FRANCIS DIEZ - Abeslaria

Kontaizu

ber54_1.jpg

“Lagun gehiegi hil zaizkit bidean”

  • 20 urtetik gora eskenatoki gainean
  • Grina, maitasuna eta sexua hitzek bere ahotan badakite nola elkarrekin bat egin
  • Agertu eta desagertu egiten dira disko bakoitzaren ostean, orain agerian daude
  • Burujabetza gauzak egiteko eta ikusteko modua dela dio

“Sexo, ternura y misterio” (2008) deitzen da bere disko berria eta udan zehar Euskal Herriko hainbat herritan ikusiko ditugu zuzenean."

ber54_2.jpg

Francis Diez Doctor Deseo taldeko burua da. 80. hamarkadaren erdialdetik egundaino maisuki jakin izan du nortasun berezi batez janzten bere taldea. Testu egile berezkoa, Bilbo eta beronen hiritartasunaren kontzeptuarekin bat egiten duen gizona da Francis. Grina, maitasuna eta sexua moduko hitzek bere ahotan badakite nola elkarrekin bat egin. Taldearen bertuterik handiena beren letretan aurkitzen dugu, non eguneroko istorioak desioaren gradua hartzen duten, irudimenari bidea utziz. Rock Radical Vasco zenaren garaietan talde gehienek arazo sozialei eta politikoei abesten zioten, Doctor Deseok ostera barrura begiratzen zuen, sentimenduen mundura eta berau pop eta rock doinuez jantzi.

“Love will tear us apart” abesten zuen Ian Curtisek (Joy Division). Zuek honen bertsioa egin zenuten. Zer esan nahi du zuretzat abesti horrek?

Niretzat aldaketa ekarri zuen abestia izan zen eta era beren abesti esanguratsu bat. Gure baxu jolea den Josiren ikasle baten bitartez ezagutu nuen, Erresuma Batuko elkartrukezko ikasle bat zeukan eta berak ekarri zidan “extended play” disko bat, eta diskoaren alde batean abestiaren bi bertsio zeuden. Doctor Deseorengan eragin nabarmena izan zuen abestia izan zen berau, musika ikusteko orduan batik bat, bat-batekotasuna eta emozioa zeuzkan abestia zen hura.

Maitasuna kontzeptu moduan askotan erabiltzen duzue, era esplizitu batean sarritan. Aurrera jarraitzeko ezinbestekoa suertatzen ahal zaizu maitasuna?

Begira Joy Division taldearen aurreko abesti horrek nola azaltzen duen maitasuna eta ez maitasunaren arteko kontua, zeinek elkartu gabe banatu egiten gaituen… Badago Doctor Deseo taldean zerbait maitasunarekin zer ikusia daukana eta baita sexuarekin ere, bere esanahirik zabalenean hain zuzen. Errealitate batean bizi gara non gizakion artean elkar harremanak sortzeko moduak oso konplexuak izaten jarraitzen duten, zailak direla; eta nolabait gaur egun lehen mailako gizakiak garen neurrian behin eta berriz geure burua berrasmatzen gabiltza… eta hor agertzen dira arazoak, non aurreiritziak eta mozorro guztiak jausten diren, non gizabanakotasunak, bai sozialak eta politikoak bat egiten duten.

Behin multinazional batekin diskoa ateratzeko aukera izan zenuten eta ez zenuten egin. Zergatik?

Bai, birritan hain zuzen. Burujabeak izan nahi genuen. Ideia erromantiko bat geneukan gure bide propioak sortu eta egin nahi genituen. Guretzat burujabetza gauzak ikusteko eta ulertzeko era bat da. Orokorrean, musika ez dadila bilakatu lan ezatsegin batean. Ideia horrekin, sarri askotan erromantizismo gehiegiz jantzia izan arren aurrera jarraitzen dugu talde moduan. Beti pentsatu izan dut gure musika gure gauza dela eta gure erritmoan eta tempoan eraman nahi izan dugu beti, denbora hartuaz, lasaitasun batekin. Ez dugu nahi inork kanpotik esatea zer egin eta zer ez egin behar dugun. Hala ere, oso argi daukat independienteak izateak ere kate asko dituela.

 

Zeri diozu beldur?

Beldurrak, musikan bezala bizitzan ere beti daude hor, zain. Paper zuriaren aurrean jartzen zarenean azaltzen zaizun beldurra… disko bat bukatzen dudan bakoitzean sentitzen dut ez naizela gai izango hurrengoa egiteko, beldurra musikaren inguruan dagoenari, beldurra hurrengo disko bat grabatuko ote dugun,… Baina hau normalena da. Norberak beldurrarekin eta zalantzekin bizitzen ikasten du.

Arriskatzen duen taldea da Doctor Deseo?

Gu talde moduan beti gaude gauza berriak eskaintzen. Pixkanaka-pixkanaka aurrera egiten goaz, ideia ezberdinekin jolasten dugu, baina beti gure bidea mantenduz, modetatik kanpo egoten saiatzen gara baina era berean beti gure inguruan gertatzen denari arreta jarriaz. Musikariak izateaz gain musikaren zaletuak ere bagara.

Bilbo hiriarekin loturiko talde bat zarete. Hiriko istorioak, bertako jendea…. Hala ere bi Bilbo, bi hiri ezberdin daude; bat begi bistan dagoena eta beste bat ezkutuan dagoena. Ados?

