbaiten inguruan hausnartzen dugunean, behar dugun elementu inportante bat da guretzat hausnargarria edo kudeagarria den informazio kantitate bat izatea. Informazioa gehiegizkoa denean, hausnartu baino, egiten duguna da deskonektatu: mendira joan, kirola egitera joan, pelikula bat ikusi... ez garelako gai informazio guzti hori kudeatzeko. Adibidez, zerbaitek arduratzen gaituenean eta emozioak sartzen direnean, eta horrek, nolabait, gainditzen gaituenean, egiten duguna da moztu. Gauza bera gertatzen da bilatzaile batean jaso dezakezun informazio guztiarekin. Horregatik, nire ustez, bilatzaileak ez badira modu egoki batean erabiltzen horrexegatik da.
Zentzu horretan, planteamendu honetatik, ikus daiteke nola ulertzen dudan nik teknologia eta digitalizazioa pentsamendu kritikoarekiko. Argi dago kritikoak izaten lagun gaitzaketela IKTeek erabiltzen duguna menperatzen badugu eta zertarako erabiltzen dugun jakiten badugu. Nik hartzen baldin badut edozein bilatzailetan agertzen den informazioa zeharo objektiboa balitz bezala, jakin gabe bilatzaileak, nolabait, big datan eta elementu guzti horietan oinarrituta, niretzat egokitutako bilaketa bat egiten duela, argi dago ez naizela kritikoa izaten ari. Orduan lehen esandakoa, teknologia ez da kritikotasuna garatzeko ez positibo ezta negatibo ere. Guk horren lanketan sortzen dugun testuinguruak lagunduko digu pentsamendu kritikoa garatzen.
Zer nolako lotura egiten duzu lehen bista batean hain urrun dauden filosofia eta teknologia digitalen artean?
Bai, galdera bikaina hau ere, zeren nolabait hemen laburbiltzen da orain arte hitz egindako guztia. Oso esanguratsua da ikustea filosofia eta teknologia antipodetan dauden bi elementu bezala, eta horrela da gure egunerokotasunean, gaur egungo gizartean. Ari gara planteatzen beti “ikasleei lagundu behar diegu kritikoak izaten, analitikoak izaten” eta nolabait filosofia da horretan espezialista den materia bat, edo ezagutza arlo bat. Teknologia edo prozesu digitala askotan, eta zenbait aspektu pedagogiko ere, hortik oso urruti kokatzen ditugu, eta hor dago sintometako bat.
Kritikoak izan nahi baldin badugu pentsamendu filosofiko bat izan behar dugu. Teknologia eta filosofia nolabait eskutik joan beharko lirateke benetan nahi baldin badugu teknologiaren erabilera osasuntsu, etiko, moral eta kontziente bat egin. Badira autore ezagunak horrelako hausnarketak egiten ari direnak gaur egun: teknologiaren zein erabilera egiten dugun, nola aldatu duen gure gizartea, teknologiaren atzean zein irizpide moral dauden... Orduan, nik planteatzen dudana da, filosofiak zergatik galderari erantzuten diola beti, edo ez du erantzuten baina da beti planteatzen duen galdera, “zergatik?”. Azken finean filosofian ez dagoelako erantzun definitiborik. Filosofian etengabe gaude zergatik galdezka. Esango nuke, askotan garapen teknologikoaren atzean dauden pertsonei galdetuko bagenie “zergatik?” beraien erantzuna izango litzatekeela posible dugulako. Zergatik garatzen dugu hau? posible delako; Zergatik egiten dugu inplementazio hau? posible delako. Agian hor dago arazoetako bat. Garapen teknikoaren aurretik edo inplementazio teknikoaren aurretik filosofia pixka bat aplikatuko bagenu, seguruenik teknologia eta pertsona, edo teknologia eta hezkuntza, askoz harremanduagoak egongo liratekeela.