Pedro Garcia - Mendizalea
"Buruarekin borroka etengabea da"
- Ordizian jaio zen, 1971ean.
- Gaztetan errugbian jokatzen zuen eta orain mendizalea da, afizio hutsez.
- Urtean zehar trenak egiten aritzen da lanean Beasaingo CAF enpresan, eta urtean behin gailur altuenetara joaten da.
- Shisha Pagma, Cho-Oyu, Gasherbrum II eta Broad Peak ‘zortzi milako’-ak igo ditu, eta martxoan Makalura joango da.
Pertsona oso ezaguna da Pedro Garcia bere herrian. Ezaguna da bere mendizaletasuna, baina ezagutzen dutenek bere jatortasuna nabarmentzen dute. Broma zalea da, eta 7.000 metrotik gora ere egiten ditu bromak.
Nola hasi zinen mendian?
Nik koadrilakoekin errugbian jokatu nuen askotan. Baina mendia gustatzen zitzaidan eta koadrilako batekin mendiko bizikletan hasi nintzen lehenik, hemen inguruan. Gero Aralarren eta Aizkorrin hasi ginen mendian, eta hortik Pirinioetara pasa ginen. Eskaladako ikastaro bat egin nuen.
Himalaiara arteko bidea luzea da beraz.
Bai. Aralar, Pirinioak, Alpeak… Andeetan ere hiru aldiz egon naiz hiru milakoak egiten, eta Himalaiara joan aurretik ere bost zazpi milakoegin nituen. Saltoa ez da Aralartik Himalaiara. Pirinioetan, gainera, asko trebatu gara igoera eta zeharkaldi teknikoak egiten.
Eta jauzi handiagorik nabaritu duzu uneren batean?
Bai. 7.000 metrotik gora igoeren zailtasuna asko handitzen da. Zazpi milako batzuk zortzi milakoakbaino gogorragoak dira, teknikoagoak. 7.000 metrotik gora asko nabaritzen da altueraren eragina.
Altuerak zer eragin dauka?
Horrelako mendi bat igotzeko altuerara egokitu egin behar duzu lehenik. Oinarrizko kanpamendua normalean 5.500 metrotan egoten da, lehen kanpamendua 6.500en, bigarrena 7.200en eta hirugarrena 7.500 metrotan. Lehen kanpamendura iritsi eta janaria, gasa eta gainerakoak txukundu ondoren, eta han gau bat pasatzea komeni izaten da, eta gero oinarrizko kanpalekura jaitsi. Gero lehen kanpamendutik bigarrenera gauza bera. Horrela gora eta behera aritzen gara, bestela hiltzeko arriskua dago. Ideala Himalaiara joan aurretik Alpeetara joatea litzateke baina gu ez gara profesionalak, eta ezin dugu horrelakorik egin.
Nola bateratzen dituzu zure lanbidea eta zure zaletasuna?
Espedizio baterako gutxienez 50 egun behar dira, eta nik CAFen suerte handia daukat horretan. Zortzi milakoaknormalean udaberrian eta udazkenean igotzen dira, eta niri oporrak garai horretan hartzen uzten didate. Oporrez gain hartzen ditudan egunak urtean zehar larunbatetan lan eginez errekuperatzen ditut. Beste modu batera ezingo nuke.
Eta entrenamenduak?
Zortzi orduz egiten dut nik lana, eta gero entrenatzera joaten naiz astebururo, Pirinioetara ia beti, izotzetan aritzera edo mendian gora. Zortzi milakobat igotzeko urte osoan entrenatu behar duzu, sasoi onean egon. Himalaiatik itzulitakoan bi hilabetez hartzen dut atseden, baina gero berriro hasten naiz. Mendiaz gain, bizikletan eta gimnasioan ere aritzen naiz.
Zer aurrekontu izaten duzu horrelako espedizio batean?
Diru asko da, eta orduan eta altuera handiagoa izan, diru gehiago ordaindu behar da. Everestera igotzeko baimenak 24.000 euro balio ditu pertsonako, K2ra 18.000 euro, eta gainerakoak ere 9.000 eta 12.000 euro bitartean. Mendiko karnetak ere 600 euro, hegazkin bidaia, altuerako jana, materiala ere beti erosi behar da zerbait, masajista, prestatzaile fisikoa… Diru asko da gastatzen duguna.
Materiala nola antolatzen duzue?
Oinarrizko kanpamendutik gora jango dugun jana hemendik eramaten dugu, fruitu lehorrak, gailetak, atuna, txokolatea, turroia… pisu gutxi dute eta energia asko. Oinarrizko kanpalekuko jana han erosten dugu, arroza eta pasta batik bat. Edaria ere oso garrantzitsua da. Hotza egiten duenez ez duzu izerdirik egiten, baina lurrinarekin ur asko galtzen da. Egunean lau edo bost litro edatea komeni izaten da, zopatan edo beste modu batera. Guzti hori oinarrizko kanpamendura porteatzaileekin eramaten dugu. Lan gogorra da baina euren lana hori da han.
Zer harreman daukazue porteatzaileekin?
Txikia. Pakistanen balti etniakoak dira eta ez dute ingelesez hitz egiten. Nagusi bat dute, eta horren bidez komunikatzen gara. Baina aginduak nagusi horrek ematen dizkie. Gero beti eskatzen digute zerbait, eta nik beti ematen diet; azken espedizioan goretex txamarra eta eguzkitako betaurrekoak, esate baterako. Jende oso apala da, oso zintzoa. Hemengo jendearekin ohituta daude. Sukaldariek badakite ez zaizkigula janari pikantean gustatzen eta saiatzen dira ahalik eta gutxien jartzen.
Oinarrizko kanpamendua nolakoa da?
