Carlos Peña: "Hogei urtetan ez dut txanpon bakar bat ere kobratu"
- Tolosan jaio zen 1965eko uztailaren 19an, eta Laskorain ikastolan ikasi zuen.
- Igerilaria da, eta zeharkaldi luzeak egiten espezialdu da azken hogei urteetan.
- Abenturazaletzat ere badu bere burua, eta bakezale eta ingurugiroaren zaindaritzat.
- Ebro ibaia, Ness lakua eta Titikaka Lakua zeharkatu ditu beste erronka batzuen artean.
Nola hasi zinen igeri egiten?
Haurra nintzenetik hainbat kirol praktikatu izan ditut, batez ere, atletismoa eta karatea. Igerian kasualitatez hasi nintzen. 1989. urtean min hartuta nengoen, eta anaiarekin hizketan zerbait ezberdina egitea bururatu zitzaigun. Horrela egin genuen lehen zeharkaldia, Ebro ibaian, Logroño eta Zaragoza artean.
Eta zergatik zeharkaldi luzeak?
Lehenengoa ondo atera zitzaigun, nahiz eta esperientziarik ez izan eta hotz asko pasatu genuen. Hurrengo urtean Miño ibaira joan ginen [Galizia]. Lehiakortasuna atsegin dut, eta ez zitzaidan batere kostatu atletismotik igeriketara pasatzea, lehendik ere distantzia luzeetan aritzen nintzelako korrika. Hasieran igerilari bezala hasi nintzen, baina gero konturatu nintzen giza proiektuen alde eta bakearen alde egin nezakeela igeri, protesta moduan.
Zeharkaldi asko mezu bat zabaltzeko burutzen dituzu. Zer bilatzen duzu zehazki?
Biolentziarik gabeko modu batean protesta egitea da nire helburua, ondo ez dagoela zerbaiten gainean atentzioa emateko, eta Txernobilgo zentral nuklearraren leherketarekin egin nuen moduan, efemeride bat gogoratzeko.
Kirola egiten duzu, baina ez zara ohiko kirolaria. Nola hartzen duzu zuk zure jarduna?
Nire igeri egiteko modua bera ere ez da ohikoa, igeriketan dagoen modurik motelenetako bat praktikatzen dudalako: bizkarko era. Estilo hori ez da sekula erabili izan zeharkaldi luzeetan. Baina Titikaka lakua igeriz zeharkatzen dudanean, igerian zeharkatu daitekeen munduko lakurik handiena (Peru), gai sozialek kezkatzen naute; baita Bosnia-Herzegovinako bakeak ere, buruko gaitzek, ekologia, ingurugiroa, gaixotasunak eta Euskal Herriko bakeak, beste batzuen artean.
Kirola gaur egun lehiara bideratuta dago. Zer iritzi duzu horren inguruan?
Lehia duen kiroletara bideratzen baduzu zure burua, mediku azterketak gainditu behar dituzu, dieta egin, lan saio luze eta gogorrak, egunez egun zure helburuekin konprometitu. Batzuentzat atsegina da hori; eta batzuek, zorionekoak, hortik bizi dezakete. Kirol munduan murgiltzen diren lagunei kirol bat baino gehiago praktikatzeko aholkatzen diet, eta ez daitezela ito. Niretzat kirola zaletasun moduan hobea da, lehiara bideratuta dagoen kirola baino.
Euskal Herria, Eskozia, Txile... Nola aukeratzen dituzu zeharkaldiak?
Niretzat ez da batere erraza, traba nagusia dirua delako eta nik ez dudalako diru laguntzarik. Tarteka, gainera, langabezian egoten naiz, eta horrek arazoa areagotzen du. Hala ere, esan beharra dago Living Lakes erakundeak laguntzen nauela, mundu guztiko aintzira eta hezeguneak babesten dituen erakundeak.
Zein da zuk amesten duzun zeharkaldia, eta zer helbururekin amesten duzu?
Norbait laguntzeko balioko duen edozein zeharkaldi, mundu guztian.
Nola entrenatzen zara milaka kilometrora egin beharreko ahalegin baterako?
Asko saiatuz, guztiok atsegin ditugun gauza asko baztertuz (lagunekin atera, eta abar...), asko sufrituz, eta, batez ere, nire buruan asko sinestuz.
Zeharkaldi betean zaudenean, zertan pentsatzen duzu?
Bereziki ezertan ere ez. Kontzentratzen saiatzen naiz, eta ahalegina aurreikusi bezala irten dadila. Okertzen bada, eta arazoak sortzen badira, lehenbailehen konpontzen ahalegintzen naiz, nire esperientzia baliabideak erabiliz.
Indarrak agortzen ari zaizkizunean, zerk bultzatzen zaitu aurrera?
Asko dira une gogorrak zeharkaldi luze batean. Helburu soziala duen zeharkaldia bada, pentsatzen dut nire sufrimendua ez dela ezer, esate baterako, gaixoek eta euren senideek dutenarekin.
Langabezian zaude orain. Kirolak modu honetan ematen al du bizitzeko adina?
Igerilari eta abenturazale daramadan hogei urteetan nik ez dut txanpon bakar bat ere kobratu. Gainontzeko jendeak bezala, lana egin eta bizitza aurrera atera behar dut.
Gastu handiak sortzen al dizkizu zure zaletasun honek?
Gastuak ez dira oso handiak, hegaldiak, egonaldiak eta bestelakoak Internetez begiratzen ditudalako. Nire zeharkaldietan ez dut luxua nahi; helburu bakarra ondo bukatzea da. Eta horretarako kanpin-denda batean lo egin behar badut, edo indigenen etxoletan, arazorik ez dut horretarako.
Zer ematen dizu guzti honek, horretan jarraitu nahi izateko?
Pertsonalki asko betetzen nau, eta lehen esan dizudan bezala, helburu sozial baten alde bada, are eta gehiago.