Karrika Antzerki Taldea

Amaia Ugalde
Gure gizartean hizkuntzak ikastea kulturak ezagutzeko bide ohikoena dela uste dugu. Baina komunikatzeko era ugari daude, eta horietako bat da antzerkia. Durangon, herrialde desberdinetatik bertara etorritako gazteek eta jaiotzez durangarrak direnek antzerki tailer baten parte hartu dute. Durangoko Udalaren ekimena izan da, Karrika antzerki taldeak dinamizatu duena. Karrikakideekin izan gara euren esperientziari buruz berba egiteko. Antzerkia denok egiten dugula diote.
berbi_09_06_01

Zelan batu zen taldea?

Durangoko Udalak Karrika antzerki taldeari proposatu zigun etorkinen eta bertoko jendearen artean antzerki tailer bat egitea. Eta beno, bertoko jende gutxi izan da eta etorkin ugari. Jaiotzez beste leku batekoak. Bertakoak dira baina. Pena izan da jaiotzez durangarrak diren jende gehiago ez izatea. Otsailean hasi zen proiektua. Luzatu egin da, hasieran apirilera arte izan behar zen. Gure ideia printzipioz tailerra egitea zen, baina orain zer edo zer aurkeztea pentsatu da, eta ekainera arte luzatu da, bestela denborarik ez genuelako. Munduko arrozen jaialdian sartuko da antzezlana. Zortziretan amaituko da jaialdia, eta orduan Karrikako jendeak kalera irtengo du antzerkia iragartzera, eta hamarretan hasiko da antzezlana Andra Mariko elizpean.

Nolako taldea da? Zenbat pertsona zarete? Nondik etorriak?

11-12 gazte dira guztira, eta Karrikako hiru monitore gaude. Taldearen babesa ere badugu, eta Karrikan 20 bat gara, beraz babes handia izan dugu. Hainbat herritan jaiotako gazteak elkartu gara: Bolivia, Kolonbia, Mali, Ghana, Ekuatore Ginea, Errumania, Mexiko, Bereberrak ere baditugu... eta Durangaldekoak!


Arazorik izan al duzue, hizkuntza aldetik-edo?

Hasieran euskaraz egin nahi izan genuen beti, baina zaila da; denek ez dute maila bera. Batzuek ikastetxeetan ikasi dute eta menperatzen dute, beste batzuek ulertu zer edo zer bai, baina hitz egin ez... batzuentzat institutuan ingelesezko klasean denbora guztian ingelesez berba egitea modukoa izan da. Beno, baina hasieran, ez pentsatu, hitza ez genuen asko erabiltzen. Tailerra zen hasieran, ez genuen lan bat aurkezteko helburua, eta tailerrean komunikatzeko beste hainbat bide egon dira. Antzerkiak joku asko ematen du horretarako. Zenbakiak, txaloak... hitzek esan gura dituzten hainbat esanahi esan nahi dituzte.

Zelako ariketak egin dituzue?

Aurkezpen edo ezagutza jolas batzukin hasten gara holakoetan. Kasu honetan garrantzia izan du horrek euren artean ez zirelako ezagutzen batzuk. Hizkuntzagatik, kultura desberdinetako jendea izateagatik... hizkuntza ere landu nahi izan dugu, euskara, nahiz eta ez den erraza izan. Adibidez ondo barneratu dute gelditzerakoan "izotz" erabiltzen badugu izoztuta egotea zer den. Mugimenduarekin zerikusia daukan hiztegitxo bat ikasi dute azkenean. Sua mugimendua da, izotz geldi, lurra lurrera jaustea. Zuzeneko komunikazioan ezin dugu berba egin orain egiten ari garen moduan, baina antzerkian elkar ulertzeko euskarazko berbak erabili ditugu, eta errepikatuaz ikasi dituzte.

Zelakoak dira jokuak? Baten bat azalduko?

Mila ariketa daude! Ba aipatzearren, txaloen bidez egiten den bat dago. Txalo bat egitean ostikada bat ematen dizute tripan, birekin, ukabilkada bat lepoan, eta hiru egitean, harri bat bota gainera. Hiru egoera horiek antzezteko txaloen hizkuntza erabili daiteke. Hitzez azaldu beharrean, txaloen ostean ekintzak eginez, eurek ikusi eta zentzua hartzen die ariketei. Askotan ikusten genuen azaldu eta azaldu jardutea ez dala premiazkoa. Guk egindakoa ikustean ikasi dituzte gauza batzuk, baina euren erara eta euren ekarpenak emanez. Arreta, konpenetrazioa, talde kontzeptua... landu ditugu horrela. Talde kontzeptua oso inportantea da antzerkian. Konpetibitatea eta horrelako kontzeptuak baztertu egin behar dira.

berbi_09_06_02

Antzezlan bat prestatu duzue hilaren 20rako. Zeri buruzkoa?

