Emakumeak hormetan

kontaizu

“Artea askatzailea izan badaiteke, kaleko artea are gehiago; aukera ematen diolako jendeari normalean ukatzen zaion espazio publiko baten jabe egiteko”

Sit al-hita – Hormetako emakumeak – WOW ingelesez, 2013ko udaberrian Egipton hasi zen graffiti ekimena da. WOW ekimenak graffitia erabiltzen du emakumeei buruz hitz egiteko, emakumeei dagozkien gai eta eskubideez hitz egiteko, emakume arabiarra ikusarazteko, finean. Emakumeen presentzia Egipto eta Ekialde Hurbileko kaleetan ikusgarri bihurtzeko.

Egipton 6 tailer jarri zituzten abian, eta haien arrakasta ikusita, lurraldean zabaltzea erabaki zuten, eta ordutik aurrera kanpaina soil bat baino askoz gehiago da. Artea erabiltzen dute Ekialde Hurbilean eta arabiarren artean garrantzi handia duen gai bat kaleratzeko, emakumeen ahalduntzea, alderdi guztietan: politika, gizartea, ekonomia eta kultura. Guztira, 60 artista baino gehiago atxiki zaizkio ekimenari, gehienak emakumeak dira, baina gizonik ere badago.

WOW ekimenean parte hartzen duen artista bakoitzak bere istorioak ekartzen ditu, bakoitzak kalearekin izandako harremanaren emaitza, eta orain arte Kairo edo Ammaneko hainbat horma margotu dituzte Suediako eta Danimarkako gobernuen diru-laguntzarekin.

Hormek beti errealitateren bat ezkutatzen dute, eta Alejandria, Sana edo Ammaneko kaleetan, genero-rolak ezkutatzen dituzten horma berberek emakumea ikusarazteko ere balio dute.

Irudi guztiak ez dira beti errebindikatiboak edo feministak, baina emakumeen eskua daramate; normalean ukatzen zaizkien espazioen jabe egitea da kontua. Izan ere, gizonek emakume bat ikusi ahal izatea, lurretik 50 metrora dagoen garabi batean igota horma bat margotzen, bada zerbait.

Laila Ajjawi palestinarrak, esaterako, ez dio inori enbarazurik egin nahi bere margolanekin; baimena eskatzen du margotzen hasi aurretik eta emakume indartsuak irudikatzen ahalegintzen da, emakumeak jakin dezan munduan badela nor.

https://www.youtube.com/watch?v=SUHkKwCoxEo

Khadija El-Ghawes egiptoarra kaligrafiaren eskutik iritsi zen graffitiaren mundura. Udaberri arabiarra izenekoa lehertu zenean, kalera irten zen hormak margotzera beste artista batzuekin batera, itxaropena eta optimismoa islatu nahian.

Beste batzuk, Noor Qussini jordaniarrak esaterako, ikurrak erabiltzen ditu, jarlekuak erabiltzen ditu Jordaniako gizartearen tradizioa islatzeko, baina kontzeptuak erabili arren, benetako istorioak kontatzen ditu: senarrak jo arren, familiak ez lotsarazteko banandu ezin diren bere bi laguni buruz, esaterako. Edertasuna agerian jartzeaz gain, mezua ere zabaltzea ahalbidetzen dio kalean margotzeak.

Munduari mezuak bidaltzeko modu bat da, erabaki propioak hartzeko askatasunik gabe, gaur egun oraindik aiten, neben edo senarren errepresioa jasan behar duten emakume horiei laguntzeko modu bat. Proiektu horren bidez tradizio ilun horietatik ateratzeko hegalak eta adorea eman nahi baitzaizkie.

Informazio gehiago: http://womenonwalls.org/about/

kontaizu

2016, Martxoa 04
Arloa: Arteder