Lorea Argarate Zubia - Telekomunikazio ingeniari eta musika elektronikoan maisua
Motore garrantzitsuena pasioa da, egiten duzunarekiko pasioa.
- Lorea Argarate Zubia.
- Bilbotarra, 1990.
- Telekomunikazio Ingeniaria+
- Teknologia berrien hezkuntzarako lanketan dihardu.
- Afizioen artean nagusia musika, dudarik gabe.
Musika elektronikoan Euskal Herrian gauza gutxi egin izan dira, gutxiegi? Las Tea Party talde ezaguna sortzea erabaki zenutenean, jasotako erantzuna espero zenuten? Nola sortzen da?
Musikaz gozatzeko eta ikasteko batu ginen bi lagunen abenturak izan dira. Hasieran inozentzia puntu handi batekin eta gerora profesional mailara eraman dugun lana. Oso gutxika eman ditugu pausoak eta beti konpainia onez inguratuak, beraz, nahi izan dugun norabidea ematea lortu dugu, eta hori ezta gutxi!
Egia da herri honetan ez dela musika elektroniko asko entzun, eta entzuten zen lekuek eta pertsonek fama oso ona ez zeukatela ere badakigu. Danetarik dago leku guztietan eta hori ere agerian geratu da. Normala da kanpotik datorren musikarekiko arroztasun hori izatea, baina egunen batean gure egingo dugu! Euskal Herrian musika elektronikoko hainbat pertsonai dauzkagu eta baloratzen ikasten hasi behar gara, lan oso politak daude eta hortik.
Musikaz gain, zure lan eremua den unibertsitatean ere gauzak ulertu, gauzak egin ahal izateko, oinarri duen filosofiarekin bat egiten duzu. Zure musika ikasketak eta ingeniaritzak eman dizun ezagutza topatzen diren gunea izan al da musika elektronikoa?
Musika elektronikoaren grina fisika ikasten saiatu nintzen garaikoa da, eta berau uzteko arrazoi handienetarikoa. Ordura arte nire buruak analogikoan pentsatzen zuen beti, egin daitezkeen instrumentu akustikoetan alegia, eta elektronika usnatzen hasi nintzenean nire bidea ikusi nuen. Gauza gehiegi egin ahal ziren ordenagailu eta txip gutxi batzuekin. Asmakizun kaxkar horien soinuek musika elektronikoa beste begi batzuez ikustera eroan ninduten; berauen “tripak” hobeto ezagutzen nituelako izan daiteke.
Ikerketaren esparruan ere ari zara lanean, zein dira zure alorreko azken ikerketa interesgarrienak zure ustez?
Genero aldetik gauza asko ari gara lantzen zientzia eta teknologien inguruan, non patroi argi batzuk ari diren ateratzen eta ahalik eta azkarren eragin beharrekotzat ikusten dudan gauza bat da, baina esan behar dut, azken ikerketa interesgarriena mugikorren erabileraren inguruan izan dela. Gure etsaiari era batera edo bestera aurre egin beharko diogu egunen baten ere! Eta bide oso politak daude datorrenari eusteko.
Hezkuntzari buruzko interes handia ere baduzu. Unibertsitatean horri buruz, ikasi eta ikertzen ari zara, zertan?
Bi urtez egon naiz Deustuko Unibertsitateko Learning lan taldean eta hor konturatu nintzen zein gustuko nuen hezkuntza. Teknologia berriak izugarri gustatzen zaizkit, baina ni beste belaunaldi batekoa naiz, ez naiz hain “millenial”-a eta sail honetan hainbat teknologia berriekin egiten da lan, hori bai, denak hezkuntzara bideratuak eta metodo berriak sortu nahian. Oso gustura egon naizen leku bat da, non izugarri ikasi dudan eta naizenaren parte egin naizen. Zientzia eta teknologietara begira egoten gara, programazioaren lehen pautak sartu nahian eta digitalizazio honen parte izatearen helburuarekin.
Zurea bezalako teknologia laborategiak, zergatik dira garrantzitsuak? Beste esparru batzuetan, hezkuntza formaleko maila baxuagoetan edota hezkuntza ez formalean horien beharra ikusten duzu? Nola neurtu bertan gertatzen dena?
Edonorentzat diren teknologia laborategiek indar handia dute, etxe askotan ezin baitira horrelako tresnak eduki eta publiko egiteak luzera eragin handia izango du. Gainera, horrelako esparruetan, begiraleen eskutik, logika desberdinak lantzen dira eta oso aberasgarria izaten da bai ume edo nagusientzat.
Open Source kultura izaten dute normalean eta teknologiarekiko paraleloan pertsonen arteko harremanak era desberdinean lantzen dira.
Bertako lana neurtzeko adierazle asko eta berriak erabiltzen dira, baina proiektuen bidez lantzen dira gehienak.
STE(A)M Science, Technology, Engineering, Arts, Mathematics, ZTI(A)M euskaraz, gero eta akronimo entzunagoa da. Bereziki programazioaren irakaskuntzari dagokionez, baina orohar teknologien irakaskuntzan egiten ari diren planteamenduak egokiak direla uste duzu? Nola txertatu horiek curriculumean?
Gero eta entzunagoak dira, lan handia egiten ari dira eta Euskal Herriko eragileak. Badirudi benetako garrantzia hartzen ari dela orain eta pozarren nago. Programazioaren irakaskuntzan aldaketa latzak etorriko dira eta poliki poliki gaztetxoenekin hasi beharra dago, maila egoki bat hartzen joan daitezen. Programazioaren bidez beste hainbat eduki landu daitezke eta horretan datza gure lanaren parte handi bat. Nola erlazionatu eta landu gauza baten bidez bestea. Hala ere, edukiak aldatzeko oso tarte txikia dago eskoletan.
Hacker etikak, pasioan, gauzak ondo egiteko beharrezko ezagutza lortu eta aplikatzeko inpultso hori motore garrantzitsuenetako bat bezala jartzen du. Zein izan da zure motore garrantzitsuena eta zein errezeta partekatuko zenuke zure bidea hartu nahiko lukeen gazte batekin.
Motore garrantzitsuena pasioa da, egiten duzunarekiko pasioa. Ez da erraza hori topatzea, ni oraindik bueltaka nabil, baina bueltaka zabiltzan bitartean izugarri ikusi eta ikasten da beraz aberasgarria iruditzen zait betiko “bide normala” ez egitea. Bakoitzak bere erritmoa du eta ez gara produkzio kate bat. Bakoitzak badauka non eskaini bere energia, leku hori topatzea da zailena. “Misfit” sentitzeak ere bere lekua du eta etorkizunean hainbat lanbide berri asmatuko ditugu beraz inoiz baino bereziagoak izan behar gara. Gustatzen zaigunarekiko grina eduki eta landu.
Nire kasuan esan behar dut, bueltaka egon naizen denbora guztian pertsona oso interesgarriak ezagutu ditudala eta beraien zati bat orain nirea dela. Informazioa, partekatzean galtzen ez den errekurtso bakarra da, are gehiago, partekatzean gehitu egin daitekeen errekurtsoa da. Gehitzen duen jendea topa ezazue eta errespetuz jolasten hasi. Horrela helduko dira abenturak!