Xabi Strubell (Zura taldea)

Gotzon Uribe

Hondarribia aldetik datorkigun taldea da Zura. Xabi Strubell musikariaren gidaritzapean "Kiribil" (Gor 08) deitzen da plazaratu duten bigarren lana. "Euskal bossa nova" ez duzula ezagutzen? Hona hemen Zura taldearen doinu bero eta atseginak.

berbi090103

Bossa Nova doinuekin datorren taldea zarete. Lehen lanetik bigarrengo honetara aurrerapauso nabaria egon da. Zelan azaldu zenezake bilakaera hau?

Esan daiteke aurreko diskoa pertsonalagoa zela eta honetan talde izaera nabariagoa dela, izan ere, Nerea eta Diego izan ditut lagun hasieratik diskoa sortzeko prozesuan. Honela, eta gero etorritako Gorkarekin eta Hansekin, Zura, taldea bihurtu da. Azkenik, Diegoren ordez Eñaut sartu da, eta oraingo Zura esan daiteke boskote finko bat dela.

Estilo erakustaldi bat ere badagoela nabari da.

Bai. Bossa aspalditik oso kuttuna dudan estiloa da. Etxean hasi nintzen kantutxo batzuk prestatzen, eta behin lokalera abiatuta, Nereak eta Diegok hasieratik ulertu zuten diskoaren funtsean bossarekiko maitasun handia zegoela, eta hari omenaldi xume bat egiteko asmoa bazegoela.

Bossa Nova doinuak, jazza...doinu apaletan ibiltzea gustuko duzue.

Zuraren identitatearen parte dira, xumetasunetik abiatzea, poesiaz laguntzea, itzelezko produkziorik ez bilatzea. Horrela ulertzen dugu musika.

 


Irakurlea kokatzeko orduan zer agertarazi edo eskaini nahi du musikalki Zura taldeak?

 

Erakutsi nahi dugu badagoela bizitza rock and rollaz haratago! eta gauzak sentimenduz eginak daudenean berdin duela etiketak. Musikak sentimenduen gainean hitz egiten du eta egunean zehar izandako sentimenduak aztertuz gero, ikusiko dugu badagoela musika desberdinentzako tokia.

Esperimentazio akustikoa burutzen duen talde moduan azaleratzen zarete. Azaldu ahal duzu hau?

Nik ikusten dut instrumentu akustiko eta tradizional batzuetatik abiatuta jarrera bat daukagula musikarekiko, bilaketarena, sonoritate, sentimendu eta modu berrien bilaketarena hain zuzen ere. Disko honen mamia alaitasuna dela pentsatzen dut. Horren bilaketa beraz.

berbi090101Poesia ere elementu indartsu bat da abestiak eta sonoritatea osatzeko orduan. Zeintzuk dira erreferentziak?

Disko hau poesia batez ere maitakorrean inspiratuta dago. Poema gehienak nireak dira eta sentimendu txiki-burgesak landu ditut inolako lotsarik gabe. Erreferentziak? Xabier Lizardi, Satarka, Arestiren alde maitakorrena...

Zuzenekoei dagokienez nolakoak dira? Talde bat dago atzean?

Esan bezala, boskotea itxuratzea lortu dugu Eñaut Balentziagaren etorrerarekin (Kabul-eko bateria ohia). Diskoaren bertsio dantzagarria eta agian rock-eroagoa eskaintzen dugu, baina diskoaren bidean.

Xabi, zuri dagokizunez badakit Sideral musikaria zenarekin disko bat burutzeko ibili zinela. Zertan geratu zen disko hura?

Zoritxarrez, disko hori esku desberdinetatik pasa ostean ezerezean geratu da. Agian egunen batean aterako dute, baina jada, ez dago egin genuen musikarien esku.

"Hiri aro ero" abestian azaleratzen da hiriaren kontzeptua. Abiadura handiko zurrunbilo batean sarturik bizi garenaren metafora?

Noski. Hiri bizitzak badu bere erritmoa, bere denbora, bere lekua. Guzti hori adierazi nahi izan dugu, euskara jatorrean eta euskararen gaitasunak baliatuz.

Argi dago Bossa Nova doinuak jorratzen dituen euskal talde bakarra zaretela. Diskoan Eñaut Elorrieta ere aritu da "Euskal Bossa" abestian. Mugak gaindituz haratago begiratzen duen musikaria ahal zara?

Musikak nik uste hori duela, muga guztiak gainditzen dituela. Baina bai, saiatzen naiz nire lekutxotik harantzago begiratzen eta ezezagunaren baitan bilatzen. Behar sakona da.

berbi090102Zer ekarpen egin dio Zura moduko talde batek Euskal Herriko musikagintzari?

Haize fresko eta freskagarria eskaintzen saiatzen gara, baina esan beharra dago Euskal Herriko musika oso momentu polita bizitzen ari dela eta denetarik aurkitu daitekeela. Hortaz, gure ekarpen xumea egiten diogu Euskal Herriko musikagintzari.

Dj Ura moduan ere badaukazu proiektu bat. Musika berriak, gaur egungo artistak eta estilo etorriak hurbiletik jarraitzen dituzunaren seinale.

Bai!. Berriz ere behar bateri buruz hitz egin behar dizut. Musikalki ez itxia geratzeko saioak egiten ditut, eta nire ni askoren artean, badago dj bat ere. Entzuten dudan musikaren isla da eta atera minaren ondorio.

Zer nolako bilakaera izan duzu alor musikalean Dut taldearen garaietatik egundaino?

Esango nuke nahiz eta Dut edo Anari-rekin ibili, beti egon naizela era berean bilakabide desberdinekin lanean. Ez naiz inoiz itxi estilo batera, eta hori musikan nabaritu da. Bestalde, orain momentua aurkitu dut nire alde brasildarra ateratzeko, baina lehen ere bazegoen nire baitan. Hortaz, une bakoitzean gustura sentitu naizeneko musika egin dut.

Gotzon Uribe

2009, Otsaila 05
Arloa: Berba Bi