SEXUA SAREAN

Agurtzane Ormatza Imatz

jo20.jpg

Aupa denoi: Beharbada oporretan jadanik eta gozatzen udak ematen duen giroaz eta topatzen ditugun lagun berriekin, edo aspaldikoekin daukaguna sakontzen. Batek daki! Ikastetxetan zein kalean gero eta gehiago entzuten dut gazteen artean jendea ezagutzeko eta intimatzeko ezinbesteko baliabidea izaten dela internet, batez ere “messenger”-a, askotan aurkitzen dituenak alboko herrikoak edota bertokoak izan arren. Gero eta neska eta mutil gehiago ezagutzen ditut sarean sartzen direnak, lagunak edo euren bizitzako azukre koskorra ezagutzeko nahian. Gero eta gehiago ezagutzen dut jende askoren modu bakarra harremanak sortzeko sarea dela. Gero eta gehiago entzuten dut jendea sarean igarotzen duela denbora gehiago kalean baino. Zuok tresna honekin jaio zineten berez zuon egunerokotasunean erraz sartzen duzue eta konfiantzako baliabidetzat hartzen duzue.Kasu guztietan horrela ez bada ere. Zuok ez zarete gogoratuko baina orain dela hainbat urte gizartean internet zabaltzen hasi zenean aldekoa zein kontrako iritziak entzuteko parada izan genituen. Neska-mutil harremanei zegokienean iritziak ez ziren bat etortzen eta eztabaida sutsuak sortzen ziren. Orduan, eta oraindik ere, askoren kezka izan zen tresna honek zenbaterainoko gure harremanak baldintzatuko zituen . Ez zen eta ez da kontu makala. Argi ikusi genuen internet jakinda zertarako nahi genuen oso erabilgarria izan zitekeela. Beraz hortxe zegoen ardatz nagusi bat, tresna gu maneiatzea eta ez alderantziz. Argi ikusi genuen hainbat alorretan interneten agertutakoa zientifikotzat hartuko genuela askotan agertzen zena sasi informazioa bazen ere . Hau inportantea edozein kasutan, baina sexualitateari dagokionean areagotu behar genuke gure arreta. Argi ikusi genuen tresna honek, berriro ere, mahai gainean ipintzen zuela guztion zailtasunak lasaitasunez harremanak sortzeko eta garatzeko. Ez zuona, gazteena, denona baino. Argi ikusi genuen gizarteak gure kanpoko itxuran ipinitako presioa harremanak sortzea oztopatzen zituela. Presioak bultzatzen gintuzten behin baino gehiagotan geure burua saltzera modu ezkor baten eta harremanak lortu nahian bestei ez ginena erakustera. Argi ikusi genuen eta ikusten dugu harrezkero gauzak ez direla horrenbeste aldatu. Baina etekinak ateratzeko baliabidea izan zitekeela ikusten dugu baita ere. Urteak pasa izan dira eta internet askoren lanbiderako tresna bilakatuz aparte baita jolasteko eta disfrutatzeko tresna bihurtu izan da ere. Ahaztu gabe zein jende gutxik daukan interneten aukera bere etxeetan. Hainbat jendearentzako mundura ireki den leihoa izan da eta beste kulturetako jendea ezagutzeko modu gozagarri bat izan da. Hainbat kasutan ez da erabili izan, askotan pentsatu izan den moduan, neska edo mutil baten itxura aldatzeko eta norberaren burua eta beste inor engainatzeko benetako izaera adierazteko baino. Hainbat pertsonek, ezintasun fisiko batekin bizi direnak batez ere, bideratu izan dituzte euren harremanak eta aukera eman diete sarri bihurtu den mundu mugatutik ateratzeko, harresi gabeko mundu batera. Hainbat neskei eta mutilei aukera eman zaie idazmena lantzeko eta berba idatzien plazeraren eremuan murgiltzeko. Hau horrela izanda ere jende askoren buruan dabilen galdera izan da eta oraindik da, ea zenbaterainoko tresna honek aldatu dituen gure harremanak, gure moduak besteekin topo egiteko, neska eta mutil berriak ezagutzeko bideak, gure trebetasuna besteak erakartzeko, gure fantasiaren munduan galtzeko, gure lotsak kentzeko, gure burua mozorrotzeko, gure erakargarritasuna areagotzeko…egia esateko gero eta jende gehiagok erabiltzen du internet harreman berriak izateko edo garatzeko, eta nahiz eta internetek gauza asko aldatu funtsean betikoak gara. Momentu honetan bakarrik zuok, gazteagoak zaretenak, ausartzen zarete zuon sareko “abenturak” kontatzera (zaharragoak garenontzako askotan tabu antzekoa bihurtu izan da eta). Askotan dena den, zuotariko askori gertatzen zaizue ausardiak eta jakin-minak bideratzen dutela zuon sareko kontuak. Sarri, baliabide hau menperatu gabe edota tresna indartsu honi neurria hartu gabe prest zaudete itsasoan nabigatzeko, eta batzutan “naufragioren” bat edo beste bizi izan duzue. Badakigu zelako den bestearen aurrean jarri behar izatea gure bihotzak edota gorputzak daukana esateko…Bai, internetek erraztasun itzela ematen du bakoitzak azkenean nahi duena esateko, eta aldi berean misterioarekin jolasteko. Baina adi ibili askotan ia azkenean hori ez izango ote den modu bakarra eta seguruena harremanak bideratzeko... Egia da interneten sartu ezkero denetariko jendea ezagutzeko parada izango dugula, eta bakoitzak aurkezten duela bere burua nahi duen moduan eta askotan saiatzen bagara ere uste dut gero eta sailagoa izaten dela bestea engainatzea azkenean guk pentsatzen dugun baino gehiago esaten dugulako gutaz gezurretan bagabiltza ere. Danok dakigu zein zaila den askotan aurrez aurreko harremanak edukitzea,lantzea, sakontzea...Eta badakigu, internet bidez ezagutzea beste hori/horiek izugarrizkoa dela, errazagoa dela... baina errealitatearen abentura eta sentsazioak, aurrez aurre dagoenean... bestelakoak dira. Ez al gaude irrikitan “betiko erara” guk nahi dugunarekin egoteko ordenagailu aurrean baino? Sarean igeri egiteko espazio mugagabea daukagu. Horregatik inportantea da jakitea zer nahi dugun sartu baino lehenago, lagunengandik edo adituengandik informazioa jasotzea inportantea izaten da lasaiago nabigatzeko eta sareak gu ez harrapatzeko. Guk sarea maneiatzea eta ez alderantziz. Hau beste baliabide bat izan dadin baina bestearen begiradan zuon irribarrea ikustea ezin da pantailan imajinatu ezta marraztu ere ez!


 

Agurtzane Ormatza Imatz

2005, Uztaila 01
Arloa: Jo ta jo