Angel Garraza - Eskultorea

Esti Ezkerra

ber26_1.jpg

Eskulturan ezagutzen dudanari buruz hitz egiten saiatzen naiz

  • Aio, Nafarroa, 1950.
  • Iruñeko Arte eta Lanbideen Eskolan ikasi zuen lehenik, eta Bilboko Arte Ederretako fakultatean ondoren.
  • 1974an Valladolid hiriko eskulturako lehen saria eskuratu zuen.
  • Ordutik hona, hamaika sari jaso eta hainbat erakusketetan parte hartu du.

Serio itxura du Angel Garrazak, baina hori baino ez da, itxura. Izan ere, pertsona arras beroa eta atsegina da eskultore nafarra. Otsailaren 26a arte, bere azken urteetako lana biltzen duen erakusketa ikus daiteke BBK erakundeak Bilbon -Elkano kalea, 20-

ber26_2.jpg

 

Nola hartu zuten gurasoek zu artista bihurtzearena?

Aitak, bere gurasoen antzera, nekazaria zen, baina zorionez sekula ez ninduen behartu bere urratsak jarraitzera. Are gehiago, bizimodu hori gaindi nezala gura zuen. Hamalau urterekin atera nintzen herritik, ez ikastera lan egitera baizik, eta ondo hartu zuen aitak. Herritik ateratze hutsak lorpen izugarria iruditzen zitzaion. Akaso amak ez zuen hain ondo eraman, baina azkenean ohitu egin zen. Nire aurretik, arbaso guztiak lurrari emanak bizi izan ziren, eta nahiz eta literalki haien bizimoduarekin hautsi dudan, sinbolikoki lurrari lotuta jarraitzen dut, eskulturetan keramika lantzen baitut. Paradoxa ederra iruditzen zait.

Zeure kabuz ikasi zenuen eskultura?

Hasieran bai, neure kabuz aritu nintzen, baina gero Iruñeko Arte eta Lanbideen eskolan izena eman nuen. Denboraldi batez arotz lanetan ibili nintzen, baina artearen ‘deia’ sumatu nuen eta Arte Ederretan matrikulatu nintzen. Nolabait, nire burua birziklatu nuen, eta gaur egun eskultore ez ezik irakasle naiz Leioako Arte Ederretako fakultatean.

Zer moduz moldatzen zara irakaskuntzan?

Kasualitate hutsa da ni irakasle izatea; ez da bokaziozko lanbidea niretzat. Garai batean aukera gutxi zeuden artistontzat, eta halako batean unibertsitatean sartzeko aukera izan nuen, proba moduan hasi, esperientziarekin gustura geratu eta hantxe jarraitzen dut oraindik. Are gehiago, hezkuntza gustuko dudala esan dezaket. Ez nekien komunikatzeko gaitasuna nuenik eta, zentzu horretan, irakaskuntzak begiak ireki dizkit. Nolabait, bi fronteren artean aurkitzen naiz, irakasle baino lehen artista bainaiz. Baina uste dut nire esperientzia pertsonaletik abiatuta ikasleei zer irakatsirik badudala. Bestetik, artistaren egunerokoa oso gogorra izan daiteke. Erakusketa bat prestatzen zabiltzan bitartean ilusioa da nagusi, hamaika ideia etortzen zaizkizu burura. Baina behin prozesua amaituta behera zoaz. Hutsetik hasi behar zara berriro. Fakultateko lanak bestelako giroa eskaintzen dit, babes moduko bat agian. Eskolan zure moduko jendea aurkitzen duzu, ulertzen ditu zure arazoak, eta horrek asko laguntzen dizu aurrera jarraitzeko.

 

Normalean, artistei beren lanari buruz hitz egitea kosta egiten zaie.

Bai, izugarri gainera.

Baina azalduko zeniguke zer bilatzen duen Angel Garrazak eskulturaren bitartez?

Artista askok esaten dute ezagutzen ez duten hori saiatzen direla beren obretan islatzen. Agian ni ezagutzen dudan horri buruz hitz egiten saiatzen naiz. Ezagutu bai, baina ulertzen ez dudan horretaz, azken batean horixe da bizitza. Minaren, maitasunaren zein adiskidetasunaren aurrean ahul bihurtzen gaituzten mekanismoak arakatzen ditut. Denok ezagutzen dugu mina, maitasuna, adiskidetasuna… eta, hala ere, zeinen ezezagunak zaizkigun oraindik! ber26_3.jpg

 

Zein punturaino kaltetu du merkatuak artearen izaera?

Nire ustez ez du hainbeste kaltetu. Esango nuke arteak betiko moduan jarraitzen duela. Baina ziurrenik, bizitzan bezala, denetariko esparruak daude. Esparru horietako bat litzateke artea inguratzen duen mundua: glamourra, museo handiak, erakusketak, komunikabideak… Baina artea, berez, ez da hori. Artea benetakoa den horren adierazle da.

Eta teknologia berrien aurrean, zer toki du eskultura bezalako diziplina artistiko ‘tradizional’ batek?

Panorama nahiko konplexua da, birtualtasuna ari delako inposatzen. Eta fisikotasunik gabe eskulturak ez du zentzurik; zerbait ukigarria izan behar du. Dena den, teknologia berriek hamaika bide zabaldu dituzte, artea pluralago bihurtuz. Badira bideo-artistak, baina baita betiko materialak lantzen jarraitzen duten eskultoreak ere. Azken batean, material horiek beti egon dira hor, gizakiaren ondoan. Nik, esate baterako, buztina erabiltzen dut gehienbat. Azken batean, garrantzitsuena zera da: zerbait kontatzeko gogoa izatea. Zein bitarteko erabili gutxienekoa da.ber26_4.jpg

Esti Ezkerra

2006, Otsaila 01
Arloa: Berba Bi