Ione Irazabal aktorearekin solasean

Antzerkian diharduten aktoreek ixileko lana egiten dutela esan daiteke, ez dute izaten telebistan edo zineman agertzen diren aktoreek besteko izena eta oharkabean joaten zaigu askotan haien lana. Hala ere, euskal aktore asko eta oso onak ditugu gure inguruan, eta aspaldidanik lan eta lan ari direnak gainera, horietako bat duzue Ione Irazabal elorriarra. Aspaldi honetan Madrilen bizi bada ere, ez du ez Euskal Herriarekin eta euskararekin harremanik galdu, eta euskaraz, gaztelaniaz nahiz ingelesez lan egiten du.

Ionek Madrilen, New Yorken eta Ingalaterran egin ditu arte dramatikoa eta hainbat teknikari buruzko ikasketak. Antzerkian dihardu batik bat, baina zineman eta telebistan ere aritu izan da, eta ipuin-kontalaria eta yoga-irakaslea ere bada. Solasalditxoa izan dugu berarekin, honetaz eta hartaz:

G: Ione, zer da zuretzat aktore izatea?

E: Ni beti antzerkiaren eta interpretazioaren munduan murgilduta ibili naiz, antzerkian, telebistan eta zineman. Gure lanbidean beti ari zara gauza berriak ikasten eta hainbat gaitasun garatzen, ezin zaio inoiz ikasteari utzi, eta hori da lan honek duen gauzarik erakargarriena. Gainera, gure lana, taldeko lana da; beraz, taldean lan egiten ikasi behar duzu eta zenbat eta trebetasun gehiago eduki, hobeto. Aurrea hartu behar da proiektuak garatzeko.

Ipuin-kontalari ere aritzen naiz, lotura handia dauka aktorearen lanarekin, publikoarekin oso komunikazio zuzena daukazu eta "taulak" hartzeko oso bitarteko ona da.

G: Zerk bultzatu zintuen lanbide horretara?

E: Hasieran intuizioak, ikastolan egiten genuen antzerkiaren oroitzapenak, literatura maitatzea, istorioak kontatzea maite nuen, ozenki irakurtzea ere asko gustatzen zitzaidan; abestea, jolastea eta gorputza mugitzea ere bai. Nire mugak gainditu nahi nituen, eta hori izan zen motorra. Gero gauzak aldatzen joan dira, antzerkia bizitzarekin lotuta dago, gizartearekin, filosofiarekin eta gizakiok egiten ditugun galdera potoloekin ere bai. Gainera barre asko egiteko balio du batzuetan, eta beste batzuetan, zure burua ispilu baten aurrean bezala ikusteko ere bai, mundua ulertzeko, pentsatzeko, galderak egiteko eta gure arima edo barnea lasaitzeko balio du aktore izateak, beraz, oso esker oneko lanbidea da.

G: Ipuin-kontalari ere aritzen zara, aurrez aurreko harreman horretan, hizkuntzak garrantzi handia izango du.

E: Hitzak gure ahotik irteten direnean, ozen esaten ditugunean, gure irudimenaren askatasuna bilatzen dugu. Garrantzi handia du haurrei ipuinak kontatzeak (helduei ere bai, noski) hizkuntza aberasteko. Ipuinak kontatzean bizitzaren misterioa hobeto ulertzen dugu, batzuetan beldurrak uxatzeko bitartekoa ere badira, eta beste batzuetan babesa sentitzeko, edo beste batzuekin loturak indartzeko. Ahozko literaturak, gainera, arbasoen jakintza erakusten du eta hori da klasikoen indarra eta balioa.

G: Aktore euskaldun bat Madrilen, abantailak ala oztopoak?

E: Egia esan, beti nabil handik hona, Euskal Herritik Madrilera eta buelta. Niretzat oso gauza naturala da, eta abantaila handia da, gainera, bi hizkuntzatan bizitzea. Askoz gehiago aritu naiz gaztelaniazko anterkian, klasiko asko egin ditut eta asko maite dut, baina hizkuntzak, musika bezala, erritmoa, soinua eta egiturak dira eta badaude tresna batzuk bi hizkuntzatan erabil daitezkeenak nahiz eta hizkuntza bakoitzak unibertso desberdinak izan.

G: Aktore izateak izango ditu, baina, alde txar eta onak.

E: Txarra da jakitea ez duzula inoiz lan finkorik edukiko, eta ondorioz, soldata finkorik ere ez, jakina. Denborarekin ere oso harreman bitxia sortzen da; batzuetan denbora libre asko izaten dut eta lanean hastean, berriz, ziztu bizian joaten zaizkit egunak.

Baina alde ona da gustatzen zaizun horretan aritu ahal izatea, hori luxu bat dela uste dut, eta nire nortasunari buruz eta gizakiari dagokiona ikasten dut. Ez dut inoiz jakinmina asetzen eta batzuetan oso momentu magikoak ere bizi izan ditut. Pentsaizue zenbat egoera eta gertaera izaten diren film edo antzerki obra batean!

G: Gazte asko izango dira, seguru asko, aktore lanetan saioa egiteko prest egongo direnak. Animatuko zenituzke?

E: Jakina, esango nieke aurrera egiteko zalantzarik gabe. Hori bai, asko ikasi behar da; aktorea ez da egun batetik bestera sortzen, ibilbide luzea da. Baina gainera, aktore lanaren inguruan ere beste hainbat jarduera interesgarri daude: dramaturgoak, zuzendariak, argi-diseinatzaileak, eta abar. Ikasketa osagarriak dira, baina guztiz aberasgarriak bizitzako beste arlo batzuetan ere.

Gehiago jakiteko:

http://estudioyaelbelicha.com/coach-de-interpretacion/ione-irazabal/

https://www.youtube.com/watch?v=-h0rx4iKRZ4

 

 

 

letrArt

2016, Azaroa 23
Arloa: Arteder