Liburutegien eguna

Urriaren 24a liburutegien nazinoarteko eguna dala eta ekitaldi ugari dago bai egunean bertan eta baita urtea amaitu arte be.

Egun honen helburua jendea irakurtzearen garrantziaz ohartu eragitea da, bereziki haur eta gazteen artean. Eta, zelan ez, horretarako liburuzainek egiten daben lana eskertzea nahiz liburutegiek gaur egun beteten dituen funtzinoak azpimarratzea: topaleku bihurtu dira, bertara joaten diren irakurleok edozein gairen inguruko informazinoa, kultura zentzu zabalean eta aisialdirako hainbat gai lantzeko aukera daukagu.

Esate baterako, eta aitatutako helburuari jarraituta, Bilboko Bidebarrietako liburutegia berreskuratu zaneko 25. urteurrena programazino bereziagaz gogoratuko da. Hurreratzen danak eraikinaren historia eta ezaugarri arkitektonikoak azalduko dituan liburuxkea izango ditu eskura, lau hizkuntzatan. Urteotan liburutegian egon diren persona garrantzitsuek eta idazleek  itxitako eskaintzak batzen dituan Oroitzeko liburuak erakusketea dago ikusgai. Euren liburuetan edo Sinadura Liburuan itxitako eskaintzak dira erakusgai dagozanak. Erakusketea, egileen eskaintzak daukazan 44 liburuk eta Bidebarrieta Kulturguneko Sinaduren Liburuaren erakusketa birtualak osotzen dabe. Urtea amaitu arte bisitau ahal izango da.

Jardueren asko eta asko egingo dira. Bilboko egitarauaren inguruko informazino guztia dago  www.bilbao.net/bibliotecas webgune barrian.

Amaitzeko gogoratuko dogu Bidebarrietan bertan, 24an eta arratsaldeko 19:30ean, solasaldia egongo da Bernardo Atxagagaz, Obabakoak lana argitaratu zanetik be 25 urte beteten diran urte honetan. Idazleagaz batera Udane Goikoetxea kazetaria egongo da, eta bien artean, eleberri horrek egilearen ibilbidean eta euskal literaturan euki eban eragina gogoratuko dabe. Sarrerea librea da.

Gozatu Liburutegiez. 

Udane Goikoetxea

2013, Urria 23
Arloa: Arteder