Giro ona egoten da, beti bromatan. Guztiok dakigu zertarako gauden han, baina pixka bat deskonektatzeko lekua ere bada. Armonian egoten gara, bata bestearen kanpin dendan kafea hartzen. Europako jende asko egoten da: hemengoak, espainiarrak, italiarrak, frantsesak, alemaniarrak, ingelesak… Okerrena eguraldi txarra egiten duenean izaten da, goizeko bostetan argitzen duelako egunak eta ia dendatik atera gabe luze egiten delako.
Zerk harritu zaitu gehien zuri han?
Mendian gauza batzuk bai. 2005ean mendizale bat hil zen Broad Peak-en, eta 2006ean bere aita zegoen han gorputza berreskuratzeko. Hango gauzetara ohitu naiz, eta normaltzat ikusten ditut. Baina Indian asko harritu ninduen kalean bizi den jendea, asko dira, milaka pertsona ezer gabe bizi da, umeak eskean… ni horrelako gauzekin hunkitu egiten naiz.
Momentu gogorrak ere egongo dira.
Bai. Sisha Pagman lagun bat hil zen, Urretxukoa. Hori izan da momentu gogorrena niretzat.
Zer arrisku dituen aintzat hartuta, zerk erakartzen zaitu mendira?
Ni ez naiz arriskuagatik joaten. Niri mendia gustatzen zait, eta ondo sentitzen naiz. Badakit zaila dela ulertzea: urte osoa entrenatzen, diru piloa gastatu, lanean orduak sartu behar dira, momentu txarrak daude… Baina nik disfrutatu egiten, bete egiten nau. Karakorum mendilerroko mendietako paisaia zirraragarria da: K2, Gasherbrum I eta II, Nanga Parbat… eta zazpi mila pilo bat. Asko gustatzen zait.
Tontorra iritsitakoan zer sentitzen da?
Hori baino hoberik ez dago. Baina nik beti esaten dut jaitsi egin behar dela. Minutu batzutan poz handia sentitzen duzu, baina 8.000 metrotik gora ezin duzu denbora asko egon. Niri ez zaitu gustatzen denbora asko egotea. Ordu laurden edo hogei minutu egoten gara. Iaz iritsi eta ekaitza sartu zen, gaizki pasatu genuen jaisteko. Hirugarren kanpamendutik gailurra egin eta buelta egun bat pasatu genuen, eta altuera horretan asko da hori.
Behin Cho Oyura joan eta ez zenuen igotzea lortu. Horrelakoak nolakoak dira?
2000an izan zen, nire lehen zortzi milakosaioa. Tontorretik 100 metrora geratu ginen. Hirugarren kanpamendutik atera ginen, gaueko 12:00etan. Eguraldi ona egiten zuen, baina egunsentian eguraldia aldatu zen, eta hirugarren kanpamendura iristeko ere gaizki ibili ginen. Ez zen ezer ikusten eta gure arrastoa estalita zegoen. Hirugarren kanpamenduan bost egun pasatu genituen, mugitu ezin, dendak ere estalita zeuden. Mugan egon ginen. Oso gogorra izan zen. Gero 2004ean itzuli nintzen, eta orduan igo nuen.
Eta itzulera etxera nolakoa izaten da?
Gailurra eginez gero gustura etortzen zara, gauzak ondo egin dituzula sentituz. Eta beste batera joateko gogoz. Gogorra ere bada, ordea, gailurrean egon ondoren, material guztia jaso behar delako: dendak, jana, gasa, materiala… Jaitsi eta batzuetan gora itzuli behar izaten dugu lehen kanpamendura gauza gehiagoren bila. Eta gero lehen herrira astebete egin behar duzu oinez. Nekea handia da.
Zer botatzen duzu faltan han?
Garagardo bat, jana, ohea… Buruari buelta asko ematen zaizkio han. Nik behintzat bai. Gurasoak nola geratu diren eta horrela. Nik nire buruari esaten diot: “Lasai egon, ez da etortzen zaren lehen aldia ere”. Baina geroz eta gehiago ari naiz nekatzen, denbora mordoa daraman horrela. Mendizaletasuna beste era batera hartzeko gogoa ere badut. Hori bai, Everestera igotzea gustatuko litzaidake zortzi milakoakutzi ondoren.
Burua garrantzitsua izango da, noski.
Bai, asko. Hiru gauza daude garrantzitsuak: burua, gorputza eta eguraldia. Sasoi ona beharrezkoa da, eguraldi txarra egiten badu zer egiterik ez dago, eta burua… Buruarekin borroka amaitu ezin bat da, gorputzak atsedena nahi du, baina burua behartu behar duzu aurrera jarraitzeko. Egun onak eta txarrak daude; batzuetan pot egiten duzu, eta norberaren burua animatu behar da.
Sari bat ere jaso duzu mendian daramazun urte guzti hauetan.
Bai, Txinara joan ginen Koke Lasa eta biok, beste lagun batekin, inoiz igo gabe zegoen mendi bat igotzera, Chagtok. Beste ezer jakin gabe abiatu ginen hemendik. Kirgizistan osoa jeep batean pasatu genuen, bi edo hiru egun. Txinan sartu ginen, eta gameluan ibili ginen, errekak pasatzen eta guzti. Abentura handia izan zen, hilabete baino denbora gehiago pasatu genuen inor ikusi gabe, mendian gu bakarrik. Astebete pasatu genuen mendiaren bila, eta igotzeko bi bakarrik. Gu bakarrik. Ez genuen gailurrik, ehun metrora geratu ginen, baina espedizio ezberdina izan zen, oso polita, asko disfrutatu nuen. Euskal Mendi Federazioaren saria jaso genuen, Urteko jarduera aipagarriaren saria.
Argazkiak: Pedro Garcia