Aitzol Aramaio - Zinemagilea

Kontaizu

ber12_01.jpg

"Terminal" zerbait organikoa izan da, baina hurrengo lana egiteko pasio bera jarrito dut

  • Ondarroa, 1971
  • Ikus-entzunezko komunikazioa isasi zuen EHU-n
  • Terminal, bere estreinako film laburra munduko zinema jailadirik garrantzitsuenetatik igaro da
  • Orain bere lehen film luzca prestatzen ari da

Ezustez ezuste igaro ditu azken hilabeteak Aitzol Aramaiok. 2002an “Terminal” izeneko film laburra aurkeztu zuen, eta orduantxe ezin zuen imaginatu lan horrek ekarriko zion arrakasta. Hain zuzen, urte betean “Terminal” munduko Zinema jaialdirik garrantzit

ber12_02.jpg

 

Urte bete eskasean, “Terminal” Europako zein munduko jaialdi garrantzitsuenetatik igaro da. Imaginatu zenuen inoiz halakorik gerta zitekeenik?

Ez, ez nuen halakorik espero. Prozesu organiko baten emaitza izan da filma, eta, egia esateko, orain hasi naiz konturatzen “Terminal” benetan nondik etorri zen eta zergatik egin nuen. Barruak eskatzen zidalako egin nuen, eta kito! Gero gainerako guztia etorri da: jaialdiak, toki guztietako jendea ezagutzea, zinema ona ikustea –laburrak gehienetan-… Eta, jakina, bidaiak. Urte bete igaro dugu leku batetik bestera, eta zoragarria izan da. Azken finean, abentura bat izan da. Edonora gindoazela, gu ezagutzeko jakinmin handia zutela konprobatzen genuen. Montreal, Venezia, Berlin, New York… Bueno, azken horretako jaialdira ez nintzen saria hartzera joan, baina hirian bertan film labur bat zuzentzera gonbidatu naute. “Terminal” egiten hasi nintzenean New Yorken film bat zuzentzeko eskaintza jasoko nuela esan izan balidate, ez nuen sinetsiko. Baina ez da hain arraroa. Izan ere, New Yorkeko eta hemengo arazoak nahiko antzekoak dira. “Terminal”-en kontatu nuena oso gertukoa egin zitzaien.

Diozunez, oraintxe hasi zara filmaren atzean dagoenaz ohartzen. Zer dago, bada, Blanca Oteyzak eta Miguel Angel Solák protagonizatzen duten istorioaren atzean?

“Terminal” sortu nuen izugarri maite nuen lagun bat heroinagatik hil zitzaidalako. Gerora, Roberto Mosoren ipuin bat irakurri nuen, “La chica de la terminal” izenekoa, Manu Chaoren kale istorio batekin egin nuen topo… Pixkanaka, material horrekin istorioa biribiltzen joan nintzen. Nolabait, laburrean galdu nuen pertsona horrekiko sentitzen nuena eta heroinari nion amorrua islatu nahi nuen. Behin irakurri nuen sasoi batean heroinak milioi bat gazte akabatu zituela Europan. Bada, denbora luzez ez da gaixotasun horri buruz ezer aipatu, ezkutatu egin dira datu guztiak. Baina nik bai, kontatu nahi nuen nola bizi izan nuen prozesua, nola pixkanaka laguna hiltzen joan zen, eta, bera horretaz jabetzen bazen ere, nola azken unea arte bizitzari eusten ahalegindu zen. Horren emaitza da “Terminal”. Dena den, denborak eman dit gogoeta horietaz jabetzeko aukera. Zeren, esan bezala, prozesu organikoa izan da guztia, inkontzienteki buruturikoa.

Prozesu organiko horri azalpena bilatu diozun moduan, aurkitu duzu laburraren arrakastaren gakoa? Ez baita erraza planteatu duzun istorioa: elkarrizketarik gabe, musika da irudien sostengu bakarra.

Edertasunaren bidea aurkitzen saiatu nintzen. Irudiak, baita musika ere, ederrak izatea nahi nuen. Eta, emaitza ikusita, lan talde osoak edertasun hori trasmititzen jakin duela iruditzen zait, nahiz eta istorioa, berez, gogorra den. Azken batean kontu txikiak, esaten ez diren gauzak dira garrantzitsuena. Begirada batek, keinu batek, nekez esango dute gezurrik. Hitzak erabilita ‘Maite zaitut’ esan ahal dizut, baina nire begiradak kontrakoa adieraz dezake. Sentimenduen esparru hori ondo agertzen duelako uste dut nik izan duela arrakasta “Terminal”-ek. Dena den, nik banuen beldur bat…

 

Aurrera.

