Iratxe Esnaola - Informatikan Ingeniaria

Gorka Julio

ber39_1.jpg

Internetetik Euskal Herria txikitasunean handi bihurtzen lagun dezake

  • Zarauztar gaztea, informatikan ingeniaria doktoretza tesia egiteko bidean.
  • Bere kezka eta nahia sarearen jendarteratzea izan dira.
  • Gaur8 proiektuaren barnean irekitako blogarekin, euskarak, euskaldunok eta Euskal Herriak behar duen filosofia teknologikoa zabaldu nahi du.
  • Jendartearen parte hartzea eta ezagutza informatiko minimoak eskatzen dituzten ekimenak suertatzen zaizkio interesgarri.

Orain arte, Internet euskarara hurbiltzearen eta Euskal Herria Interneten kokatzearen inguruko ekimenetan ibili da lanean bipuntuzero.org jardunaldien prestaketan adibidez. Irakaskuntza eta ikerketa bidea

ber39_2.jpg

 

Zure ikasketak eta orain arte profesionalki egindakoa pixka bat?

Ikasketei dagokienez, Informatikan Ingeniaria naiz eta une hauetan doktorego-tesia definitze prozesuan aurkitzen naiz. Ingenieritzako bost urteak bukatu aurretik eta ondoren programatzaile gisa lan egin dut hainbat enpresetan, baina ez nuen nire burua hor ikusten, ez kokatzen. Irakaskuntza eta ikerketaren bidea ere uztartu nahi nituen, eta Deustuko Unibertsitateko Donostiako campusean hasi nintzen lanean. Bertan irakasle lanak burutzen ditut, eta ikerketaren arloan, tesia garatzen hasteko urrats guztiak emanak ditut. Tesia ere ingurune berean aplikatu nahi dut eta definitze horretan, hezkuntza ereduak ikerketara eta teknologien erabilera arduratsu eta intentsibora bideratuko dituen gaiak landu nahi ditut.

Interneten zure orain arte eraman dituzun ekimen pertsonalak zein dira?

Interneti dagokionean, nire kezka eta nahia sareen sarearen jendarteratzea izan dira haseratik. Ez naiz garapenean aritu, Internet eta bere baitan biltzen dituen tresna, joera eta aldaketen zabaltze eta dibulgazioan aritu naiz buru belarri, artikulu, elkarrizketa, hitzaldi eta gainerakoekin. Ildo berean, Internet euskarara hurbiltzearen [lokalizazioa] eta Euskal Herria Interneten kokatzearen [internazionalizazioa] inguruko ekimenetan ibili naiz.

Gaur8 proiektuan murgildurik zabiltzalarik, azalduko zenizkiguke proiektu horren nondik norakoak eta zure papera bertan?

Nabarmena da Internetek idatzizko prentsari erronka berriak ezarri dizkiola. Goizean egunkarian irakurtzen ditugun albisteak, bezperan Interneten irakurri genituenak dira. Internet-en 'gaur' dena, 'atzo' da paperean. Testuinguru honetan, Gara-tik sortutako proiektu berritzailea da Gaur8, eta bi helburu nagusi ditu: batetik, larunbatero paperezko edizioan kaleratzen den euskarazko kalitatezko gehigarria izatea, eta bestetik, eta sentimendu erabat berritzaile batekin, sarea eta papera modu eraginkorrean uztartzea. Baina bi helburu nagusi izateaz gain, izenak berak ere bi mezu argi ditu: gaur8 aurrera begira dago, ez da jada jazotako gertakarien euskarazko bilduma bat, etorkizuna euskaraz gerturatu nahi duen proiektua da; eta bestetik 7+1 fenomenoa hartzen du bere baitan, alegia, 7 egunetan sarean, behin paperean. Proiektu honen baitan, Mikel Olasagasti eta biok e-torkizunaz bloga jarri dugu martxan. e-torkizunaz blogaren helburua euskaldunon filosofia teknologikoaren akuilu izatea da. Alegia, eta gaur8-ren ezaugarrietara egokituz, etorkizunean teknologiek Euskal Herriari aurkeztuko dizkioten erronkak hurbildu nahi ditugu, gaurdanik hasita. Baina ez etorkizunean puntako teknologiak zeintzuk izango diren azalduz, euskarak, euskaldunok eta Euskal Herriak behar duen filosofia teknologikoa zabaldu nahi dugu: gertatu denaz, jazotzen denaz eta etorkizunean saihestu behar ditugun jarrerez hitz egin nahi dugu. e-torkizunaz bloga gaur8-ren baitan euskaldunon etorkizuneko behar teknologikoez arituko den bloga da.

Etorkizunari begira zein garapen ikusten diozu proiektuari?

Etorkizunera begira erabiltzaile euskaldunon erreferente bihurtzea amesten dut. Erreferente, eta lehen esan bezala, akuilu.Hainbeste informazio eta ezagutza biltzen duen sarean, 'infoxikazioa' ematen da, eta beharrezkoa da iragazki funtzioa, alegia, balorea eransten duen zer eta non dagoen filtratzea. Euskarazko Internetak pairatzen duen atomizazioa gainditzeko gune edo abiapuntua ere izan daitekeela pentsatzen dut. Alegia, indarren metaketan zentratzea, guztia lotzea, eta Interneten euskaldunon komunitate indartsu bat biltzea. Baina gaur8 jaio besterik ez da egin, eta Internet eta teknologien munduak bizitza zoratzeko moduko abiaduran aldatzen dutela oinarri hartuta, unean uneko beharretara egokituko den proeiktua izatea espero dut. Berritzailea uneoro, eta aurrera begira beti.

