Garikoitz Garaialde Etxaburu - fotokazetaria eta kooperatibista

Badago joera bat, kanpoko hedabideek morboa bakarrik nahi izaten dutela sinestarazi nahi duena, baina ez da horrela.

  • Irunen jaioa 1972, baina Hondarribitartzat du bere burua.
  • Garai bateko, Batxilerato Tekniko Industriala egin zuen, eta gero argazkilaritza ikasketak.
  • Duela gutxira arte argazkilaria ogibidez, fotokazetaria, baina orain, fotokazetaria alde batetik, eta Izarkomeko langile bestetik.
  • Bere afizio handiena bere ofizioa da, argazki kazetaritza. Horrez gain, betikoak, lagunak edo, lasai ibiltzea, hitz egitea...

Argazkilaritza maite duzula badakigu, ogibide bihurtu ere, baina zein beste lanetan ibili zara argazkilaritza ekin baino lehen?

Esan dezaket nire lehen ogibidea argazkilaritza izan dela. 23-24 urterekin hasi nintzen modu profesional batean argazkiak egiten, eta beti dedikatu izan naiz horretara. Horren aurretik, eta hasierako urteetan, argazkilaritzarekin batera, beste gazte askok egiten dituen lantxoak egin nituen: aseguruak saldu, aitaren lantokian telefonoari erantzun... eta musika talde batzuen furgoneta gidaria ere izan naiz. Sorotan Bele musika taldea eramaten nuen nire (gure, anai guztiona baitzen) furgoneta zurian. Sorotan Belek iraun zuen urte guztietan ibili nintzen, aurreneko entseguetatik, taldea desegin arte. Beranduxeago Dut taldearekin ere ibili nintzen gidari moduan. Horrek eman zidan (Sorotan Belek batez ere) argazkilaritza ikasketak ordaindu eta nire lehenengo argazki ekipoak erosteko beharrezkoa nuen dirua.

 

Argazkilari izatea, aro digitalean, bada erronka. Fase ezberdinetatik, baina azkar pasa da lanbidea. Nola bizi izan dituzu aldaketa guzti hauek?

Orain arraro egiten zait prozesu horri begiratzea. Ni lanbidean sartu nintzenean, negatiboekin egiten genuen lan. Laborategia nuen etxean, Argiako erredakzioan ere bazen gela iluna, eta bertan orduak pasatzen genituen. Egunkarian hasi nintzenean, karreteak denda batean uzten genituen eta errebelatu bitarteko 20-25 minutu horiek kafe hartzeko baliatzen genituen.

Digitalaren lehen urteetan, ilusioz baina ezjakintasunetik begiratzen genion guzti honi. Suposatzen genuen hobekuntzak ekarriko zituela lanbidera, baina ez genekien zer-nolako kamerak izango ziren. Gipuzkoakoa egunkari boteretsuenean bazituzten 2-3 Kodak. Garai hartan digitalean argazkiak ateratzeko zeuden makina bakarrak, baina oso geldoak ziren, pisutsuak, kalitatez eskasak... baina haiei begira, argazkiak egin eta transmititzeko aukera emango zuela suposatzen genuen. Orduko Interneta, orduko konexioak ez ziren gaurkoak (98-99 urteaz ari naiz). Gero, makina erabilgarriagoak ateratzen hasi ziren, publikazioen munduak salto egin zuen horrantz, eta nolabait esateko, argazkilariak mundu digitalera pasatzera 'behartu' gintuzten.

Ordutik gaur artekoa ziztu bizian joan da: makina hobeak, konexio azkarragoak, eramangarriak, blogak, mugikorrak, sare sozialak... Nik etorri diren bezala hartu ditut. Argazkigintzak aldaketa batzuk izan ditu, jada ez naiz laborategian sartzen, argazkien artxibatzea erraztu du, argazkiak egiteko modua (lehen askoz gehiago pentsatzen genuen argazki bat egin aurretik), argazki gutxiago ateratzen genituen... eta ogibideak beste batzuk izan ditu: Erredakzioetatik atera gaituzte (ez dakit digitalizazioaren errua den, baina digitalizazioaren garaian eman da batez ere, eta digitalizazioak erraztu egin duela esango nuke), etxetik lan egitea erraza eta erosoa da, munduko edozein txokotako argazkiak jasotzea errazagoa da... Tokatu zaigun eraldaketa bat izan da, eta esan bezala, nik etorri ahala hartu dut. Moldatu egin gara. Gustuko detaile batzuk ditu, eta gutxiago gustatzen zaizkidan besteak ere bai.

 

Instagram esaten badizut zer datorkizu burura?

