Naroa Agirre - Kirolaria

Kontaizu

ber50_1.jpg

“Pertikarekin berandu hasi nintzenez, aurtengo eta hurrengo Olinpiar Jokoetan lehiatzea espero dut”

  • Donostian jaio zen, 1979. urtean, eta Santo Tomas Lizeoan ikasi zuen.
  • Batxillergoa eta U.B.I. ikasi ostean, ingurumen zientziak ere ikasi zituen, ingurumenak kezkatzen duelako. Ingurumen hezitzaile izan da.
  • Atletismoan luzera jauzian aritzen zen lehen, atletismoko beste modalitate batzuen artean, baina gero pertikarekin proba egin, eta horrekin bakarrik aritzea erabaki zuen.
  • Orain del a lau urte inguru Euskal Telebistako Goenkale telesailean aktore lanetan hasi zen. Goizean grabatzen du telesaila, eta arratsaldean entrenatu egiten da.

Donostia 1979. Euskal kirolari onenetarikoa da Naroa Agirre (Donostia, 1979). 2004ko Atenasko Olinpiar Jokoetan pertika jauziko finalean lehiatu zen, eta seigarren geratu zen. Aurten ere lortu du Pekingo Olinpiar Jokoetara joateko egin beharreko gutxienek

ber50_2.jpg

 

Pertika jauzia ez da nolanahiko kirola hasteko. Nolatan hasi zinen zu?

Atletismoan denetik egiten da, eta ni hasieran ere horrela hasi nintzen. Pertika jauzia zailagoa denez, ordea, hori probatu gabe nengoen. Ni luzera jauzian nenbilen, horretan aritzen nintzelako ondoen, baina pertikarekin probatzeko aukera izan nuenean ikusi nuen gehiago gustatzen zitzaidala eta, gainera, ondo moldatzen nintzela. Denbora batez luzeran eta pertikan aritu nintzen, baina gero luzera jauziak utzi egin nituen. Denoi gustatzen zaigu ondo aritzen garen horretan aritzea; atletismoan ere horrela hasi nintzen, altua naiz, eta ondo moldatzen nintzen.

Zenbat urte igaro dira harrezkero?

Serio, benetan serio, 2002. urtean hasi nintzen pertikarekin, baina lehen saioak aurreragokoak dira. Ikasketak amaitu nituenean hasi nintzen serio.

Baita serio hartu ere. 2004ean Atenasko Olinpiar Jokoetako finalean aritu zinen. Horrelakorik pentsatu zenuen sekula?

Ez, nik ez nuen inoiz horrelakorik imajinatu, ez Espainiako errekorra gaindituko nuenik, ezta Olinpiar Jokoetara joango nintzatekeenik. Jauzi egiten duzun heinean ikusten duzu hobetzen zoazela, markak geroz eta gertuago daudela, Jokoetara joateko gutxieneko marka hurbil duzula. Pixkanaka ilusio batzuk eta helburua batzuk jartzen dizkiozu zure buruari, eta horietako bat azkenean Jokoetara joatea izan zen.

Atenasen gaina jo al zenuen?

Gustatuko litzaidake seigarren postu hori errepikatzea eta hobetzea, baina zaila da, bost pertsonak soilik irabazi ninduten. Une honetan, nire aurretik jende piloa dago. Baina zergatik ez dugu ba ordukoa hobetuko? Hala ere, oraindik goiz da horretan pentsatzeko, besteak nola dauden ere ikusi behar delako.

Pekingo Olinpiar Jokoetara joateko esperantza baduzu?

Gutxieneko marka gainditu dut, eta baietz espero dut. Orain marka horretatik gora jauzi egiten hastea espero dut, eta lan horrekin Pekinera joatea. Forman nagoela erakutsi behar dut.

Gehien lantzen duzuena teknika da ala?

Bai, niri gehien kostatzen ari zaidana da, berandu hasi nintzelako eta gimnasia ez dudalako egin. Kirol oso teknikoa da pertika jauzia.

