Bidaia baten kontakizuna
Aurreko batean, uda honetan irakurtzeaz gain, idaztera ere animatzeko eskatu genizuen: bidaia baten kontakizuna egitea da hautabide bat. Eta ez da urrutira joan behar, ez da bidaia luzea izan behar, goazen tokira goazela, ez-ohiko gauzak egingo ditugu edo ohikoak, baina beste modu batean; beraz, hori kontatuko dugu. Baina bidaia-kontakizun batek ezaugarri batzuk ditu, eta oraingoan, horietako batzuk azalduko dizkizuegu:
Egunerokoa
Garrantzitsua da idazteko erabiliko duzun koadernoa ondo hautatzea, neurri erabilgarria aukeratu, aldean eramateko erraza dena. Edozein motatakoa izanik ere, eroso sentitu behar zara bertan idazten duzunean, mahai batean nahiz beste edozein tokitan. Eskura eduki eta deigarria iruditzen zaizun edozer gauza jaso bertan.
Nondik hasiko naiz?
Bidaian irten aurretik hasi idazten, bisitatuko duzun lekuari buruzko informazioa emanez eta prestaketa-lanak zehaztuta. Idatzi zer espero duzun edo bidaia nolakoa izango dela uste duzun. Gero, bizi eta ikusitakoarekin konparatu ahal izango duzu.
Zehatz-mehatz
Nora zoazen edo zer ikusten duzun ez ezik, nola sentiarazten zaituen ere idatzi behar duzu. Zentzumen guztiak erabili behar dituzu zehaztasun guztiak jasotzeko. Bidaia gogoratzen duzunean, ikusi zenuenaz gain, jaki gozo haren zaporea edo ezezagun haren irribarrea ere gogoratuko dituzu. Den-dena jaso, beti izango duzu denbora azken orrazketan nahi ez duzuna ezabatzeko.
Apaindu
Erabili zure koadernoko orriak bestelako gauzak txertatzeko: garraiobideetako txartelak, postalen bat, plano bat, ikuskizunen bateko sarrera... xehetasun guztiak garrantzitsuak dira. Koadernoko orrietan itsasten badituzu, oroigarri izateaz gaian, apaingarri ere izango dira. Eta marrazkilari ona bazara, zer esanik ez, idatzitakoaren osagarri bikaina da marrazkia: zirriborroak, akuarelak... bururatzen zaizun edozer da egokia koadernoa apaintzeko.
Gaiak aukeratu
Gertaerak ordena kronologikoan jasotzea agian ez da nahikoa; aukeratu idaztera animatuko zaituen gairen bat bidaiaren alderdi batzuk modu bitxiagoan azaltzeko: ezagutu dituzun pertsona guztiak, dastatu dituzun jaki berriak, bidaian zehar entzun dituzun abestiak... zerrendek dinamizatu egingo dute narrazioa.
Idatzi, idatzi, idatzi
Saia zaitez hutsik ez egiten, eta idatzi egunean behin gutxienez. Ez duzu den-dena ezin hobeto idatzi behar... baina hobe da unean bertan ohar batzuk jasotzea eta aurrerago forma ematea. Idatzi bururatzen zaizuna, arrapaladan izan arren, aurrerago itxuratuko dituzu ohar guztiak.
Beste batzuen oharrak
Lagunekin, familiarekin, bikotearekin zoazela? Askoz hobe. Utzi haiei ere zure koadernoan idazten, bidaiaren beste ikuspegi bat jasoko duzu horrela.
Azken atala
Bidaia amaitzera zoazenean, idatzi epilogo moduko bat. Etxera itzultzen zarenean, egin bizi izandako guztiaren laburpena. Zer espero zenuen eta zer izan den, alde onak eta txarrak, eta kontuan hartu beharreko gomendioak edo aholkuak ere jaso ditzakezu.
Egia esan, denbora igarotakoan, egindako bidaien edo oporraldien koadernoak berrirakurtzea plazera da, eta bidaia berregiteko aukera ematen dizu.
Koadernoa idazteko erabakia hartzen baduzu, arreta handiagoa ipiniko diezu gauzei, jendeari, momentuei, eta xehetasun handiagoak biziko dituzu.
Une batez deskonektatzeko aukera ere ematen dizu, ahaztu mugikorra eta ordenagailua, eta egin zaitez koaderno baten eta boligrafo baten lagun, ez zaizu damutuko.
Gogoratu gainera, uda ostean bidaia-kontakizunen hainbat lehiaketa izaten direla, eta agian, aurkeztera animatuko zara!