Bikoteak eta adina

Agurtzane Ormatza Imatz

jo48.jpg

Aupa guztioi!! Zelan zabiltzate azken bolada honetan? Lanpetuta, mozorroak prestatzen edo jadanik gordetzen…? Gaurkoan, oso pil pilean dagoen gai batekin natorkizue. Gero eta gehiago azaltzen ari da, eta esanguratsuena da gurasoek zein irakasleek be galdetu izan didatela horri buruz,ez ikasleek soilik. Nagusiek kezkak edo jakin minak piztuta eta ikasleek euren esperientziak bultzatuta. Baina zein da ditxosozko gaia, pentsatuko duzue denok be. Antza denez gero eta neska gehiago daude eurak baino urte pare bat edo gazteagoak diren mutilekin irtetzen . Nagusiek harriduraz ikusten dute ohikoagoa izan delako betidanik mutila neska baino zaharragoa izatea. Euren iritzian kasu askotan moda kontua izan daiteke…. Gazteek, bikote mota honetan daudenak, aholkularitza saioetara datozenean bestelako kontuekin datoz baina. Batzuk kezkatuta daude oraindik ez daudelako prest neskalagunek gura dutena egiteko. Intimitatearen alorrean murgiltzeko bikotekidearen zein inguruaren presioa sentitzen dutela diote, batez ere mutilak direlako. Ikusten dugunez gauza batzuk kanpotik bai aldatu izan direla baina muinean beharbada gauza gehienak antzekoak dira. Zer esan gura dut honekin? Alde batetik bikote gazte berrien aniztasuna gero eta handiagoa da. Kultura, erlijio herrialde eta adin ezberdinetako gazteak gero eta gehiago topo egiten dute elkarrekin. Nahasketa gero eta handiagoa da. Gaurko kasuan, gero eta neska gehiago hasi dira eurak baino gazteagoak diren mutilekin ibiltzen eta bikoteak sortzen. Bikote gazteen gaineko irudia zabaltzen joan beharko dugu. Zer edo zer aldatzen badago. Beste alde batetik, bikoteen arteko gora beherak ez dira horrenbeste aldatu, nahiz eta kanpotik anitzagoak edo zabalagoak izan. Bikotea osatzen duten biek betiko lotsekin, desioekin eta beldurrekin egiten dute topo. Hori ez da aldatzen. Bikotekideen arteko adin diferentzia izatea oso ohikoa da. Gure inguruan ikusten dugun bikotekideen artean ia beti dago diferentzia. Gehienetan urte gutxi dira eta neska gazteagoa izaten da mutila baino. Baina hainbat eta hainbat kasuetan diferentzia nabarmenagoa izaten da eta gero eta sarriago agertzen dira kasuak non neska zaharragoa den mutila baino. Gaztaroan, gerorago horrela be gertatzen bada, adin desberdinaren kontuak bestelako diferentziak be badakartza. Sarri bikotekideen gogoak, baliabideak, beldurrak, lotsak…be desberdinak izaten direlako. Esango dudana beti be ez da horrela izaten, mutil eta neska bakoitza mundu bat delako. Azken finean denok gara desberdinak eta bakoitzak dauzka bere moduak bide desberdinak eraikitzeko. Suposatzen da nagusiagoa dena baliabide garatuagoak edukiko duela, pentsamoldeak helduagoak, lotsa eta beldurrak hobeto bideratuta edo sikiera hobeto kudeatuta, eta desioen aldetik jokabide gehiago lantzeko prest egongo dela, beraz bikotekidearekin sartzeko gorputzaren dantzetan gogo gehiago eta jarrera zabalagoak edukiko dituztela. Lehen esan dudan moduan hau ez zertan horrela izan behar eta kasu askotan guztiz alderantziz izaten delako, baina bikote askotan horrela da. Hau dela eta sarri lehenik eta behin nigana datozenak izaten dira bikote horietan gazteenak direnak. Gazteen kezka izaten da zelan esan bere neska edo mutil lagunari oraindik ez dagoela prest bikotekideak gura duen moduan “enroilatzeko”. Denbora gehiago behar duela, nagusiago denerako utzi gura dituela jokabide batzuk, oraindik ez duela nahi, ez dagoela ziur…Gehienetan gazteak bestearen erreakzioaren beldur izaten dira. Ea bikotekideak bera utziko ote duen , ea lagunak bera umea dela pentsatuko ote duen…Mutila denean gazteagoa dena beste kezka bat be agertzen da. Gizarte honetan ez da espero mutilak ezetz esatea desioa kontu bati. Hau da zabaltzen den ideia, mutilak beti prest daudela edozertarako, orduan mutilei ezetz esatea zaila egiten zaie. Eurek adierazten dute presio hori sentitzen dutela. Ez euren neskalagunarengandik soilik, baita koadrila eta lagunengandik ere. Gehienek oso gutxi egiten dute berba honi buruz, ez dakitelako norekin egin, barre egingo dietelakoan. Nagusiagoak direnak, sarri be etortzen dira. Batzuek ez dakielako zelan luzatu euren lagunei sentitzen dituzten desioak beldurtu gabe, ez dute presiorik jarri nahi baina gura diete esan zein den euren gogoa. Besteek, eta hau neska zaharragoa denean ikusten dut sarriago, kezkatuta datoz ez dutelako ikusten laguna gogotsu eurekiko eta arduratuta daude. Neska hauek pentsatzen hasita daude beharbada ez direla oso desiragarriak euren bikotekideentzako. Kasu hauetan askotan konturatu gabe gero eta presio gehiago ipintzen dute ulertezin horretan. Gero eta jarrera lizunagoak azaltzen dituzte ea “laguna “pizten duen. Sarri, arazoari emandako irtenbidea konturatu gabe arazoa loditu egiten du. Ikusten duzuen moduan askotan ez da izaten erreza bikote osatzea.Berdin da neska, bi, mutil bi edo neska eta mutila batzen diren. Gaur azaldutakoa edozein kasutan gerta lei eta. Bi batzen direnean bi mundu, bi era, bi jarrera… batzen dira, beraz logikoena izango da arazoak eta ulertezinak izatea. Denon erronka izango da bideratzea inportatzen zaigun harremana, dauzkagun beldurrekin, lotsekin, gogoekin…Beharbada besteari adieraztea zer dabilen dantzan gure barrenean, ez da erreza izango baina lagunarekin gura badugu zer edo zer eraiki…Zelan?? Ba momentua bilakatuz, lasaitasunez, lotsatuta, eskutitza baten bitartez, berbaz, posta elektronikoaz…azken finean norberaren sentimenduak azalduz. Bakoitzak bere erara. Pentsa ezazu mutil edo neska laguna zurekin badago zurekin gustura eta gura duelako izango dela. Beraz animo!! Besarkada handi bana,


 

 

Argazkiak: Lea Multimedia

Agurtzane Ormatza Imatz

2008, Otsaila 01
Arloa: Jo ta jo