Etorkizunari begira, nola ikusten duzu zure burua?

Ni berandu hasi nintzenez, espero dut oraindik urte batzuetan aritzea, aurtengo eta hurrengo Olinpiar Jokoetan lehiatzea. Gero ikusiko dugu.

Zer gaitasun nabarmenduko zenituzke jauzi egiteko?

Denetarik behar da, kirol osoa da: abiadura behar da, indarra, abilezia ere bai; altua izatea onuragarria izaten da, nahiz eta jauzilari txikiak ere badauden.

Zenbat denboraz entrenatzen zara? Olinpiar Jokoetarako prestakuntza berezia egiten ari zara?

Astean sei egun entrenatzen naiz beti, arratsaldero ia lau bat orduz. Aurten hasi naiz pixka bat gehiago entrenatzen, eta goizez ere hasi naiz. Baina aldaketa handirik ez dugu egin. Hori bai, Italian egon gara Isinbaievarekin eta bere entrenatzailearekin, beraiek gauzak nola egiten dituzten ikasten.

Eta bera ere Pekinen egongo den arren, zuri nola hobetu esaten dizu?

Berarentzat ni ez naiz aurkari zuzena. Berak bost metroko jauzia egiten du, eta nire marka 4,56 metrokoa da. Gainera, biok pistan elkarrekin egon bagara ere, ez gara gauza bera egiten aritu. Pistatik kanpora oso neska normala eta jatorra da, eta pista barruan bakoitza berera joaten da. Horrek ez du esan nahi mesede bat eskatzen bazaio, berak arazorik izango duenik.

Euskal Herriko kirolari onenetarikoa zara, baina, hain zuzen, telebistara jauzi egin zenuelako da zure aurpegia oso ezaguna.

Bai, Goenkalen hasi nintzenean nabaritu nuen salto hori, pertsona ezaguna izatearena. Egunkarietan geroz eta gehiago aterata ere jendeak gehiago ezagutzen zaitu, baina telebistan hasi nintzeneko horretan alde handia sentitu nuen. Egunkarietan jendeak izena irakurtzen du, baina telebistarekin saltoa askoz ere handiagoa da.

Ez al du horrek amorrua ematen?

Bai, hasieran pixka bat bai. “Begira, Naroa Goenkalekoa”, esaten zuen jendeak. Eta nik pentsatzen nuen: “Atletismoarekin denbora piloa daramat, eta Naroa Goenkalekoa naiz”. Baina, tira, gaur egun ez dut horrela ikusten. Telebistak beste dimentsio bat dauka, egunkariek ematen ez dutena, eta orain ez nau soilik atletismoa interesatzen zaion jendeak ezagutzen.

Ondo daramazu pertsona ezaguna izatea orduan?

Bai, oso ondo daramat. Gainera, nire pertsonaia Goenkalen ez da gaiztoa, eta jendeak kalean ez dit mehatxu eta horrelakoak egiten. Jendea oso jatorra da, eta animatzera gerturatzen da, eta telesailean zer gertatuko den galdetzera.

Beste aktore batzuei pasatzen zaie orduan.

Bai, jendea, nahiz eta fikzioa dela jakin, kontuak eskatzera joaten zaie, oso barrutik bizi dutelako telesaila.

Eta Goenkalen nolatan hasi zinen?

Kasualitatez hasi nintzen. Behin atal batean ateratzeko deitu ninduten, eta ondoren, bi hilabetez pertsonai baten papera hartuko nuen galdetu zidaten. Nik baietz esan nuen, hori izan zen abiapuntua.

Zer moduz ikusten duzu zure burua telebistan?

Grabaketan oso gustura aritzen naiz, baina telebistan ez zait gustatzen nire burua ikustea. Grabaketaren ondoren egindakoa ikusten dugu, ikasteko eta hobetzeko, baina telebistan ez dut gustuko. Niretzat garrantzitsuena bertan oso gustura nabilela da.

 

 

Kontaizu

2008, Apirila 01
Arloa: Berba Bi