The Cherry Boppers

Gotzon Uribe

THE CHERRY BOPPERS. Funky taldea.

berbi_09_04_01

Santutxuko taldea arrakastaren gailurrean dabil. "Play It Again" deitzen da bere bigarrengo diskoa eta jorratzen dituzten doinu funkyak leku guztietatik ari dira zabaltzen. Euren kontzertuak dantzarako daude eginak eta beltz jatorriko funk, jazz, soul eta boogaloo musika maite dute. James Brown, Maceo Parker edo Aretha Franklin gustuko dituenak badu bere taldea gurean.

Nondik dator zuen musika zaletasuna?

Orokorrean jazz-funk musika beti gustatu izan zaigun estiloa da. Oso gaztetatik entzun izan ditugu beltz jatorriko doinuak eta gaur egun ere binilozko diskoen erosle amorratuak gara. Gainera zuzenean jotzeko, kontzertuetan, estilorik dibertigarriena dela uste dugu.

Bizkaian estilo hau jorratzen duen talde bakarrenetarikoa zaretela esan daiteke. Zergaitik dela uste duzue?

Egia esan guri gauza bitxia eta harrigarria suertatzen zaigu, kontutan izanda gainera inondik inora ez dela estilo berri bat, belaunaldi ezberdinak daramatzan estiloa dela. Uste dugu gurea gauza "exotiko" moduan hartzen dugula euskal musika eskenaren barruan.

Jarrera kontua edo maite duzuen musikaren aldeko aldarrikapena al da zuena?

Ba, egia esan, bietatik pixkat. Baina, bai, guretzat garrantzitsuena jarrera da, norberak azaltzen duen jarrera.


berbi_09_04_02

Dantzarako musika da zuena.

Bai, hala da, guk dantza egiteko musika egiten dugu. Guretzat oso garrantzitsua da gure abestiak "groove" edo mugimendu berezi bat edukitzea, beronek dantzara bultzatzen duelako. Dantza egitea ondo pasatzen ari zarenaren aldeko ospakizun bat da. Era berean guretzako, abestiak egiterako orduan eta zuzeneko kontzertuetan jotzen ditugunean erronka ezberdinak azaltzen dira. Batetik, publikoak dantza egitea eta bestetik, bere etxean diskoa entzuten duen bitartean gure abestiez gozatzea.

Nolakoak izaten dira zuen kontzertuak?

Diskoa entzun eta gustukoa izan duen edonork gure zuzenekoekin biziki gozatzen du; diskoko abestiek berotasun handiagoa hartzen dute zuzenean. Egia esan, diskoa urriaren hasieran plazaratu genuen eta harrituta gaude izaten ari garen harrera onarekin, badirudi jendeari asko gustatzen ari zaiola. Dantzan egiten ez duenak, hankak mugitzen ditu, eta normalean tabernako barran geldi egoten direnak ere mugitu egiten dira. Bestetik, asko gustatzen zaigu nola jazz musikan edo musika beltzean adituak ez direnak gugan jartzen duten arreta, horrek erakusten digu gure musika ez dela "esklusiboa". Dantza eta musika maite duen orok ezin hobeto pasatuko du gure kontzertuetan.

Zer esango zenioke zuen kontzertu batera joateko asmoa duen bati?

Erritmoa aurkituko duela, dantza, jarrera, sakontasuna, izerdia, jazza, funky doinuak... beltz musika!. Oso ondo pasatuko duela.

Talde dibertigarri zaretela uste al duzue?

Bai horixe, guztiz. Baita freskagarriak eta sexyak!.

Jende askoren ahotan zabiltzate. Zergaitik dela uste duzue?

Bai, bitxia da, zeren proiektu hau jazz-funk musika jotzearren, denbora pasa moduan sortu genuen. Gainera uste genuen estilo honek arreta gutxi izango zuela Euskal Herriko musika eskenan, hala eta guztiz, taldeak interesa sortzen duela ikusten joan gara, gure kontzertuetara gero eta jende gehiago dator. Guk uste dugu benetako pasioa eta grina jartzen diogula egiten dugunari eta hori entzuleak igartzen duen gauza bat da, eta era berean eskertu ere.

berbi_09_04_03Nondik dator beltz musikarekiko zuen afizioa?

Azaldu ezina den gauza bat da, modu irrazional batean maitemindu ginen, gutariko batzuen kasuan esperientzia guztiz mistikoa da.

Ba al dago musika eskenarik Santutxun?

Club giroari dagokionez badago zertxobait -kalitatea erakusten duten zenbait dj- baina taldeei dagokienez ez dago mugimendu handirik.

 

 

Nola ikusten duzu euskal musikaren osasuna? Sasoian al dago?

Badaude proposamen interesgarri batzuk gure estiloarekin zer ikusirik ez daukatenak. Beti gustatu izan zaizkigu Mikel Laboa, Ruper Ordorika eta Xabier Montoiaren diskoak. Badaude jarraitzen ditugun talde berriak ere, Javi P3z Orquesta, Atom Rhumba, Lisabö...

 

 

Gotzon Uribe

2009, Apirila 03
Arloa: Berba Bi