Posturak
Aupa guztioi! Zelan zabiltzate? Oraingoan mozorroak kenduta eta Aste Santuko asteak gozatzeko prest! Batetik irten beste batean sartzeko moduan zaudete. Ai zortedunak zuok!. Aspaldian aholkularitza saioetan gai bat dabil pil-pilean. Erotikari lotuta dago eta batez ere amoranteen jokabideei. Asmatu duzue? Hainbat neska eta mutil nigana etorri izan dira posturei buruz berba egiteko. Batzuek morboak eraginda, beste batzuk jakin minak piztuta eta askok mutil edo neska lagunarekin gorputz kontuetan sartuta dabiltzalako. Denek jakin gurean. Gaur egun edozelako aldizkarietan sarri sexualitateari dagozkion gaiak agertzen dira. Han argazki argien bidez erakusten dira hainbat teknika, postura, modu eta estrategia bikotekidea edo laguna “ paradisura” eramateko eta bide batez geu be berarekin joateko. Ziurrenik aspalditik ikusita, ezta? Zuotariko batzuei balio zaizue zuon fantasien munduan galtzeko, bestei altxor baten moduan ikusitakoa gorde inoiz erabiltzeko eta hainbatek praktikan ipintzen saiatuko zineten. Fantasian munduan lagatzeak, hantxe gura duzuen moduan jolasteko aukera ematen du. Baina errealitatean aldizkarian agertutakoa praktikatzea beste kontu bat da. Jadanik konturatuko zineten, bestelako alorretan moduan, liburuetan agertzen dena eta bizitzan gertatzen dena ez doazela bat. Ez larritu ez bada gertatu zuok imajina duzuena, hori baita ohikoena. Gure ondarea aberasteko ez dago errezeta magikorik, ezta teknika zoragarririk ere ez, betiko modu tradizionalak baino: denbora, lasaitasuna,berba egitea, irudimena, gogoa, lagunarekiko eta norberarekiko konfiantza…. Beraz hasteko bakoitzak jakin beharko du benetan zer gura duen eta zer gura duen partekatu. Ez fantasietan jolasteko zuon errealitatean baino: Zer eta zelan gustatzen zait? Zer eta zelan gustatuko litzaidake? Zer ez zait gustatzen? Zelako lagunarekin? Zer ez nuke egingo?Zelako giroan? Zelan adierazi zer dudan gustuko eta zer ez? Gutxitan galdetzen diogu gure buruari gure benetako gurariei buruz. Batzuentzako ez da izaten erreza gogoen itsasoan sartzea. Itsaso horretan gure lotsekin eta beldurrekin egingo dugulako topo. Zer gertatuko da ez bada nire gustukoa? Zelan esango diot ezetz behin hasita?Eta berari ez badiot plazerik ematen? Nire tripa ikusterakoan barre egingo du, seguru.. Biluzteak artega ipintzen nau. Eta asko gustatzen bazait modu berezi hori, emagaldua izango naiz? Hainbat burutazio, sentipen eta zalantza. Denak ezinbestekoak gure bidearen oinarriak sendotzeko. Beldurrek eta lotsek asko irakatsiko digute. Alde batetik gure izaeraren parte direla eta bestetik oraindik zer edo zer jorratu behar dugula bide batzuk egiteko. Aurrekoarekin bat egin behar duena gure bidea samurtzeko umorea da. Gure lagunarekin olgetan gaudenean umorea bidaidea izan behar dugu. Bion artean intimitatean eraikitako txokoa gozatzeko da.Ez da lehiaketa bat ezta azterketa bat ere ez. Ezin da dena jakin behar ezta komeni ere ez..Eta horretarako umorea da gure lagunik hoberena, berak lagunduko gaituztelako denetariko egoerak bideratzen, okerra gustura hartzen eta beste baterako gogoa ez galtzen. Lagunari adierazi beharko diot gura dudana eta ez dudana gura. Eta zelan? gorputzaren bidez(keinuak, besoak, ahoak, eskuak, begiradak…), idatziz (oharrak utzi motxilan, sms bat bialdu…), berbaz( telefonoz berbetan zaudetenean, ikastolatik irteten zaudetenean,pelikula bat ikusten zaudetenean…). Bakoitzak bilaka dezala bere modua edota moduak barrenak askatzeko. Baina batez ere ez ahaztu ez dagoela postura edo modu egokirik zuok bilakatzen duzuena baino. Neska eta mutil bakoitza mundu bat da eta bikote bakoitza baita ere bai, beraz norberari ondo datorkiona ez da zertan izan behar egokia beste batentzako. Batzuei gustatzen zaie, titiak edo bularra ukitzea laguna atzean dagoela, bestei alua aluaren kontra igurtzea, bestei hankak lagunaren lepoan ipintzea, askori gorputz osoa bata bestearen kontra marruskatzea, pentsatzen dugun baino gehiagori behatzak jatea, perineoa xurrupatzea, klitoria igurtzea kuleroak ipinita... Ez dago molderik, erotikak ez du patroirik. Janariarekin moduan, zergatik batzuei gustatzen zaie pasta eta beste batzuei arroza? Zein da hoberena? Erotikan ere, gure desioak ematen digun bidea baino ez dago.
Argazkiak: Lea Multimedia