Kantagintzari omenaldi hunkigarria

Kontaizu

ika52.jpg

 

1997tik hona, Bizkaiko Ikastolen Elkarteak omenaldia antolatu izan du gizarteko hainbat esparrutan euskararen eta euskal kulturaren zabalkundearen lanean ibili diren lagunei ondo merezitako gorazarrea egiteko. Ikerketa, kirola, enpresa, zuzenbidea, onomastika eta toponimia, antzerkia, zinema, dantza, abesbatza, mendia eta literatura alorretan euskarari bultzada eman dioten pertsonak omendu izan dira orain arte. Aurten, kantagintza da aukeratutako gaia. Musikaren aztarna historikoak jarraitzen dituztenek esaten dute gizarte primitiboetan funtzio errituala edo soziala zeukaten hots edo soinu-segidetatik datorrela. Musikaren alderdi funtzional hau ez da desagertu, eta gaur eguneko gizartean ere bizirik dirau, zorionez. Euskal gizarteaz esan ohi da baduela musikarekiko zaletasun kolektibo berezia. Primitibotasuna guztiz galdu ez dugulako agian. “Herri kanta zalea herri bizizalea esan ohi da”, edo “pueblo que canta no muere” gazteleraz. Eta esan lege horrek bai justizia egiten diola Euskal Herriari. Euskal kantagintzaz luzaz hitz egin badezakegu ere, Bizkaiko Ikastolen Elkarteak bereziki kantagintza modernoari erreparatu zion omenaldian, bere sustraiei, hobeto esateko. Eta horrela 1961-era joko dugu, Mixel Labegeriek garai hartako binilozko disko txiki bat argitaratu zuen hartara. Urte haietan uhin berri bat hasi zen indarra hartzen euskal kantagintzaren itsasoan. Ordura arteko musika joerek asetzen ez zuten sentiberatasun berri bat ernetzen ari zen gaztedian, herrigintza, aberrigintza, injustizia soziala. Mixelek Euskal Herri kontinentalean egosi zuen penintsulako Euskal Herrian arrakasta biziaz hartuko zen diskoa. Gero etorriko ziren Mikel Laboa eta beste batzuk. Gabriel Arestik Harri eta Herri poema liburua atera zuen, Oteizak Quosque Tandem ospetsua 63an, eta honek guztiak irakiten jarri zuen kulturgintza gaztea. Kantari, idazle eta abar biltzen hasi zen, kezkak bideratzen, elkar ezagutzen ... euren barruko kezka, grina eta sentimenduekin zer arraio egin behar zuten, norabide bat, aterabide bat, bilatzeko. Eta giro horretan sortu zen Ez Dok Hamahiru taldea. Eta gero gerokoak, gaur arte. Omenaldian kantagintzari arlo desberdinetatik egindako ekarpena errekonozitu nahi izan zuen elkarteak eta omenduei oroigarria banatu zitzaien. Hona hemen omendutakoak: Joxe Mari Iriondo, Euskal Kantuzaleen Elkartea Kantagintza(Bizkaia), Euskal kantuzaleen Elkartea (Gipuzkoa), Labayru, Pantxoa eta Peio, Amaia Zubiria, Amaren Alabak eta Aiora Renteria. Ekitaldian alde batetik Maider eta Ainhoa Ansa bikotea eta bestetik Estibaliz Asua bizkaitarra entzuteko aukera izan genuen. Eskerrik asko eta zorionak guztiei!!

 

Kontaizu

2008, Ekaina 01