Irakurri, idatzi... gozatu!
Oporretan joatea esperientziarik atseginetakoa da, zalantzarik gabe, gustuko gauzei denbora gehiago emateko aukera daukagu, bai eta urtean zehar baztertuta utzi ditugun gauza txikiei ekiteko ere. Asko eta asko hondartzara joango zarete, eta benetan, hondartzan, itsasoaren aurrean, olatuen soinuarekin irakurtzea baino gauza ederragorik, gutxi. Hondartzako ordu goxoak edo bazkalosteko gerizpeko tartea, edozein izan daiteke ona liburu batekin gozatzeko: eleberri bat, poesia, komikiak... berdin dio... irakurri. Gogoan izan, gainera, zuen herriko liburutegiko erabiltzaile bazarete eta txartela baduzue, liburu elektronikoak ere maileguan hartu ahal izango dituzuela www.eliburutegia.euskadi.eus helbidean, euskaraz, gaztelaniaz, alemanez, italieraz, frantsesez, portugesez, katalanez eta ingelesez, eta ez duzue poltsa liburu mardulez bete behar izango. Ez dago aitzakiarik!
Eta apurtxo bat gehiago ausartzen zaretenontzat, esperientzia berri horiek guztiak aitzakia ederra izan daitezke idatziz jasotzeko: eguneroko bat, narrazio laburrak, ipuinak... edozer... baina idatzi, egunero apurtxo bat, esperimentatuz.
Baina edozer aukeratzen duzuela ere, batez ere, GOZATU!