Haritz Rodriguez - kazetaria
|
Haritz Rodriguez kazetaria baino komunikazioa eta batez ere Internetekin zerikusia duten gai ezberdinen inguruan interesa duen pertsona bat da. Gara egunkarian lan egin du eta Info 7 irratia eta Gaur8 bezalako proiektuen hastapenetan ere izan da. Irratigintzan ere parte hartu du. EuskalTube, bideoak igo eta partekatzeko gunea sortzeagatik da ezaguna. Baina, bere bizitasunak beste hainbat proiektuetan barneratzera eraman du, horietan azkena Arraytxiki web laborategia. Blog bat baino gehiago kudeatzen ditu, baina bere identitate digitala eta ekimenak hoberen erakusten dituena Konektikat bloga da.
Zure ikasketak eta orain arte profesionalki egindakoa pixka bat laburbilduko zeniguke?
Leioan hasi nintzen kazetaritza ikasten eta ikasketen erdian lanean hasi nintzen Gara egunkarian. Egunkari honetan gai ezberdinak jorratu ditut. Bekadun hasi nintzelarik, Kirolak eta Kultura sailetan egin nituen praktikak eta handik gutxira Kultura saileko erredaktore gisa kontratatu ninduten. Hor hasi zen nire ibilbide luzea egunkari honetan. Laster politika gaiak jorratzen hasi nintzen Euskal Herria sailean. Bi urteren ostean, etenaldi bat egin nuen eta Zazpika bezalako gehigarrientzat egin nuen lan tarteka, erreportajeak osatuz. Pare bat urteren buruan berriz itzuli nintzen egunkarira, oraingoan zuzenean kazetaritza digitalean murgiltzeko, Gara.net webgunea kudeatzen hasi bainintzen beste lagun batzuekin batera, eta Euskalherria.com atariaren sorkuntzan ere parte hartu nuen. Ondoren etorri zitzaidan Info7.com irratiko albistegiak diseinatzeko ardura eta, beranduago, baita Gaur8 agerkariaren nondik norakoak diseinatu eta egitasmoa martxan jartzeko zeregina ere. Gaur8tik berriz ere pasa nintzen Kultura sailera, eta arduradun gisa lan egin dut Gara egunkarian aritu naizen azken denboraldian. Egunkaria utzita, Kontseiluko komunikazio arduradun gisa aritu naiz lanean orain gutxi arte. Zeregin hori hasi eta gutxira utzi dut, eta orain etorkizuneko hainbat egitasmo prestatzen ari naiz, beti ere komunikazioarekin eta bideogintzarekin lotutakoak izango direnak.
Kazetaritzan hainbeste lan egin ondoren, Internetekiko interes hori zergatik?
Esan bezala, kazetaritzan ari nintzela laster suertatu zitzaidan edizio digitalean lan egiteko aukera. Egia esateko, kazetaritza jarduna hasi nuen mementutik oso presente izan nuen sarea, eta paperean lan eginda ere alderdi horrek isla nabarmena izan du nire jardín profesionalean. Internet beti amestu izan dudan tresna da. Izan ere, txikitako lagun batek eta biok geure lehenengo ordenagailuak genituenean (386 zahar horiek) ordenagailuen arteko komunikazioaz fantaseatzen genuen etengabe. Beti aritzen ginen irudikatzen telefonoari konektatuta bi ordenagailu elkarrekin komunikatzeko gaitasunaz. Handik gutxira fantasia hori errealitate bilakatu zen. Bestalde, esango nuke Internetekiko lotura asko indartu zela nire kasuan Web 2.0 deritzaiona iritisi zenean, alegia, sarearen bigarren fase garrantzitsuarekin batera. Erabiltzailea parte hartzaile zuzen bilakatu den unetik lotura hori indartu besterik ez zait egin eta egun mundu horretan zearo murgilduta nabil.
Bloga duzu, zein da blog horrek zure egunerokotasunean duen garrantzia?
Egia esateko, hainbeste blog eta webgune ditut, azken aldian nire egunerokotasuna eta tresna horien arteko lotura nabarmen lausotu baita. Esan behar dut, gainera, beste kasu batzuetan gertatzen ez den bezala, nire lehenengo blogarekiko lotura profesionala ere bazela. Alegia, egitasmo batean lan egiten zuen kazetari baten bloga izan zen nire lehenengo bitakora. Hala ere, nire bizitzako alderdi asko islatu dira bertan eta, besteak beste, bidaiaren bat egin dudanean ere bertan kontatu izan dut, argazkiak eta bideoak baliatuz. Gaur egun, blog horiek guztiak askoz ere gutxiago eguneratzen baditut ere, nire identitate digitala parte hartzen dudan webgune ezberdinetako identitateen batuketa da. Alegia, ez da bloga bakarrik, Euskaltubera igotzen ditudan bideoak, Facebook eta Twitterren idazten ditudan mezuak, Zabaldu.com-era igortzen ditudan albisteak, Bildu.net-en gordetzen ditudan lastermarkak edo Sustatu.com albistegian egiten ditudan iruzkinak ere badira nire izaera digitalaren parte. Une honetan, bideogintzari lotutako egitasmo bat prestatzen ari naiz eta uste dut inoiz baino gehiago adieraziko duela nire izaera egitasmo horrek.