Bai, Bilbo asko daude. Argi dago gaur eguneko Bilbok ez daukala garai batekoarekin zerikusirik. Orain dena da garbiagoa, kalean ia ez da zaborrik ikusten.. kosmopolitagoa da. Baina ezin dugu ahaztu badagoela beste Bilbo bat non eta miseriak, pobreziak eta tristurak bat egiten duten, immigrazioa, deserrotuta dagoen biztanleria, txoko bat bilatzen saiatzen direnak beren bizitza aurrera ateratzeko. Bilbo niretzat nire bizitzaren eskenatokia da, maite dudan hiria eta batzuetan gorrotatzen dudana ere. Gainera Bilbotar moduan -eta hori ez naizela Bilbokoa- Bilbo nirea dela sentitzen dut. Hiri handi baten eta herritxo baten ezaugarriak ditu, biak; oraindik neurri humano bat mantentzen du.

Liburu bat idatzi beharko zenuke, arrakasta izango zuen. Pentsatu ahal duzu inoiz?

Bai, inoiz pentsatu izan dut, baina idazten nahiko alferra naiz. Nik idazterakoan odola, izerdia eta malkoak botatzen ditut, asko kostatzen zait. Oraindik ez dut patxadaz eta lasaitasunez idazteko momentua aurkitu baina seguru nago egunen batean aurkituko dudala.

80. hamarkadak berebiziko garrantzia du Doctor Deseo talde moduan ulertzeko

Gu talde moduan 86an hasi ginen, argi dago guretzako hamarkada horrek eragin nabarmena izan zuela, baina pop kultura dena ere orokorrean aintzat hartzen dugu, Chuck Berrytik hasita gaur egun dagoen musikaraino. Eta gainera beste musika estilo batzuek ere kontutan ditugu, kasuan kasu, tangoa, boleroa, kabareta… Era guztietako eraginak hartzeko zabalik gaude. ber54_3.jpg

 

Joandako garaien inguruko nostalgia sentitzen ahal duzu?

Ez, ez, bat ere ez, nik oso argi daukat eta jabetzen naiz nire garaia oraingoa dela. Gaur egungo musika entzuten dut eta bai talde zein estilo berriak hurbiletik jarraitu ere. Horrexegatik orain dela gutxi Tom Waits kantariaren disko hirukoitza erosi berri dut, hala nola gaur egungo taldeak entzuten ditut; Strokes, Franz Ferdinand, Artic Monkeys edota Atom Rhumba beste batzuen artean.

Artista askorentzat nostalgia aldarrikapen bat bihurtu dela uste dudalako galdetzen nizun

Ez, niretzako ez. Nostalgia ez zait bat ere interesatzen.

Nolakoa da egun arrunt bat zure bizitzan?

Normalean goizeko 9etan jaikitzen naiz, eta gutxienez 5 ordu inguru ematen ditut gitarra jotzen, idazten, ordenagailuarekin lan egiten, ideia berriak bilatzen eta entsaiatzen. Gero jende arruntak ohiko duena egiten dut gutxi gora behera. Bestetik, astean birritan mendira joaten naiz eskalatzera; eskalatzea benetan maite dut eta kontrapuntu fisikoa ematen dit, basapiztiaren puntua. Menditik bueltan gitarra hartzen dut eta akordeei bueltaka hasten naiz, musika entzuten dut, melodiak bilatzen ditut…

Baten entzun nizun esaten nola zuen lagun ugari IESA edota minbizia moduko gaixotasunek jota hiltzen ari direla. Zer pentsatu ematen dizu?

Bai, hala da, zer pentsa ematen dit sarritan. Gogoan daukat Gloria Fuertes poeta hil zenekoa, emakume bat askotan soilik gaztetxoen munduarekin harremanetan ikusi izan duguna, haurrei zuzendutako liburugintzan dela medio… baina hori baino askoz gehiago da. Gogoratzen dut behin heriotza-ohar batean irakurri nuela “orain, hiltzen ari naizenean konturatu naiz bizitzen ikasi dudala, a ze putada!”. Zerbait izugarria iruditu zitzaidan. Uste dut askotan ez garela benetan konturatzen bizitzeak berak daukan garrantziaz, bizirik sentitzea. Bakarrik konturatzen gara beste batzuen begietan sentimendu latzak ikusten ditugunean, Damoklesen ezpata bere gain dutenenean etengabe, gaixotasun ezberdinak direla medio edo beste edozein arrazoirengatik. Niretzat oso garrantzitsua gauza guztien gainetik bizirik zaudela sentitzea.

Musikaren kasuan 80. hamarkadak utzitako hildakoei buruz ari ahal zara?

Bai, baliteke. Musikak arrisku asko dauzka, jendeak uste dituenak baino gehiago. Askotan kanpotik ikusita badirudi artista eta musikaria inguratzen dituena ospea, errekonozimendua eta glamourra direla…. Baina errealitatea eta egunerokotasuna korapilatsuagoa da, eta ofizio honetan sartzerakoan inork ez dizkizu esaten zeintzuk diren arazo horiek, ostikadak jasoaz eta trabak gainditzen ikasiaz aurrera jarraitzen duzu. Lagun gehiegi hil zaizkit bidean.

Atzera begiratzeak bertigoa ematen ahal dizu?

Ez, ez, kontrakoa; hemen, bizirik jarraitzen dudalako poztasuna ematen dit; analisi serio bat egiteko aukera, espabilatzeko eta begiak zabaltzeko, ikasi eta hobetzeko gogoak ematen dizkit.

Kontaizu

2008, Abuztua 01
Arloa: Berba Bi