Lisabo - Musika Taldea

Gotzon Uribe

ber49_1.jpg

"Buruarekin borroka etengabea da"

  • Geldiune luze baten ondoren iaz Lisabö taldea eszenatokietara bueltatu da
  • ‘Ez Lekuak’ (Bidehuts 2007) disko berria kaleratu dute
  • Euskal Herriko zein estatuko musika aldizkariek beren lana urteko diskorik hoberenen artean hautatu dute
  • Shisha Pagma, Cho-Oyu, Gasherbrum II eta Broad Peak ‘zortzi milako’-ak igo ditu, eta martxoan Makalura joango da.

 

ber49_2.jpg

 

Ze ezberdintasun daude garai bateko Lisabö eta gaurkoaren artean?

Uste dugu ezberdintasun gutxi daudela. Formazioa aldatuz joan da eta horrek nahi gabe abestietan eragina dauka, baina musika ulertzeko erak berdin jarraitzen du. Zerbait sentiarazten gaituen abestiak egin nahi ditugu, abestia nolakoa den kontutan izan gabe. Aldaketak baino gehiago, berezko eboluzio bat bezala hartuko nituzke, ez baitira aurre ikuspegi baten bidez eman.

Kosta egiten ahal zaizue zuen musikari buruz hitz egitea?

Askotan zaila egiten da. Jendea askotan kontzeptualegia delako, disko bateko elementu guztien atzean zergati bat bilatzen du eta hori askotan azaldu ezina egiten da. Zergati bat baino gehiago sentsazio bat bilatu behar da eta guzti hori sentiarazten dizuten idei eta formekin gelditu. Neurosis bezalako talde baten diseinuak eta hitzak agian ez digute atentzioa deitzen, baina musika entzuterakoan; soinua, erritmoak, atmosferak... benetan sinisten ditugu eta ulertezinak egiten zitzaizkigun elementu asko bereganatzen ditugu.

Askotan iruditu izan zait berezkoa duzuen mundu bat egiten saiatzen zaretela zuen abestiekin. Kanpora begira baino barrura begira egindako abestiak.

Berezkoa dugun mundu hori sentitu eta pentsatzen duguna baldin bada, ados. Musikari dagokionez, lehen aipatu dudan bezala sentsazioekin lan egiten dugu eta hitzen aldetik, Martxel Mariskalen lana hor dago, ukaezina da bere testuak oso pertsonalak direla eta bere idazteko forma ere, bere testuak argazkiak bezala deskribatuko genituzke.

Aurrekoarekin lotuta elementu metaforikoak askotan agertzen dira zuen testuetan. Oraingoan “ez lekuak” kontzeptuaren inguruan ari zarete. Nondik sortzen da hau eta zerk bultzatuta?

“Ezlekuak” lehenbiziko aldiz Asier Etxeberriaren “Sautrela” programan entzun genuen eta asko erakarri zigun kontzeptu horren inguruan sortu zitezkeen ideiak: ezleku fisikoak, politikoak, pertsonalak, imaginarioak... Orduan Martxel Mariskaleri idei hori azaldu genion eta testuak idazten hasi zen. Hala ere ez nuke esango diskoa kontzeptual bat denik, agian aurreko diskoan desioa bai izan zen diskoaren gai orokorra, baina oraingo honetan ez.

Bestetik hainbat musika talde aipatzen dira zuen musikarekin lotzeko orduan. Hala ere askotan pentsatu izan dut, sormenari dagokionez, abestiak egiteko eta ulertzeko eran Mikel Laboa moduko artista baten ondotik nahiko hurbil zaudetela.

Egiten duenean sinisten du eta benetan hunkitzen dionarekin aurrera jarraitzen du. Zertarako bestela musika egiten jarraitu?. Berarekin batera “orduan” abestia grabatu genuenean, bere naturaltasunak eta umiltasunak txunditurik utzi ziguten. Mikel Laboak musika herrikoia eta garaikidea bereganatzeko duen erraztasuna izugarria da gure ustez, espresioa asko lantzen du eta horren bidez guztiz pertsonala den estilo bat lortzen du.

 

Zuen abestiek entzulearekin interakzio bat bilatzen ahal dute, hartu eman bat?

Musika orok interakzio hori dauka, nahi gabe. Guk ez dugu feedback hori kontutan hartzen abestiak lantzen ditugunean baina oso aberasgarria suertatzen zaigu jendeak gure musikarekin zerbait sentitu duela esaten digunean.

Zein da “Ez Lekuak” diskoaren ezaugarririk nagusiena?

Intentsitatea: bai musikalki eta baita Martxel Mariskalek egindako literatur lanean erakusten duena.

Bestetik diskoa Bidehuts zigiluarekin atera duzue. Inoren Ero Ni ere bertan dago. Autogestioaren alde egiten duzuela argi dago. Lan egiteko era bat, jarrera baten alde?

Metak-en itxiera eta gero argi genuen gure hurrengo lana auto-ekoizpenaren bidetik joango zela. Horrela guk erabakiko genuen gure lanaren atal guztiak. Argi genuen “creative commons” lizentziapean eta LP formatuan kaleratu nahi genuela. Jarrera bat? Agian bai, gaur egun musikaren industria dagoen bezala ikusita, aproposena iruditzen zitzaigun.

Jarraitzen ahal duzue gaur egun Euskal Herrian dagoen musika eskena?Interesgarri iruditzen ahal zaizue?

Euskal Herrian betidanik egon dira mugimendu eta talde interesgarriak. Agian aberasgarriena gaztetxeek egindako lana izan daiteke. Autogestioaren bidez, beste areto askoetan ezin ikusiko genituen talde ugari etorri dira Euskal Herrira. Txalotzekoa iruditzen zaigu muxu truk guzti hori aurrera ateratzen duen jendea.

Gutartean musika ulertzeko eta kontsumitzeko era aldatu dela uste ahal duzue?

Lehen diskoak erosteko ohitura gutxi baldin bazegoen, gaur egun gutxiago. Baina horren kontrapuntuan esan daiteke internet-en bidez musika gehiago entzuten dela. Arazoa? Diskoa bat produktu huts batean bilakatu dela eta zertarako ordaindu debalde lor badezakezu?. Hortxe dago akatsa, diskoa baten balio kulturala inoiz baino baxuago dago eta prezioa aldiz, altuago. Eta era berean kontzertu batengatik 24 euro ordaindu behar badituzu, nola demontre erosiko duzu diskoa kontzertua bukatzerakoan? Konponbidea? Gastuak era batera edo bestera murriztu, diseinu landuagoak egin... Baina era berean jendea diskoa batek duen balioaz konturatu behar da.

Nola planteatzen dituzue zuen kontzertuak?

Guretzako zuzeneko bat erreala izan behar da. Taldea oholtza gainean dagoenean, ikusle bezala ikusi eta entzuten duzuna sinistu behar duzu. Uste dugu talde askok ez dutela hori aintzat hartzen. ber49_3.jpg

 

Argazkiak: Lisabö

Gotzon Uribe

2008, Martxoa 01
Arloa: Berba Bi