Twitter eta Facebook bezalako sare sozialak sortzeko tresnetan parte hartzen duzu, zein iritzi duzu hauei buruz?
Nire iritzia luzez azalduko nuke, pribatutasunari lotutako zalantzak, kezkak eta iritziak baititut sare sozialen inguruan. Dena dela ere, bata zein bestea informazio iturri garrantzitsu bilakatu dira nire egunerokoan. Bi tresna horietan nik hautatutako lagunarte batek igortzen dituen bideo, lotura, artikulu eta bestelakoak jasotzeko baliagarri zaizkit. Nolabait, inteligentzia kolektiboak (nik hautatutako erredakzio talde batek) filtratzen dituen gauza interesgarriak jasotzeko zait baliagarri. Horrezaz gain, lagun eta ezagunekin etengabe kontaktuan egoteko ere baliatzen dut. Gainera, esan behar dut nire alderdi ludikoena eta profesionalena nahasten direla plataforma horietan.
Zure proiektu ezagunena Euskaltube da. Zein da bere egoera eta etorkizuna?
Euskaltube.com wegbuneak urte eta erdi bete berri du eta sortu zenetik etengabe hazten joan den tresna da. Egun, 3.000 bideotik gora eta ia 2.000 erabiltzaile erregistratu ditu Euskaltubek. Horrek, etengabe garatu, hobetu eta mantentzera behartu gaitu eta aurrerantzean ere halaxe izango da. Etorkizuna iragartzea nahiko zaila da, baina esango nuke bide beretik joko duela aurrerantzean ere, euskarazko bideogintza sozialaren erreferente nagusi bilakatu arte. Erronka nagusiak, une honetan, web mugikorraren, azpitituluen eta definizio altuko bideoen bidetik etorriko direla uste dut. Lan eskerga dago egiteko, beraz.
Arraytxiki web laborategian ere parte hartzen duzu, zer da eta zergatik jaiotzen da?
Arraytxiki Web Laborategia bi helburu nagusirekin sortu zen. Batetik, sarean modu pertsonalean sortutako hainbat proiekturen garapenerako aterki bateratua osatzea izan da xede nagusia: Bildu.net, Txioka.net, Zerberri.com eta Euskaltube.com, besteak beste. Bestetik, laborategi izaera social nabarmena dauka. Hots, interneteko egitasmoak sortu nahi dituztenentzat esperimentatzeko tokia izan nahi du, lehenengo urratsak emateko txokoa. Horregatik, inolako konpromisorik gabe, baliabide ezberdinak eskaintzen dizkiegu sorkuntza lan horretan hasten diren pertsona edo elkarteei. Esperimentazio horren lehenengo emaitza Gipuzkoan garraio publikoan bidaiatzeko oso lagungarria den Mugitu.com webgunea da.
Publikatu, Arraytxiki web laborategiaren sorkuntza bat baino gehiago dela ematen du, zein da honen papera?
Publikatu.com-en filosofia eta Arraytxiki Web Laborategiaren izaera bat datoz bete betean . Txikien arteko batuketak emaitza handiak eragin ditzakeela sinistuta gaude eta Publikatu ere bide horretan koka dezakegu. Finean, publizitatea jaso eta banatzeko zerbitzu bat da Publikatu.com. Trafiko ez oso handia duten webguneek zailtasunak dituzte publizitatearen merkatuan txoko bat egiteko. Horregatik, Publikatu.com-ek webgune horien guztien trafiko batuketa eskaintzen die iragarleei. Irabaziak webgune guztien artean banatzen dira emandako trafikoaren arabera. Iragarleei erakusleiho zabal bat eskaintzeaz gain, erakusleiho izan nahi duten webguneei egitasmo honetan parte hartzeko aukera ere eskaintzen diegu. Gainera, erakusleiho sarea osatzen duten webguneen arteko trakzioa edo elkar ezagutza ere ahalbidetzen du Publikatu.com zerbitzuak.
Bukatzeko, demagun galdutako gauza guztiak dauden toki ezkutu bat dagoela eta nahi gabe kalean zoazela bertan agertzen zarela, zer topatu nahiko zenuke bertan?
Galdera zaila. Egia esateko, objektuei apego gutxi dien pertsona bat naiz ni. Batez ere galdu ditudanean, nire burmuinak ezabatu egiten baitu berriz ere berreskuratuko ez ditudan gauza horien memoria. Bestalde, nahiko memoria txarra duen pertsona ere banaiz. Beraz, akaso, bizitako esperientzia batzuen galdutako oroimena izango litzateke berreskuratu nahiko nukeena.