Nire kasuan Instagram erakusleiho bat da. Nire argazkiak erakusteko erakusleiho bat. Facebook eta Twiterren ere horretarako sartu nintzen, gero bakoitzari bere funtzionalitatea topatu eta nire lanaren erakusleiho huts izateari utzi badiote ere. Instagram ez, Instagram oraindik erakusleiho huts bat da niretzako. Badakit nire lanetik zer jarri nahi dudan Instagramen, eta hori jartzen dut. Ez dut gehiegi begiratzen besteek zer jartzen duten, eta ez dakit nik jarritakoak zein ondorio izan dezakeen, baina kide gehienak Instagramera pasatu dira, eta nik ere ireki dut nire perfila. Momentu honetan nire lanbidera mugatuta dudan sare sozial bakarra da.

 

Errealitatea islatzea eta Islaren errealitatea irudikatzea, badago aldea. Gehiegi editatu gabeko kazetaritza baten alde egiten duzu kazetaritzaren ikuspuntutik?

Ea ba, hau ez da erraza esplikatzen... Niretzako argazkilaritzak edozer aguantatu dezake. Ez naiz argazki-muntaien aurkakoa, edizio edo postprodukzioa infinituraino eraman daitekeela uste dut, eta argazkiak posatuak izan daitezke... baina kazetaritzaz ari bagara, nik lan modua asko mugatzen dut. Oso zaila da esatea zer den asko editatzea, eta zer gutxi, kamerak argazkia hartzen duen unean, datu informatiko pila bat besterik ez baita, eta gero horri forma ematen diogu ordenagailu bidez. Lehen txuri beltzeko edo koloretako pelikula erabilita sortzen genuen efektua, edo Ilford HP5 bat erabili beharrean, Tri X erabiltzean ematen genuen irudia, Agfa bat edo Fuji bat erabiltzean zegoen aldea... orain digitalki sortzen dugu. Kamera bakoitzak bere "joera" du, baina gero argazkia harantz edo honantz ekartzen dugu filtro batzuk ezarriz. Modu automatikoan (Instagramen bezala) edo eskuz, parametroak norberak aldatuta... beraz, lehen unetik ari gara argazki hori editatzen. Hortik aurrera, muga non dagoen zehaztea ez da erraza. Nik badakit nik non dudan muga.

Kazetaritza egiten bagabiltza, hartzaileak zure argazkia ikustean jasoko duen informazioa zein den ulertu behar dugu. Irakurleak argazki bat ikustean istorio bat egingo du buruan, eta istorio horri argazkiaren edizioak nola eragiten dion ulertu behar dugu. Baina argazkia estetika da neurri handi batean, beraz estetika hori moldatu daiteke... Nik koloretako argazkiak oso gutxi editatzen ditut (kazetaritza egiten nagoenean), txuri beltzezkoak pixka bat gehiago. Ni hor nabil eroso, bai argazkigile eta bai irakurle bezala.

 

Nazioarteko hainbat hedabiderentzako ere egiten duzu lan. Zer islatzen saiatzen zara edo zer interesatzen zaie gehien hauei?

Ez dira gauza bera nazioarteko (edo etxeko) hedabide guztiak edo agentzia guztiak. Batzuk gaiari garrantzi handiagoa ematen diote, eta beste batzuek salmentari bakarrik, baina denak daude salmentara begira. Alde sozialari gehiago edo gutxiago begiratuta, denek funtzionatuko duen produktu bat nahi dute. Baina beti ez dute gauza berberek funtzionatzen, edo bakoitzak "funtzionatzea" parametro ezberdinetan kokatzen du.

Badago joera bat, kanpoko hedabideek morboa bakarrik nahi izaten dutela sinestarazi nahi duena, baina ez da horrela. Denetik dago. Gainera, hedabide edo agentzi berean, artatzen zaituen editorearen arabera, gai batzuk edo argazki batzuk hartuko ditu, eta beste batzuk gutxietsi. Orain 15-20 urte, Euskal Herriak hedabideetan presentzia nabarmenagoa zuenean, gatazkarekin zer ikusirik ez zuten gai asko mugitzen ziren; gaur egun, gai horiek lokalegiak direla esaten dizute, baina aldi berean Kataluniatik antzeko gaiak argitaratzen dira.

Nik oreka bat mantentzea atsegin dut. Badaude atsegin ditudan gaiak, atsegin ditudan moduak, badaude argitaratzea etikoa ez dela uste dudan argazkiak, emandako tratamenduagatik gustatzen ez zaizkidan gaiak... Nire borondatez eginiko lanak badira, niri jakingura sortu didaten gaiak lantzea gustatzen zait. Edozer izan daiteke; niri jakitea interesgarria iruditu bazait, beste batzuei ere interesgarria egingo zaiela pentsatzen dut: Nola bizi da ahuntzain famili bat bi hilabetez Alpeetan; zer sentitzen da 15 egunez behin Herrera de la Manchara, furgoneta barruan, jende berarekin bidaiatzean; nola antolatzen da dantza pieza bat, dantzariak mugitzeko arazoak dituenean; zer sentitzen dute Indiako neska gazte batzuek Europara futbolean aritzera gonbidatzen dituztenean...