Jendearen parte hartzea sustatzen duten ekimenak interesgarri zaizkizula ikusirik, hauetatik zein nabarmenduko zenituzke, Euskal Herri mailan eta baita mundu mailan ere.

Jendartearen parte hartzea eta ezagutza informatiko minimoak eskatzen dituzten ekimenak suertatzen zaizkit interesgarri, ezaugarri bat bestea gabe herren geratzen baita. Teknologiak eta Internet, horixe dira, teknologia hutsak. Erabiltzaileok erabiltzen ez baditugu, ezerezean gelditzen dira. Erabilera horrek, gainera, egokia eta arduratsua izan behar du. Zentzu honetan, eta dimentsio bakoitzari tresna bat izendatze aldera, Euskal Herri mailan blogosfera eta mundu mailan wikipedia nabarmenduko nituzke, batez ere, sortu ahal duten eragin sozialagatik. Euskal Herrian ez gara ohitu Interneten euskaraz idaztera, ez eztabaidatzera. Blogek mundura begirako leihoetatik gure hitza lau haizetara zabaltzeko aukera ematen digute. Eta hitz horiek elkarrizketa bihurtu, sortuz eta ikasiz, etengabe elikatuz. [blogak sortzeko euskarazko tresna bat: blogari.net]. Bestalde, Euskal Herrian oraindik behar adina ezagutzen ez den baina mundu mailan hizkuntza politikarako tresna eraginkorra den Wikipedia proiektua aipatzea ezinbestekoa zait. Wikipedia Interneteko konexioa duten munduko txoko guztietatik atzigarria den entziklopedia librea da. Eta librea delako, hizkuntza gutxituak ere ezagutzen ditu. Wikipedian edozeinek hartu dezake parte, hiztegi erraldoiaren sarrerak sortuz. Edozeinek eta nahi dugun hizkuntzan. Euskaldunok nahi bezain handia izango den eta horrexegatik inoiz fisikoki eskuetan izango ez dugun entziklopedia librea da Wikipedia. [euskarazko Wikipedia: eu.wikipedia.org] Izaugarrizko aukera da euskara eta munduko gainontzeko hizkuntza gutxituentzat.

Internet euskaldunean sortu diren tresna eta ekimen berriek interesa sortu dizute?

Noski, zalantzarik gabe. Interneten aurrerapen abiadurari gure erritmo eta doinu propioa ematea beharrezkoa zaigu. Baina beharbada erabilera sustatzea da falta dena. Lehen ere komentatu dut. Teknologiak teknologia hutsak dira, eta beharrezkoa da, noski, hauek euskarara eta euskaldunon errealitatera egokitzea. Baina lan paralelo bat falta zaigula iruditzen zait: euskarazko tresnen erabiltzea eta erabilera arduratsua bermatzea, eta Interneteko ekimenetan jendartearen parte-hartzea sustatzea. Garapenean baino, erabileran arazo gehiago ditugula pentsatzen dut askotan.

Interneten euskaraz murgiltzeko gogoa duen edonori emango zenizkioke 3 gomendio?

Lehenik eta behin, eta Interneteko leihora sartu aurretik, Firefox nabigatzailea instalatu eta euskara hizkuntza lehenetsitzat ezartzea gomendatuko nioke [editatu-aukerak-aurreratuak-hizkuntza]. Bigarrenik, eta egun gauden testuinguru aldakorrean, Web 2.0-ren baitan biltzen diren euskarazko tresnen inguruko informazioa bildu eta berauekin jolastea [blogak: blogari.net ; wikipedia: eu.wikipedia.org ; jario irakurleak: alesti.org; laster-markak: bildu.net]. Eta azkenik, erabiltzaile aktibo izatera pasatzea, alegia, bakoitzak gustuko dituen eta egin ditzakeen ekarpenak [bloga, blogetako erantzunak, wikipediako sarrerak, etab] errealitate bihurtzea. Hiru gomendio, hiru mezu: euskarazko aplikazioak, parte hartzea bultzatzen duten euskarazko tresnak, eta komunitatearen [eman eta hartzearen] jarreraren barneratzea.

Demagun galdutako gauza guztiak dauden toki ezkutu bat dagoela eta nahi gabe kalean zoazela bertan agertzen zarela, zer topatu nahiko zenuke bertan?

Bizitzako aspektu guztietan galtzen ari garen balore etikoak: elkartasuna, askatasuna eta besteekiko begirunea. Balore hauek barneratuak izango bagenitu, Euskal Herria eta mundua, dimentsiorik eta zentzurik zabalenean, beste norabide batean kokatuko genituzke. Berdina gertatzen da teknologien munduan. Elkartasunean, askatasunean eta besteekiko begirunean oinarritutako teknologia libreen erabilera bermatu behar dugu, egiten duguna etikoa izatea nahi badugu. Pertsona bera ari da moralki bere buruaz beste egiten, mundu fisiko, zein birtualean.

Beste zerbait gehituko zenuke?

Internet eta teknologien munduan Euskal Herria guk nahi bezain handia, sendoa eta euskalduna izango da. Globalitatearen barruan, Internet-ek Euskal Herria txikitasunean handi bihurtzen lagun dezake. Mugak guk geuk jartzen ditugu, inork ezartzen baditu. Beraz, horixe, Euskal Herri birtualak euskal erabiltzaile guztion beharra duela. Animatu eta e-torri!

 

 

Gorka Julio

2007, Apirila 01
Arloa: Berba Bi