Neguko solstizioa, Gabonak... zer ospatzen dugu abenduan?
Beste jai pagano asko bezala, abenduko solstizioaren ingurukoa ere kristautasunak bereganatu eta moldatu egin zuen.
Duela 1.700 urte inguru, Konstatino I.a Handia enperadoreari komenigarria iruditu zitzaion Jesusen jaiotza Erromatarren Inperioko jai paganorik ospetsuenarekin, hau da, Eguzki Berriaren jaiotza ospatzeko egiten ziren Saturnoren jaiekin kointzidiaraztea. Ospakizun zahar eta ezagun hori neguko solstizioan zentratuta egon da beti.
Abenduan egunak oso laburrak dira Ipar Hemisferioan, eta solstizioaren ondoren luzatzen hasten dira berriro. Antzinako jendeak uste zuen eguzkia zahartu egiten zela hil arte, eta solstizioan Eguzki haurra jaiotzen zela. Iluntasunetik argirako aldaketa ospatzen da, beraz. Erromatarren Inperioaren garaian, urteko gertaera sozial garrantzitsuena Saturnoren jaiak (Saturnalia) ziren; Saturnoren, nekazaritzaren eta uzten jainkoaren omenez egiten zirenak. Saturnorekin batera, beste jainko kutuna Sol Invictus (Eguzki garaitezina) zen, eta haren jaiotza hain justu, abenduaren 25ean ospatzen zuten –Ave Sol Invictus.
Ortuetako lanak amaitu eta gaurik luzeena iristen zenean, erromatarrak lasaitu egiten ziren, modu informalean jantzi eta urte osoan zorrotz bete behar izaten zituzten arauak ahaztu egiten zituzten. Ospakizuna Saturnoren tenpluan hasten zen oturuntza batekin, “Io, Saturnalia” oihukatuz, eta dantza eta abestien artean, opariak trukatzen zituzten lagunen artean: fruta, intxaurrak, argizari-kandelak eta terrakotazko iruditxoak.
Horrek guztiak antz handiegia du gaur egun Gabonak ospatzeko moduarekin, ezta? Oturuntzak, opariak, denek poz-pozik egon behar hori…
Jai horietako gauzarik bitxiena, agian, rolen trukea izaten zen, ordea: esklaboek nagusi jarduten zuten, nagusiek esklabu, gurasoek seme-alaben rola hartzen zuten eta seme-alabek gurasoena. Jaiak irauten zuen bitartean, ikastetxeak, auzitegiak eta dendak itxita egoten ziren, eta, nola ez, gehiegizko jan-edanak egiten zituzten. Pentsa zenbaterainoko askatasun eta desinhibizioa bizi zuten erromatarren sasoi horretan, kristauek “orgia” esateko, Saturnalia hitza erabiltzen baitzuten.
Gaur egun oraindik, kultura askotan ospatzen da neguko solstizioa: herri indigenentzat -aimara, kitxua, rapa-nui eta maputxeentzat, kasu- garai hori aurreko urteagatik eskerrak emateko unea da, eta Eguzkiari neguaren ostean gogotsu itzultzeko eskatzen diote.
Saturnalia jaiek nahiz solstizioaren ingurukoek familia, ugalkortasuna, aldaketa, berrikuntza, babesa, ziklo berria zituzten ardatz.
Adibide gisa, hona neguko solstizioa oso modu desberdinean ospatzen duten hainbat herri:
Japonia: Amaterasu, eguzkiaren jainkosa omentzeko jaia.
Laponiako Saamien herria: Beiwe jaia ospatzen dute, eguzkiaren jainkosa hori ere.
Gabonak, kristauen ospakizunik ezagunena izango da, Jesusen jaiotza ospatzeko.
Maliko dogon herria: Goru izeneko ospakizuna, uztaren azken errituala.
Ikusi gehiago hemen (informazioa gaztelaniaz): https://es.wikipedia.org/wiki/Solsticio_de_invierno
Beraz, gaur egun zer ospatzen dugun oso argi ez badugu ere, dudarik ez dago aldaketa sasoia dela.
Hortaz, Io, Saturnalia, Ave Sol Invictus, Solstizio zoriontsua edo Eguberri on! Bakoitzak har dezala nahi duena.
Hori bai, edonola ospatzen duzula ere, ondo-ondo pasa!