Igor Leturia - Informatikaria
Edozein gailu eta edozein tokitatik internetera konektatzeko aukerak oraindik amestu ere egiten ez ditugun erabilpenak irekiko dizkigu
- Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoan egin zuen Ingeniaritza Teknikoa Informatika espezialitatean eta gero Informatikako Lizentziatura azken Ingenieritza Sistemem Elektronika espezialitatean.
- Bere azken proiektu garrantzitsuen artean ero CorpEus eta Elebila proiektuak daude.
- Eramangailu txikien eta batez ere OLPC proiektuarengatik interes berezia aurkeztu du azken aldian.
- Internetenen eremu ezberdinetara izango duen zabalkundeak aldaketa handiak ekarriko dituela uste du.
Arrasaten hezi eta ikasi zuen. Interneten informatikari honen bloga ezaguna bada ere bere lana dela eta egindako Elebila.eu bezalako proiektuengatik ere ezaguna da.
Zure ikasketak eta orain arte profesionalki egindakoa pixka bat esango zeniguke?
Nire ikasketa gehienak Arrasaten egin ditut, jaioterrian. Han orain Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoa denean egin nuen Ingeniaritza Teknikoa Informatika espezialitatean, gero Toulouse-ko Université Paul Sabatier-en Informatikako Lizentziaturako azken urtea egin nuen eta azkenik berriz Arrasaten Goi Mailako Ingeniaritza Sistemen Elektronika espezialitatean. Beranduago, jada lanean nenbilela, Hiztek Hizkuntza-Teknologien Masterra egin nuen UEUn, Eibarren. Lanari dagokionez, Arrasaten ikasten nuen garaian Ikerlan-en egin nuen lan egun erdiz. Ikasketak amaitutakoan, beste bi bazkiderekin batera, SOME Software Innovation enpresa sortu genuen (orduan SOME Sistemas Informáticos deitzen zen), eta hango Zuzendari Teknikoa izan nintzen hiru urtez. Gero EMUN Lana Euskalduntzeko Kooperatiban sartu nintzen lanean, bere hasierako garaietan, eta bost urtez aritu nintzen bertan IKTen arduradun gisa. Azkenik, duela ia bost urtetik Elhuyar Fundazioan dihardut, I+G sailean, Hizkuntza-Teknologietan ikertzen.
Zure blogaz gain zein beste proiektutan zaude edo egon zara murgildurik?
Denbora librean, batez ere horretan aritzen naiz, eta ez da gutxi, lan asko eskatzen baitu! Bertan gauza interesgarriei buruz idatzi nahi baduzu, batez ere informatika gaietan, jakinean egon behar duzu, gauzak instalatu, probatu, landu... Eta komikien inguruko gaiek ere lana ematen dute: informatuta egotea, komikiak irakurtzea... ;-) Horrez gain, Euskalbar-en ere hartzen dut parte, nahiz eta nahiko parte-hartze txikia izan. Webguneren bat edo beste ere egin dut, Errenteriako Urdaburu Mendizale Elkartearena kasu. Ikastolen Elkartearen Xabiroi komiki-aldizkarian albisteen txokoa ere eramaten dut. Eta denbora libre pixka bat ateratzen dudanean, blogaren bidez ezagututako beste komikizale batzuekin komikien inguruko web proiektu berri baten asmoa aurrera eraman nahi dugu... Profesionalki, corpusak eta Internet gaien inguruan aritu naiz azken aldian. Zientzia eta Teknologiaren Corpusaren proiektuan aritu nintzen, besteak beste web gunea egin nuen, eta oraindik ere jarraitzen dugu hori hobetu eta mantentzen. Gero CorpEus eta Elebilaproiektuak eraman nituen aurrera. UEUn AJAX ikastaroa ere eman nuen. Eta orain Internet eta corpusak lotzen dituen beste proiektu baten ari naiz.
Elebila.eu proiektuak badaramatza hilabete batzuk martxan nola ikusten duzu honen erabilpena eta aurrera begira zein jarraipen izango duen?
Elekakoek eman zizkidaten azken datuen arabera, egunean 2.000 bisita inguru jasotzen dira eta 6.000-7.000 orri inguru ikusi. Horrek esan nahi du hilean 200.000 orri inguru ikusten direla. Datu onak dira euskaraz eta euskararentzat egindako gune batentzat, baina hobetzea ere espero dugu. Bilatzen diren hitzengatik, esan daiteke erabiltzailearen profila ikaslearena dela nagusiki, bere ikasketetako lan eta ikerketentzat informazio bila jotzen duenarena. Elebila garatzen eta hobetzen jarraitzeko asmo eta ideia asko ditugu: zehaztasuna eta estaldura hobetzeko aldaketa batzuk, bilaketa nabigazionaletako emaitzak hobetzea, irudien bilaketa... Eta horietako batzuk epe labur samarrean jarriko dira martxan.
