Mina bat, lore bat. Artea bakearen alde
Por cada mina una flor proiektuak bakearen aldeko artea eta kultura erabiltzen ditu munduan dagoen harresirik handi eta arriskutsuena salatzeko. Harresi horrek Mendebaldeko Sahara zeharkatzen du iparretik hegora eta milioika mina daude haren inguruan lurperatuta. Horrek, besteak beste, saharauien lurraldea erdibitu eta bereizi egiten du.
Apirilaren 22ra arte, Mohamed Moulud Yeslem artista sahararraren ekimenez, Por cada mina una flor / Mina bat, lore bat erakusketa eta lore-bilketa egingo dute Donostiako San Telmo museoaren aurrean, eta herritarrei dei egiten die erakusketa ikustera bertaratu eta loreak eramateko.
Moulud Yeslem artista sahararrak 10 milioi lore bildu nahi ditu ekimen horren bidez; harresi horretan lurperatuta dagoen mina bakoitzeko bana, modu sinbolikoan bertara eramateko. Euskal Herriko hainbat herritarren laguntza ere jaso izan du ekimenarekin daraman denbora honetan, azkenekoak Donostiako hamalau ikastetxetako ikasleak izan dira. Artistak berak jasoko ditu loreak ikasleen eskuetatik eta saharauien errefuxiatuen kanpalekuetara eramango ditu. Aurtengo lore landatzea urrian izango den FISAHARA nazioarteko zinema jaialdiaren baitan egin nahi du Mouludek, eta aurten lortu nahi dituen 30.000 lore horietatik 14.000 falta zaizkio, horiek lortzeko laguntza eskatzen die ikastetxe, unibertsitate eta elkarteei, bakearen aldeko arte eta kultura proiektu honen barruan.
http://mouludyeslem.blogspot.com.es/2014/05/por-cada-mina-una-flor-un-jardin-de.html