Ez nekien jendeak nola hartuko zuen filma. Lehen emanaldia Venezian egin genuen, eta saioa amaitu eta berehala ikusle batzuk etorri zitzaizkidan, erabat hunkiturik. Orduan konturatu nintzen helburua beteta zegoela, istorioak jendearengan erreakzioak eragiten baitzituen. Zeren laburra ikuslearentzat egin nuen. Hari istorioa gustatzea zen nire erronka nagusia. Beldur nintzen lana epaimahaiaren gustatu bai, baina jendeak paso egitea. Baina Venezian ikuslearen saria jaso genuen, eta horrekin batera zalantzak desagertu ziren.

Lan taldearen garrantzia aipatu duzu. Musika, adibidez, Bingen Mendizabalen esku utzi zenuen.

Banekien gai honetan –bueno, eta planteatu ahal diodan edozein istoriotan- Bingen eta biok hurbilekoak ginela. Hain zuzen, berak berehala jakin zuen nik irudien bidez kontatu nahi nuena doinuetara eramaten. Eta hara non egun batean Bingenek deitu zidan, Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin kontu bat egiten ari zela eta ea haiekin grabatu nahi nuen galdetzeko. Harrituta utzi ninduen. Jakina gura nuela haiekin grabatu! Eta halaxe izan zen kontua. Behin saioa amaituta, orkestrako zuzendariak, Juan José Oconek, grabazioa zer iruditu zitzaidan galdetu zidan. Zer nahi zuen erantzutea? Oraindik ezin nuen sinetsi hura guztia gertatzen ari zenik…

Eta aktoreei dagokienez?

Haien ekarpena ere ezinbestekoa izan zen. Oro har, ekipo osoa ehuneko ehunean inplikatu zen filmean. Lan handia egin genuen Bilboko alde biak, batez ere errekaren bestaldeko errealitatea azaltzeko. Eremu horretan bizi den jendea, etorkinak, gaiztoak direla uste dugu, labana eskuan ibiltzen direla… Bada, laburrean bestelako ikuspegia eskaini nahi genuen; jende horrek sentimenduak dauzkala, bizirik daudela azaldu gura genuen.

Atzerrian harrera beroa egin diote “Terminal”-i, baina zer moduzkoa izan da etxean, Euskal Herrian, izan duen oihartzuna?

Jaialdiei dagokionez, nahiko ondo funtzionatu du “Terminal”-ek Euskal Herrian. Gasteizen bota zuten lehenik, eta ondoren Lekeition, Nafarroan… Gerora, Topaguneak-ek bira moduko bat antolatu zuen hemengo film laburrak herrietan ikus zitezen. Ekimen polita iruditu zitzaidan, normalean filmak hirietara bakarrik heltzen baitira. Saioetako batzuetara joan ginen, eta gustura entzun nituen tokiko ikusleen interpretazioak. Oionen, esate baterako, eztabaida polita sortu zen jendearen artean. Batek galdetu zidan ea autobus gidaria emakumearen aita zen, beste batek anaia zela uste zuen, hirugarren batentzat mutil laguna zen… Zoragarria izan zen nola jendeak istorioa bere egiten zuen ikustea.

Aurrerantzean etor daitezkeen proiektuei begira, ez al dizu bertigorik eragiten egoera honek guztiak? Izan ere, “Terminal”-ek goi-goian jarri dizu langa.

Esan bezala, “Terminal” zerbait organikoa izan da, baina hurrengo lana egiteko pasio bera jarriko dut, nahiz eta erregistro aldetik oso ezberdina izango den. Bestelako abentura batean sartuko naiz. Presioari dagokionez, kirolariek esaten duten bezala, kanpotik datorrena baino okerragoa da zuk zeure buruari egiten diozun presioa. Alde horretatik, lasai nago. Pozik nago lanarekin, erabat estimulatuta, aurrera egiteko gogoarekin.

Honezkero izan duzu zinemaren alde goxoa ezagutzeko aukera, baina baita hain goxoa ez den beste aldea ere.

