Eginberri, sei artista gazteren lanak ikusgai
Guggenheim museoak hogei urte beteko ditu aurten, eta askoz gehiago ez dituzte urteurrena ospatzeko museoak antolatutako Eginberri ekimenean hautatu dituzten sei artista gazteek. Ekimena aurkezpen kolektiboa da, Euskal Autonomia Erkidegoan bizi diren eta lan egiten dutenei zuzendua; 35 urtez azpiko sortzaileei lehiaketa baterako proiektuak aurkezteko gonbita luzatu zitzaien, eta 62 artistaren proposamenak jaso zituzten museoan; horietatik sei artistaren lanak aukeratu zituen epaimahaiak: Xare Álvarez Berakoetxea, María Benito Píriz, Patrik Grijalvo, Izaro Ieregi, Zaloa Ipiña eta Karlos Martinez B.
Artista horien lanen koherentzia azpimarratu dute, eta oso ondo irudikatzen omen dute “lainoa”, gaur egun pintura, eskultura, instalazioa edo argazkigintza bezalako diziplinen topaleku hori.
Ipiñak, esaterako, orain arte bizi izan den tokian sabai-leihoak baino ez zituela eta, horri heldu dio bizileku eta espazioari buruz hausnartzeko: Agintza hobe baterako leihoak artelanak, espazio baten barrualdetik abiatuta kanpoaldearekin eraiki ditzakegun harremanak gogorarazten dizkigu.
Karlos Martínez B.-ren Ezagutu nuen “supernoba” hura eta Álvarez Berakoetxearen Gaztainondo-fruitu baten estudioa; marroia, berdea, grisa, purpura-koloreko itzal bat proiektatzen obretan, artistek artisau-metodoekin eraldatu dituzte objektuak, beren esanahiak bereizi eta elkarrekikotasun bisual berriak sortzeko.
Grijalvok ere, gauza artifizialen eta benetakoen arteko harremana landu du Sagar ustelak obran; Costa Ricako oihanean egindako eta forma geometrikoetan bildutako argazki analogikoen bilduma bat.
Agertokiak lanean, Benito Pírizek bost eskultura beltz agertzen dizkigu. Bere bost testu hartu ditu abiapuntu eta hitzek, igarobide batetik, jauzi-ohol batetik, ikasmahai batetik edo tribuna batetik duten proiekzioa izan du gogoetagai.
Maitasunerako denbora du izena Ieregiren lanak, eta testuingurutik ateratako irudien esanahiaz dihardu.
Erakusketa apirilaren 10etik maiatzaren 7ra arte egongo da ikusgai Bilboko Guggenheim museoaren espazio publikoan. Denbora badago, beraz, artista gazte hauen lanez gozatzeko.