Datuen burujabetza
Azkenaldian asko entzun den gaia da datuen burujabetza, baina zer dakigu burujabetzaz eta, batez ere, datuez? Datua da gure eguneroko jardunaren ondorioz sortzen den informazioa. Horiek hainbat motatakoak eta pribatutasun ezberdinetakoak izan daitezke. Informazio hori beti sortu izan dugu, baina digitalizazioarekin nabarmenagoa da. Lehen Osakidetzak zeure datu medikuak zituen, baina gehienera ere, medikuak kontsultan zuen artxibategia. Beste inork ez zuen sarbiderik. Gaur egun, ordea, “hodeia” deitzen dioten toki abstraktuan gordetzen da informazio hori.
Gure lan-taldean askotan esaten dugun moduan, hodeia ez da existitzen. Hodeia beste norbaiten ordenagailua da. Oro har, enpresa multinazional batzuen ordenagailuei deitzen diegu hodeia. Beraz, erabat normalizatu dugu gure datu medikuak multinazionalen esku uztea. Konturatzen ez garen arren erabiltzen dugun komunikazio edo biltegiratze tresna bakoitzarekin enpresa baten zerbitzariak erabiltzen ditugu eta bertatik informazio asko ematen diogu.
Beraz, enpresa horiek sustatutako abstrakzio horren aurka gaude arrazoi hauengatik: hasteko, informazioa pilatzeko aukera ematen dielako; bigarrenik, datu horiekin botere izugarria dutelako; eta, azkenik, pribatutasuna ez dutelako errespetatzen.
Gure eguneroko jardunean oso presente dugu “BigTech” deitzen zaien enpresa multinazional horiei aurre egiteko modurik errazena euren tresnak ez erabiltzea dela. Gainera pribatutasuna sustatzen dugu eta alternatiben erabilera bultzatzen dugu.
Besterik egin ezean, Internet eta gure eguneroko tresna asko gutxi batzuen esku geratuko dira eta horiek nahi dutena egiteko aukera edukiko dute. Besteak beste, zerbitzuen prezioak igo ditzakete, edo gure Interneteko abiadura jardueraren arabera moteldu dezakete.
Horregatik guztiagatik sustatzen ditugu tresna libreak gure enpresan. Izan ere, Gure burujabetza handitzeko aukera bakarra dira eta ondorioz, urteak daramazkigu software eta tresna libreekin lanean. Tresna horiek guk geuk erabiltzeaz gain, gure bezeroei ere gomendatzen dizkiegu. Honela, elkarte eta enpresa txikien burujabetza bultzatzen dugu. Horretarako erabiltzen ditugun tresnak hauek dira:
Lehenik, Moodle: ikastaroak kudeatzeko sortutako gestio softwarea da. 2002. urtean sortu zenetik asko garatu den proiektua da. Software honek, software libreko beste tresna askoren antzera, komunitate zabala du oinarri. Bultzatzaile taldearen parte dira erabiltzaile, itzultzaile eta garatzaileak.
Bigarren kasua Nextcloud-ena da: fitxategiak kudeatzeko erreminta den arren, gehigarriekin posta elektronikoa eta egutegia ere erabili ditzakegu. Edozein enpresa edo elkarteren barne kudeaketa tresna garrantzitsuenetakoa da. Asko erabiltzen diren Dropbox eta Google Driveren alternatiba dira.
Hirugarrenik, Wordpress dugu: blog sinpleak egiteko sortu bazen ere, gaur egun webguneak egiteko software libreko tresna garrantzitsuenetakoa da.
Azkenik, hizkuntza burujabetza ere sustatzen dugu eta enpresa handiei tresnak euskaratzeko erregutu beharrean, guk ere itzulpenetan parte-hartzen dugu. Lehen esan bezala, software libreko tresnetan komunitateak parte har dezake eta itzulpenak egin ditzake. Horregatik, gure enpresako jardunaren zati bat tresnak itzultzeko erabiltzen dugu.
Funtsean, eguneroko tresnekin lan egiten dugu, baina software libreko komunitateari eta euskarari ere mesede egiten diogu datuen burujabetza sustatzen dugunean. Horrela bakarrik lortuko baitugu aske izatea Internet ardatz duen mundu globalizatu horretan.