Azken aldian ordenagailu txiki eta merkeekiko interes handia erakutsi duzu, zein dira hauen artean gaur egun dauden aukerak?
Horiekiko nire interesa OLPC proiektuak piztu zuen, hirugarren munduko haurrentzako ordenagailu eramangarriaren proiektuak hain zuzen. Orain arteko eramangarrien ezaugarriak mahai gainekoen berak ziren: potentzia, abiadura, edukiera... Eta OLPCk benetan nik beti nahi izan dudan moduko ordenagailu eramangarria diseinatu zuen lehenengo aldiz: txikia, merkea, kontsumo txikikoa... Eta OLPCk irekitako bidetik, orain ekoizle asko hasi dira modelo txiki eta merkeak ateratzen: Asus EEE PC, Intel Classmate PC, Everex Cloudbook, Elonex One, Airis Kira... Baina horietako asko ez daude Espainian salgai, AEBtatik Internet bidez eros daitezke; Airis-ena bai, espainiako konpainia baita. Eta Asus-ena maiatzaren amaieran jarriko da salgai Hegoaldean.
Ikastola elkartearen Ikasys proiektuak era honetako ordenagailu bat erabiltzen du, nola uste duzu aldatuko duela ikasketa prozesua ordenagailu hauen erabilera eta honekin batera datozen aplikazioek?
Oso proiektu interesgarria iruditzen zait Ikasysproiektua. Etorkizunean IKT ezagutzak beharrezkoak izango dira, eta orain arte derrigorrezko hezkuntzan egiten denak ez ditu ezagutza horiek bermatzen. Orain arte ikastetxeetan ordenagailu gelak eta informatika klaseak egon izan dira, bertan Word, Internet eta horrelakoak ikasteko, eta horiek ez dago ikasi beharrik, erabilita ikasten dira. Ordenagailuak eta Internet ez dira helburu, tresna baino. Ikasys proiektuarekin ordenagailuak geletan eta egunerokotasunean integratzen dira. Pentsatzen dut hasieran Ikasys proiektu barruan egin den softwarea erabiliko dutela bertan definitutako ariketak egiteko, baina behin ikasleek geletan ordenagailuak izanda, irakasleak apur bat trebatuz gero, milaka aukera irekitzen dira: liburuak eta ikasmaterial guztia zerbitzari baten edo online izatea (papera ekidinez eta aurreztuz), ikasleek ere apunteak eta lanak ordenagailuz egitea (papera are gehiago aurreztuz), informazioa norberak Interneten bilatzea bultzatzea(ikaslearen autonomia handituz)...
Era berean, proiektu honekin eta wifi seinaleen zabalpenarekin jende batzuk bere kezka azaldu dute. Zein da zure iritzia gai honen inguruan.
Uste dut kezka horiek ez dutela izateko arrazoirik. Wi-fi sareek, telefono mugikorrekin konparatuta, oso potentzia txikian igortzen dituzte uhinak. Pentsa, Wi-fi batek 50 metro inguruko irismena du, eta telefono mugikor batek kilometrotik gora... Eta gaur egungo haurrek egun osoa dute gainean telefono mugikorra!
Jendartean gero eta arruntagoa izango da edozein gailu eta edozein tokitatik internetera konektatzeko aukera. Zein eragin edo erabilpen interesgarri ikusten diozu honi?
Aukerak milaka dira. Une hori ere iritsiko da, eta oraindik amestu ere egiten ez ditugun erabilpenak irekiko zaizkigu. Eta hobe iragarpenetan ez hastea, horrelakoetan ez baita inoiz asmatzen...
Bukatzeko, demagun galdutako gauza guztiak dauden toki ezkutu bat dagoela eta nahi gabe kalean zoazela bertan agertzen zarela, zer topatu nahiko zenuke bertan?
Txikitan etxean izandako eta gero botatako komiki guztiak aurkitu nahiko nituzke, eta baita nire lehen ordenagailua, ZX Spectrum bat, noizbait bota genuena... Eta, eskatzen hasita, baita betirako galdutako Joe Strummer eta Hergéere, Realak Vigon galdutako partida, Peter Pan-en ume galduak, Indiana Jones-en Arka Galdua... ;-)
Egilea:
Gorka Julio