Aforismoak

996. Izuz akabatzen nago, ideia propio bat izan dut

997. Hilobi batean: “Hemen ere ez dago zuk maite zenuena”

Karlos Linazasorok Alferrik ez balitz liburua plazaratu barri dau. Mila aforismoz osotutako liburua da. Autoreak dinoenez aforismoak dira:  iritzi bat, pentsamendu bat, burutapen bat, karga moralik bakoa eta laburra.

Hiztegiak holan definitzen dau aforismoa: Aforismoa edo zuhur-hitza balio literarioa daukan esaldi edo esaera gogoangarri bat da. Esaeraren mezua garrantzitsutzat edo interesgarritzat jo da eta literaturan askotan errepikatu izan da.

Beraz ba, genero berezia da aforismoa; itxuraz sinplea da baina aparteko trebetasuna eskatzen dau.  Linazasorok 180 orrialdetan landu ditu gogoetak, mikroipuinak, adar joteak edo eta paradoxak. Liburua zabaltzeko aukeratu dauan aforismoak holantxe dino: Batzuetan, aforismo bat idazteko nobela bat urratu behar da. Liburua ixten dauan milagarrenak, barriz, hauxe dino: Urte askoren ondoren konturatu naiz koadro kubista guztiei pieza bat falta zaiela. Ia lehenengoaren eta milagarrenaren artean ba, zeuen gustuko aforismoa aurkitzen dozuen.

Karlos Linazasoro Izagirre Tolosan jaio zan 1962an. Filologoa da ikasketaz eta bibliotekaria lanbidez. Ipuinak, antzerkia, poesia, haur eta gazte literatuta…genero ia guztiak landu ditu. Aforismoen arloan honeek plazaratu ditu: Isiltasunaren adabakia (Pamiela, 2003), Beti eder dena (Erein, 2006), Esan gabe doaz (Utriusque Vasconiae, 2009).

Udane Goikoetxea

2014, Apirila 20
Arloa: Arteder