Alde batetik, sormena dago, eta, bestetik, industria. Lehen unetik argi eduki dut ni zuzendaria naizela eta ez ekoizlea. Bakoitzak bere lan esparrua du. Alde guztiekin harreman ona edukitzea ezinbestekoa da, baina esandakoa, bakoitzak bere tokian egon behar du. ber12_03.jpg

 

Nolabait, zeure buruari leial mantentzea da funtsezkoena.

Zeure buruarekiko leial izan baino gehiago, gauzek nola funtzionatzen duten ikastea da gakoa. Bat ezin da denetara iritsi, beraz, zenbait kontu taldearen esku utzi behar ditu. Argazki zuzendariari esan ahal diot zer nahi dudan, baina hortik aurrera berak erabakiko du zer egin. Ekoizlearekin beste horrenbeste gertatzen da. Kontua zera da: argi eduki behar duzu nor zaren eta nora joan nahi duzun. Jakina, zalantza uneak egon badaude, baina ezinbestekoa da egin nahi duzunari buruzko ideia bat edukitzea.

Zuzendari asko laburrak egiten hasten dira, film luzeei heltzeko nahikoa dirurik ez dutelako.

Niri laburrak egitea asko gustatzen zait, formato aldetik egokiak iruditzen baitzaizkit. Egia da zuzendari askok arrazoi ekonomikoengatik egiten dituztela laburrak, ez baita hain erraz lortzen film luze bat egiteko beharrezko dirua. Zeren sormen prozesuari dagokionez, nahiko antzekoak dira biak.

Telebistan lan egindakoa zara, bideoklipak ere grabatu izan dituzu. Zer eragin izan dute lan horiek zeure ibilbidean?

“Super Bat” haurrentzako programan egon nintzen lehenik, eta “Lo que faltaba”-n ondoren. Lan taldean aritzen ginen, eta zuzenean emititzen genuen. Zuzeneko programak tentsio handikoak izaten dira. Asko ikasi nuen, eta ezagutu nuen jendearekin harreman ona eduki nuen. Baina telebista bizitzeko dirua irabazteko modua izan zen, besterik ez. Bideoklipei dagokienez, formato askeagoa da, sormen handikoagoa. Mikel Urdangarinekin grabatu nuen azken bideoklipa, eta asko gustatu zitzaidan emaitza. Plano bakarrean antolatu nituen irudiak, erronka handia zen horrelakorik egitea, baina neurri batean bideoklipak ere arriskatzeko daude. Bai telebistan bai bideoklipetan egindakoa lanbidearen barruan kokatzen dut; ikasketa prozesuaren parte izan dira. Ez nituen erabili ondoren laburra egiteko, ez. Mementoan bertan izan nituen ikasbide. Zeren lan bati ekiten diodanean, neure onena ematen saiatzen naiz, horren ostean zer egingo dudan pentsatu barik. Batzuek formato txikiak aurkezpen gisa erabiltzen dituzte, ondoren proiektu luzeagoetara jotzeko. Bada hori ez da nire kasua. Lan bakoitzari garrantzi bera ematen diot.

Orain zure estreinako film luzea izango den horretan buru belarri sarturik zabiltza. Lehenago aipatu duzunez, ez du lotura handirik izango orain arte zuzendu duzunarekin.

Hor gabiltza beste abentura eder bat muntatzen. Printzipioz, ez du zerikusi handirik edukiko orain arte egindakoarekin, ez kontatzeko moduan, ez formatoan, ez ezertan. Baina horixe da gustatzen zaidana. Oporretan beste nonbaitera joatea bezalakoa da. “Terminal”-ekin Bilbon egon naiz oporretan, eta oraingo honekin beste nonbaitera joko dut, leku ezezagun batera. Ez zait gustatzen dena markaturik izatea; nahiago dut abiapuntua finkatu eta aurrera egitea, gertatuko dena jakin barik. Bestelako esperientzia izango da lan berria, dudarik gabe.

Aitzol Aramaio pertsona kamaleonikoa dela esan daiteke?

Ez, horrelakoa naiz berez. Ez daukat inguruetara egokitzeko arazorik; edozein tokitan ondo nago. Zinemarekin beste horrenbeste gertatzen zait. Planteamendu sinpleetatik abiatzen naiz, erronka handirik markatu gabe. Egia da geroz eta kasu handiagoa egiten diodala barruak eskatzen didanari. Egiten dudanarekin gozatu nahi dut. Ondo pasatzera goaz, besterik gabe.ber12_04.jpg

Kontaizu

2004, Azaroa 01
Arloa: Berba Bi