"Paperezko oheak" du izena. Neskatila baten amets bati buruzkoa da. Berak beti egiten du amets ikertzailea dela. Ametsetan lagun bat dauka, Ondar, bere irudimena dela. Amets horietan, egun baten baina, orri batzuk helduko zaizkio leku desberdinetatik eta ikertu egin beharko ditu. Paperetan zerbait gertatuko da, baina hori ez goaz kontatzera.

Zelan izan da prozesua? Nork prestatu du antzezlana?

Denon artean sortu dugun istorioa da, inprobisaziotik irtendakoa. Tailerreko inprobisazio ariketetan ideia piloa irten da. Egoera batzuetan jarrita erantzun bat ematen dute, eta erantzun horrek inspiratuta, bertan irtendakoak josi eta gidoia egin dugu Karrikakoek. Istorioa, azkenean, denon artean sortu da.

Ze hizkuntza ditu antzezlanak?

Euskara badu, gaztelera ere bai, bereberez, inglesez ere hitz egiten dute... Pertsonaia batek adibidez, Maliko bere ama-hizkuntza, Maliko hizkuntza nazionala, Mauritaniako hizkuntza, euskara... egiten ditu antzezlanean, bera horretarako gai delako.

Egin duzuen lana berezia da. Zer berezitasun nabarmenduko zenukete?

Gauza oso desberdinak irten dira. Bakoitzaren esperientziak desberdinak dira, eta dena azaleratzen da. Adibidez, guk, iparraldean, badirudi mahai bat behar dugula margozteko, eta hegoaldean berebereek-eta lurrean margozten dute. Orduan guk lurrean margozten ikusita kalean dagoela pentsatzen dugu automatikoki. Izan ere, hemen ez gaude ohituta lurrean jesartzera, etxean ere ezin da batzutan lurrean jesarri. Eurek ordea, etxean jan, lo eta margoztu lurrean egiten dute. Horrelako txoke kultural politak egon dira. Ezkontzen errepresentazioak ere egin dituzte, eta oso gauza desberdinak eta politak ikasi ditugu. Antzerkian beti ari zara ikasten, baina kasu honetan kulturen inguruan pilo bat ikasi dugu.

Taldea gogotsu egon al da?

Bai, arreta eta disponibilitatea oso ona izan dute, eta energia handiaz egin dute lan. Ez dira kikildu. Gogoan dugu lehen egunetik igarri genuela energia hori. Lehen aldiz batu ginenean, Udaleko ordezkariak eta guzti egon ziren gurekin, eta ematen zuen kulturarteko topaketa ez dakit-zelakoa zela. Halako baten kalera joateko esan genien eta taldea geratu ginen, taldean egin behar genuelako lan, kanpoko inor barik. Harik eta libreen egon behar genuen. Beroketa txiki bat egin genuen, eta garrasi egin behar zen eskutik ebatuta. Orduan itzeleko energia eta gogoa igarri genuen denen partetik. Hasieratik egin dute antzerkia. Ezagutza ariketetan antzerkia egiten ari zara jada. Pertsonak bere burua aurkezten duenean duen jarreran ere antzerkia dago. Antzerkia ez da kalera irtetea eta jantzi politekin hortik zehar aritzea, eguneroko bizitza ere antzerkia da. Mundu guztiak egiten du antzerkia.

Elkarrekin antzerkia lantzen jarraitzeko asmoa duzue?

Asmoa badaukagu, eta eurak ere gogoarekin daude. Oso proiektu interesgarria da, jarraitu gura dugu, taldea sortu delako. Ea Udalak zer dioen. Aukera ematen badute eta lokal bat utzi, gu pozik. Bestela gure kontura ere aritu gaitezke. Hori bai, Durangaldeko gazteak animatu nahi ditugu. Benetan esperientzia oso aberasgarria izan da guretzako, eta bertokoak ere animatu gura ditugu. Bertan jaiotakoak, ze taldeko guztiak dira Durangaldekoak!

Amaia Ugalde

2009, Ekaina 14
Arloa: Berba Bi