Modu orokor batean, politikoki edo sozialki interesatzen zaizkidan gaiak dira: periferiak, baztertuak hegemonikoen aurrean, ahaztuak, galtze bidean dauden ohiturak, ohituren horien berritzeak... Baina enkarguz lana bada, enkargua egin didanak gehiago markatzen du zer atera. Agian ez hainbeste nola egin, baina bai zer. Nik "nola" horretan, nire arauak, nire etika txertatzeko ahalegina egiten dut; beti ezin dut 100% bete, baina argitaratua ikustea nahi ez nukeen argazkirik ez dut bidaltzen.

 

Badituzu elkarlanean beste batzuekin eginiko lan artistikoak ere. Elkarlan horiek era ezberdinetan gauzatu dituzu eta lanak ere era ezberdinetan finantzatu. Zaila izaten da horrelako ekimenak aurrera ateratzea?

[Nik ez dut lan artistikorik, argazkilaritza artea ote den zalantzak ditut, nik lan dokumentalak ditut dio]. Gaur egun, merkatua dagoen bezala, ibilbide luzeko lan bat egin nahi baduzu, zuk zeuk finantzatu behar duzu. Oso zaila da hedabide batek dirua aurreratzea lan hori burutzeko. Edo zuk zure kontura eginda ere, oso zaila da lan hori errentagarria izateko moduan saltzea. Beraz, lan hori finantzatuko dizuten bidaideak behar dituzu. Beka eta dirulaguntzak daude alde batetik, diru nahiko duen erakunde publiko edo pribatu batek dirua ematea, eta auzolaguntza edo diru gutxi duten bidaide askok diru pixka bat ematea.

Azken urteetan crowdfunding izenaz ezagutu badira ere, herri honetan zozketak eta kamisetak saltzen gauza asko atera dira aurrera. Guk, Bostok kooperatiban badugu proiektu handi bat eskuartean, eta fase ezberdinak pasatu ditu. Gure aldetik zozketa bat antolatu eta boletoak saldu genitun. Crowdfunding handi batean sartu ginen eta dirulaguntzak eskatu (eta jaso) genituen. Uste dut hau dela modua gauzak aurrera ateratzeko. Zaila da osoki 100%an dirulaguntzen bidez gauzatzea. Behar duzun diru guztia ere hurbilekoei eskatuta lortzea ez da erraza. Guri oso ondo etorri zitzaigun crowdfunding-a, bestela ezingo baikenuen proiektua aurrera atera, baina lan izugarria eskatzen du. Pena bat da, zure lanean pasatu beharko zenituen ordu asko pasatzen dituzulako dirua biltzeko kanpaina horretan, baina ez dago beste irtenbiderik. crowdfunding batek lan asko eskatzen du. Normala den bezala, jendeak ez du edozergatik dirua ematen eta proiektua behin eta berriz esplikatu behar duzu, kanpaina egiten lagunduko dizuten lagunak bilatu... Lana da, lan handia. Guk bakarra egin dugu, eta aipatu dudan bezala, ondo atera zitzaigun, baina ezagutzen ditut helburua lortu ez duten 11 proiektu ere... Ez dugu esperientzia gehiagorik, erraza edo zaila den esateko, baina zurea ez den esparru batean aritzeak lan handia eskatzen dizu.

 

Elkarlanarekin jarraituz, baduzu zure historikoan kooperatiba baten sorrera eta horretaz gain orain guztiz ezberdina den beste bat sortzen laguntzen ari zara Izarkom. Kontaiguzu zertan den esperientzia hau.

Beno, Izarkomenak ere badu bide luze bat atzean. Izarkom Euskal Herriko Telekomunikazio Operadora Kooperatiboa da. Telekomunikazio zerbitzuak, hau da: mugikorra, etxeko telefonoa eta Interneta beste modu batera eskainiko dituen irabazi asmorik gabeko kooperatiba bat. Telekomunikazioan eta sare partekatuen filosofian arituak ziren lagun batzuk eta ekonomia sozial eta eraldatzailearekin harremana eta interesa genuen beste batzuk topo egin genuen bidean; eta urte pare bat edo pasatu genituen ideia zoro bat buruan genuela. Azken urteetan ezagutu ditugun esperientzia batzuek erakutsitako bideari jarraiki, Izarkom sortzea erabaki genuen iaz. Otsailetik gabiltza telefono mugikor zerbitzua eskaintzen, baina aurrera begira, gure helburu nagusia Euskal Herrian, beharra legokeen tokietan Interneterako sarbidea eskaintzea da. Sare aske eta neutralen onurak ezagutarazi eta eragile ezberdinen partehartzearekin, modu partekatu batean, sare horren eraikitzea butzatu eta horren bidez Interneterako sarbidea eskaintzea da azken helburua.

Gorka Julio

2018, Uztaila 23
Arloa: Berba Bi